Agoizko Gamesa ez ixteko eskatu dute sindikatuek lehen bileran

Planta lehiakorra izan daitekeela esan dio langile batzordeak enpresari. Jabeek ez dute jarrera aldatu. 239 langileek greba hasi dute

Siemens Gamesak Agoitzen duen fabrikako langile bat. Energia eoliko errotentzako palak egiten dituzte. IÑAKI PORTO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa bideragarria dela esan zion atzo langile batzordeak enpresako zuzendaritzari. Bi aldeek lehen bilera egin zuten, lantegiaren itxiera ekarriko lukeen espedientearen baldintzak negoziatzeko, eta sindikatuek atzera egiteko eskatu zieten multinazional eolikoko buruei. «Ez dugu beste planteamendurik», nabarmendu zuten. Haien ustez, fabrika «lehiakorra» izan daiteke, eta itxieraren arrazoi bakarra ekoizpena lekualdatzea da, soldatak txikiagoak diren herrialdeetara.

Gamesako 239 langileek grebari ekin zioten atzo, enpresarekin egin beharreko negoziaketak hastearekin bat. Urduritasun handiko hilabetea datorkie, hori baita negoziazio epea. Horrelako prozesuen lehen bilerak formalismoak eta egutegiak zehazteko izaten dira. Dena den, enpresaren aldetik ez zen berritasunik egon, eta ixteko asmoari eusten dio. Haren argudioak itxieraren berri eman zueneko berak dira: planta ez dela errentagarria, itsas portu gertuenetik urrun dagoela eta Agoitzen ekiten diren palek —132 metrokoak— ez dutela etorkizunik.

Langile batzordean, hala ere, ez daude ados. Sindikatu guztiakbat eginda negoziatzen ari dira—ELAk sei ordezkari ditu;LABek lau, UGTk bi eta CCOOk bakarra—, eta denek dute garbi ez dagoela ixteko arrazoi objektiborik. «Deslokalizazio kasu garbi bat da hau. Portugalera badoaz, han eskulana merkeagoa delako da», salatu zuen Baltasar Garcia UGT sindikatuko ordezkariak. Puy Remirez ELA sindikatuko industriako arduradunak antzeko argudioak plazaratu zituen. «Hemen egiten diren palek badute merkatua, zerbaitegatik jarraituko dute horiek ekoizten Tangerren [Maroko]».

Sindikatuek enpresa politikari egozten diote erabakia; «are gehiago, kontuan izanda duela lau egun langileei esan zietela2021era arteko lan karga zegoela», azaldu zuen Garciak. Haren ustez, langileek «erakunde publikoek nahi dutena» lortuko dute: «Galdera hurrengoa da, zer egingo du Nafarroakoa Gobernuak hau eragozteko, minduta eta harritua dagoela esateaz gain? Gamesak nahi duena argi dago, lau euro ordaindu eta denak etxera joatea».

Erakunde publikoen inplikazioa eskatu zuten, baina Remirezek gogoratu zuen Gamesak diru laguntzak jaso zituela Agoitzen egoteagatik, eta horregatik argi dutela itxiera espedientea «atzera botatzea» dela euren eskaintza bakarra: «Ez dago ixteko legezko arrazoirik». Hilaren 16an izango dute negoziazio egutegiko bigarren bilera, eta, bezperan, Maria Txibite Nafarroako presidentearekin bilduko dira. Aurretik, zenbait alderdi politikotako ordezkariekin ere egongo dira, baita Nafarroako arartekoarekin ere.

Enpresak arrazoi teknikoak eman ditu itxiera arrazoitzeko, baina sindikatuek ere badituzte beraienak. «Fabrika duela gutxi ireki zuten, 11 urte baino ez, eta energia berriztagarrien moduko sektore estrategiko bat bultzatzeko asmoz», argudiatu zuen ELAko ordezkariak. Sindikatuek ez dute ulertzen mota horretako azpiegitura moderno batek nola galdu duen bere eraginkortasuna hain epe motzean. «Inbertsio bat eginez gero, fabrika hau egokitu daiteke pala handiagoak egiteko. Tokia badago».

Langile batzordea enpresari laguntzeko prest dago, baina gogoratu zuen 2019an bikoiztu egin zituela langile kopurua eta ekoitzitako pala kopurua. Ia 400 langileere izan zituen, eta iragan astean kontratua bukatu zitzaien behin-behinean zeuden hirurogei langileei. Langile batzordeko kideen kopurua zazpitik hamahirura igaro zen.

Manifestaziora etzi

Gamesako langileek ez dute gora begira gelditzeko asmorik, eta mobilizazioak antolatu dituzte Iruñean. Atzo, autoen karabana bat egin zuten erdiko kaleetatik, eta manifestazioa antolatu dute etziko. 18:00etan hasi, eta autobus geltoki zaharretik irtengo da. «Hiritar guztiek agertu beharko lukete, ez baita fabrika bakar bat, baizik eta atzean duen esanahia. Siemens sartu zenetik, Gamesa apurka joaten ari da Nafarroatik, eta gizarteak horren berri izan behar du», nabarmendu zuen Garciak. Izan ere, presio soziala erabakigarria izan daitekeela uste du: «Negoziazioa oso gogorra izango da, eta litekeena da legezko epe guztiak agortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.