Justiziak dio legezkoa dela kaferako eta erretzeko denbora lanalditik kentzea

Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoi eman dio Galp enpresari. Gorenak izango du azken hitza, CCOOk helegitea jartzea espero baita

Galp enpresan lanalditik kentzen ari dira kaferako tartea. BERRIA.
Irune Lasa - Xabier Martin
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Hizpide aproposa izan daiteke lankide arteko kafe eta zigarretetarako Espainiako Auzitegi Nazionalak eman berri duena: arrazoia eman dio Galp Energia enpresari, legezko iritzi baitio langileei fitxaraztea kaferako eta erretzeko hartzen dituzten tarteengatik. Lanaldiaren derrigorrezko erregistroa ezarri zenean, Madrilgo Galp Energiak mezu elektroniko bidez jakinarazi zien langileei fitxatu egin behar zutela kafe bat hartu edo zigarreta bat erretzeko jarduna hartzen zuten aldiro, eta tarte horiek lanalditik kanpokotzat jotzen zituela.

Hori ikusita, CCOO sindikatuak auzitara jo zuen enpresaren erabakia indargabetu zezan. Argudiatu zuen tarte horiek lanaldiaren parte zirela, «langileen onurarako» jada eskuratutako eskubideak ziren heinean, eta enpresak, alde bakarrez, langileen lan baldintzak okertzen zituen aldaketa bat egin zuela. Baina, Auzitegi Nazionalaren arabera, Galp Energiaren kasuan, erregistro berriarekin enpresak egindako moldaketa horiek ez dira «lan baldintzen funtsezko aldaketa bat», eta, beraz, ez dira zertan negoziatu langileen ordezkariekin.

Lanaldiaren erregistroa

Ebazpen horrek hautsak harrotu zituen atzo Espainiako sindikatuen artean, enpresetan oso erroturik baitaude kaferako eta zigarretarako tarte horiek. Gainera, Espainiako Gobernuak lanaldiaren erregistroa egiteko derrigortasuna ezarri zuenean, enpresek pagatzen ez dituzten ordu estrei muga jartzeko ezarri zuen. Galpek, nolabait, lege berri horri aurre egiteko neurria hartu zuen, eta aditu asko dira aurreratu dutenak legearen helburuen eta arimaren aurkakoa dela lehen lanaldiaren barruan uzten zituen tarte horiek orain lanalditik kanpo uztea.

Alabaina, tarte horiek negoziatu beharreko aldaketak izateko, epaiaren arabera, baldintza horiek aurretik existitu beharko lirateke langilearen kontratuan, enpresaren hitzarmenean edo aurretik enpresak hartutako aldebakarreko erabaki batean; Galp Energiaren kasuan ez dago halakorik. Ez da frogatu argi, gainera, erregistroaren aurretik enpresak kaferako eta erretzeko tarteak lanaldiaren barneko gisa ulertzen zituenik, eta, ondorioz, tarte horiek ez dituaitortzen eskuratutako eskubide gisa.

Dena den, pentsatzekoa da kafearen tartearenaauzi luzeagoa izango dela. CCOOk helegitea jartzeko aukera dauka, eta, itxura guztien arabera, horrelaxe egingo du. Beraz, azken hitza Espainiako Auzitegi Gorenak izango du auzi horretan. Hark jurisprudentzia ezar dezake lan itunetan gaia argi islatzen ez dutenen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.