Aljeriako presidente Buteflika ez da aurkeztuko apirileko bozetara

Apirileko hauteskundeak atzeratu ditu, eta erreferendum bat egingo dute konstituzioa berritzeko. Lehen ministroak dimisioa eman du

Ehunka herritarrek ospatu dute presidentearen erabakia Aljerren, Aljeriako hiriburuan. MOHAMED MESARA / EFE.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Aljeriako presidente Abdelaziz Buteflikak adierazi du ez dela aurkeztuko hurrengo presidentetzarako hauteskundeetara. Horretaz gain, apirilaren 18rako deituta zeuden hauteskundeak atzeratu ditu, eta konferentzia nazional «independente eta inklusibo» batera deitu du. Orain arte lehen ministro izandako Ahmed Ouyahiak dimisioa aurkeztu du, hango telebista kateek jakinarazi dutenaren arabera. Gainera, Buteflikak esan du konstituzioa berritzeko erreferenduma egingo dutela Aljerian. Azken asteetako protesta «gogorren» ostean eman du berria presidenteak, eta «pozik» hartu dute herritarrek.

Atzo amaitu zen Aljeriako presidentearen 20 urteko agintea. Martxoaren 3an jakinarazi zuen apirileko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zela, eta, bozak irabaztekotan, urtebete barru dimisioa aurkeztuko lukeela. Horretaz gain, adierazi zuen konstituzioa berritzeko erreferendum bat egingo lukeela herrialdean. Halere, aurkeztutako bi baldintza horiek ez zituzten baretu Aljeriako herritarren protestak. Herritarrek «trikimailutzat» hartu zituzten eskaintzak, eta oposizioko alderdiek ere ez zuten begi onez ikusi Buteflikak aurkeztutako hautagaitza: iritzi zuten Buteflika ez zela gai herrialdearen liderra izaten jarraitzeko.

Aljeriako ehunka epaile batu ziren atzo kaleetako protestetara, eta esan zuten batzorde bat sortuko zutela herrialdeko sistema politikoa aldatzeko. Epaileak ez ezik, oposizioko sei alderditako diputatuak ere parlamentutik irten ziren Buteflikaren hautagaitza salatzeko, eta bat egin zuten kaleko protestekin.

Gazteek abiatu zituzten herrialdean orain arte izan diren protestarik «indartsuenak», baina azken egunetan jende andana bildu da antolatutako mobilizazioetan.

Denbora «gehiegi» karguan

Buteflikak 82 urte ditu, eta gaixo dago 2013az geroztik—buruko isuri baten ondorioz—. Azken bi asteetan, Suitzako ospitale batean egon da, «ohiko zaintzak» jasotzen; halaber, gobernuak ez du azaldu nola dagoen presidentea osasunez. Izan ere, Buteflika ez da jendaurrean agertu 2012ko maiatzean egin zuen agerraldiaz geroztik, eta 2014ko hauteskundeen kanpainan ere ez zuen hitzaldirik eman. Aljeriako gazte askok diote ez dakitela nor den ere.

Azken asteetan, herritarrek salatu dute denbora «gehiegi» eman duela Buteflikak presidente karguan, eta herrialdeak aldaketa baten beharra duela diote. Nabarmendu dute ez dela gai izan aljeriarren arazoak konpontzeko, eta, horien artean, gazteen arazoak, batik bat: kalean egindako mobilizazioetan salatu dituzte pobrezia, migrazioa eta itxaropen falta. Gainera, gogor kritikatu dute presidenteak herrialdearen arazo ekonomikoen aurrean izan duen jarrera: petrolioaren jaitsierak ondorio larriak eragin ditu herrialdearen ekonomian.

1999an izendatu zuten Buteflika Aljeriako presidente, 63 urte zituela, eta 2004ko hauteskundeetan bigarren aldiz irabazi zituen bozak. Lau urte geroago, konstituzioa aldatu zuen, hirugarrenez presidentetzarako hautagai izan ahal izateko. Apirileko hauteskundeak irabazi izan balitu, 2023. urtera arte egongo zatekeen agintean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.