Laminaciones Arreguin lanuzteak hasi dituzte kaleratzeen kontra

Celsa Atlanticek bukatutzat eman ditu alternatibak topatzeko bilerak. Beharginek eskatu diote Arabako lantegien alde egiteko

Celsa Atlanticeko beharginak atzo hasi ziren mobilizazioekin. BERRIA.
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Beste behin. Laminaciones Arreguiko langileek, berriz ere, mobilizazioak egin beharrean ikusi dituzte euren buruak. Abenduan jakin zuten enpresak (gaur egun Celsa Atlantic) 117 langileko taldean %10eko murrizketa egiteko asmoa zuela. Horren aurretik, eraikuntzarako tutuak egiten dituen Celsa Atlanticek behargin bat kaleratu zuen, absentismoa argudiatu eta lan erreformak ahalbidetutako kaleratze formula erabilita.

Abenduan bertan, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin, enpresaren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek negoziazioak hasi zituzten, hamar bat kaleratze horiei alternatibak topatzeko helburuarekin. Zenbait beharginei Celsa taldearen Bokaleko (Lapurdi) lantegian tokia eskaintzeko aukera aipatu zen orduan, baina LAB jada kontra agertu zen, besteak beste, langileriaren adinarengatik.

Baina enpresak negoziazio horiek bukatutzat eman dituela jakinarazi du Celsa Atlanticeko langile batzordeak. Haiek zalantzan jarri dute enpresak negoziatzeko borondatea duen egiaz: besteak beste, lekualdatu nahi dituen langileei ez dielako bermerik eskaini; «arrazoi ulertezinekin» aukera ukatu dielako lantegiz aldatzeko prest zeuden bi langileri; eta adinean nagusi diren langileei ez zaielako «planteamendu zehatzik egin».

Kezkatuta, lantaldearen etengabeko murrizketek luze gabe Gasteizko eta Urbinako lantegien itxiera programatu bat ekar dezakeen beldur dira langileak. Horregatik, «enplegua mantentzeko formulen negoziazioa», eta Arabako lantegien aldeko apustua egiteko eskatu diote Celsa Atlantic-i.

Eta mobilizazioei ekin diete, batzarrean hala erabakita. Atzotik, lanuzte partzialak egiten ari dira. Gaur ere, euren jarduna bi orduz geldituko dute txanda bakoitzean, eta, datorren astelehenetik ostiralera, ordubeteko etenak egingo dituzte txanda guztietan.

2012an bezala

Lanuzte, greba eta mobilizazioei buruz badakite Celsa Atlanticeko langileek. 2012. urtean enpresakerregulazio txostena aurkeztu zuen Gasteizko eta Urbinako lantegiak itxi eta 178 langile kaleratzeko. Auzitegiek baliogabetu zuten txosten hori, eta enpresa behartu zuten langileak atzera hartzera. Baina, bitartean, hainbat greba eta mobilizazio egin zituzten, lan gatazka gogorrean.

ArcelorMittalen galerak

Nahiko agerikoa da altzairuaren sektorea pattalaldian dagoela, eta horren erakusgarri dira ArcelorMittalen iazko emaitzak ere: 2019an, taldeak 2.230 milioi euroren galerak izan ditu; aurreko urtean, 2018an, 4.533 milioi euro irabazi zituen.

Hala ere, 2020. urte honetan emaitza hobeagoak espero ditu alor horretako erraldoiak, zeinak bost lantegi dituen Euskal Herrian (Bergaran, Etxebarrin,Olaberrian, Sestaon eta Zumarragan). ArcelorMittalen ustez,altzairuaren eskaria «egonkortzen» ari da, eta eskabideen igoera eta merkatuaren hobekuntzaantzematen ari dira Europan, AEBetan eta Brasilen, inbentario txikien eta gorantz doazen prezioei esker. Iazko azken hiruhilekoan, jada, analistek espero baino emaitza hobeak izan zituen ArcelorMittalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.