Akordiorik lortu ez, eta aste osoko grebari eutsi diote Bizkaiko metalean

Alde biek elkarri leporatu diote ituna lortzeko 22. bileran akordiorik ez lortzea. Irailaren 21ean sindikatuek manifestazioa egingo dute Bilbon

Bizkaiko metaleko sindikatuen ordezkariak, atzo, Bilbon egin zuten agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako gatazkak udako etenaren aurreko egoera berean jarraitzen du: ez atzera eta ez aurrera. Sindikatu eta patronala 22. aldiz eseri ziren mahaiaren bueltan atzo, eta akordiorik gabe altxatu ziren. FVEMek sindikatuei leporatu zien euren jarreran aurrerapausorik ez egitea; ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, ESK-k, CGTk, USOk eta CNTk, berriz, maiatzean egin zituzten proposameneko punturik garrantzitsuei buruz ez eztabaidatzea patronalari. Alegia, akordiorik ezaren errua elkarri aurpegiratu diotela alde biek. Gauzak horrela, sindikatuek mobilizazio agendari eutsiko diote, eta sektoreko itun «duin bat» lortzeko irailaren 30etik urriaren 4ra arte deitua zuten greba berretsi dute.

Ez dirudi, beraz, gatazka berehalakoan konponduko denik. Dena den, sindikatuek onartu zuten atzo FVEMek uda aurreko jarrera apur bat aldatu duela. Azken bileran %4,15eko igoera proposatzen baitzuen patronalak, eta, horrez gain, itunetik gorago dauden soldatak bermatzeko bermea ere eskaini zien. Edozein modutan, sindikatuek eskatzen dituzten puntu batzuei ez ziela erantzun aurpegiratu zioten: subrogatzeari, behin-behinekotasunari, eta aldi baterako lanpostuen inguruko proposamenik ez zuen proposatu FVEMek.

Zortzi sindikatuek egin zuten agerraldi bateratuan, bestalde, lan osasunaren eta berdintasunaren inguruan patronalak aurkeztu zien txostena ere kritikatu zuten. Bi arlo horiei buruzko txosten bana aurkeztu zien patronalak, baina «azalekoak» zirela uste dute, eta ez dutela proposamenikjartzen mahai gainean. «Arlo horretan jarduteko asmo oneko adierazpen sorta bat besterik ez dira txosten horiek».

Sindikatuek agerraldia egin aurretik eman zuen iritzia FVEMek,ohar baten bidez. Bileraren porrota mahaiaren beste aldeari egotzi zion patronalak, haren ustez, langileen ordezkariek ez dutelako euren jarrera aldatu maiatzean plataforma bateratu bat osatu zutenetik. Mahai negoziatzailean dauden lau sindikatu nagusiek osatu zuten plataforma hori —ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk—, baina, ondoren, gainerako laurak batu dira hitzarmenaren aldeko borrokara. Patronalak jarrera malgutzeko eskatu zien, era horretan «denentzako itun duin bat adosteko». Hilaren 18an dute hurrengo bilera.

Mobilizazio gehiago

Irailaren amaieran aste osoko lanuztea egingo dute Bizkaiko metaleko zortzi sindikatuek, baina aurrez ekainean eta uztailean beste bost egunez egin zuten greba. Deitzaileen arabera erantzun handia izan zuen, eta Bilbon manifestazio jendetsuak egin zituzten.

Udako etenaren aurreko grebetan Haizea Wind enpresak egin zuen «jazarpen sindikala» salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur sindikatuek, Bilboko Portuaren sarreran. Irailaren 21ean, berriz, Bilbon manifestazio bat egingo dute Euskadi plazatik Arriagaraino, sektoreko gatazka sozializatzeko asmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.