elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Apirilekoak

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Aurtengo udaberriko soinu-bandatzat Thierry Biscaryren Muda diskoa daukat. «Azal geruza bat falta zaiola dio berak./ Kale bazterren batean utziko zuen azala/ kamiseta zaharrak uzten diren lez/ korapilo eginda». Leire Bilbaoren hitzek diotena bete nahiko nuke: kamiseta listuaren gisara neguko azal zaharkitua erantzi eta zaborretara bota; eta azpitik atera dadila eguzkiak onduko duen azal geruza berria. Ez da kapritxo hutsa, beharra da, urtebete gogaikarriaren ondoren.

Biscaryk bere gorputzarekin irudikatzen du mudaren prozesua, urratutako jantziaren albotik, bizkarrean, kimu berriak sortzen zaizkiola; hori diskoaren azalean eta kontrazalean. Izan ere, zeharo organikoa da Muda, begetala zehazki; sahatsaren usaina besterik ez zaio falta. Eta bere hitzez gain beste hainbatenak ere erabili arren —Itxaro Borda, Xabier Euzkitze, Jon Maia, Uxue Alberdi, Jon Benito— lortzen du kantariak poema guztiak oso bere egitea, eraberritutako bals, tango eta halakoen konpasetan.

Bestelako musikarekin datoz hurrengo irudiak. 1939ko apirilaren 9a, Aberri Eguna, Donibane Lohizuneko Luis XIV plaza; han, barrenean, Café Madrid-en toldoa ageri dela —historiaren ironia—, sokadantza plazaren erdian; Telesforo Monzon buruan, atzerago Jesus Mari Leizaola doa, eta Jaurlaritzako beste kide batzuk. Hurrengo argazkietan emakumezkoak ere sartu dira sokan, baina haien izenik ez dakigu. Zortzi egun lehenago Francok 36ko gerra bukatutzat eman eta Día de la Victoria izendaturik zuen apirilaren lehena. «Duintasunaren aurreskua» deitu diote Dantzan buletinean argazki sailean jasota dagoen ekitaldiari. Dotore ikusten dira aurreskuan ari direnak eta haiei begira daudenak; lehen ilaretan umeak, igandeko jantziz, kapela eta guzti. Nolanahi ere, ze barrurekin irten ote ziren plazara galtzaile haiek? Laurogeita bi urte geroago ere hotzikara eragiten du pentsatze hutsak.

Bidasoaren beste aldean aurresku doinuaren ordez, izatekotan, turuta militarrak entzungo ziren 1939ko igande hartan. Aurreko artikuluan (Kuartelak eta kartzela, 2021-03-18) hanka sartu nuen. Loiolako kuartelak arrasto literariorik ez daukala esan nuen. Ba irakurle lagun batek ohartarazi didan bezala, Loiolako kuartelak badu bere tokialiteraturan, eta ez nolanahikoa: Antonio Muñoz Molinak Ardor guerrero (1995) liburuan Gasteizko kanpamentuan eta Loiolako kuarteletan, 1979-1980 urteetan,pasatako soldaduskaren kontakizun biografikoa egiten du. Badaude aurrekoan aipatutako abentura merke generoko pasarteak, tabernetan propio soldaduentzako prestatzen zutenurtain platera eta abar. Horien gainetik, ordea, militarren altxamendutik lerro zuzenean zetorren erregimena kuarteletan nola gauzatzen zen azaltzen du zehatz-mehatz idazle andaluziarrak. Disekzio aparta egiten du, deskribatuz zer-nolako mekanismoak zeuzkan indarrean sistemak kintoak deuseztatu, aberetu eta botarekin zanpatuta edukitzeko. Lagin bat: «Esaten ziguten krudelak izan behar genuela bizirauteko, baina askotan bizirautea aitzakia edo koartada besterik ez zen krudelkeriarako; goitik behera, orokorki eta sistematikoki erabiltzen zen ankerkeria».

Krudelkeria horrek kanpora ere gainezka egiten zuen. Gau batean Muñoz Molinak berak ikusi zuen nola kabo txuskero batek atera zituen ohetik sarjentu malapartatu baten sokako soldadu batzuk; kaleko jantziekin eta kuartelaren atzeko atetik irten omen ziren; auto zibilak zituzten zain. Hurrengo egun batean albistea Diario Vasco-n: herri bateko festetan jendeak aurre egin ziela BVEko probokatzaileei, eta pistola kendu ziotela haietako bati, besoan hozka eginda. Egun pare batera, sarjentua besoa ubelduta eta pistola-zorroa hutsik azaldu omen zen kuartelean. Gerora Basta Ya!-ren inguruan ibili zen idazleak ematen du testigantza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.