FLNC indarkeriara itzuli da: bere gain hartu du atentatu saiakera bat

Korsikako talde armatuak bete egin du irail hasieran Parisi egindako mehatxua. Simeonik hainbatetan ohartarazi zuen aukera horretaz

FLNCko militanteak, irailaren hasieran egindako prentsaurrekoaren bideoan. BERRIA.
ander perez zala
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea Mediterraneoko uharteko eguneroko politikora itzuli da, eta bete egin du irail hasieran Frantziako Estatuari eginiko mehatxua: indarkeriara itzultzearena. Hala, talde armatuak bere gain hartu zuen, herenegun, Korsika hego-mendebaldeko Capo di Fenoko atentatu saiakera, lau bungalowren kontrakoa; duela hiru bat aste egin zuten, eta poliziek indargabetu egin zituzten lehergailuak.

Joan den irailaren 2an, FLNCk Korsikako Asanblearako bozen balorazioa egin zuen, eta mezu argia helarazi: bakearen bideak «huts egin» duela, eta mugimendu nazionalista boterean egoteak ez duela «ezer aldatuko». Hauteskunde horietan, zerrenda autonomistek eta independentistek botoen %68 bildu zituzten denera —bigarren itzulian—, eta Gilles Simeoni berriz aukeratu zuten uharteko gobernuburu.

Prentsaurreko horretan, FLNCko bi adarrek —Borrokalarien Batasuna eta Urriak 22— komunikatu bateratu bat aurkeztu zuten, eta Simeonirentzako kritikak ere izan zituzten: klan politiko berri bat sortzea egozten diote, eta «Nazio Askapenerako Borrokaren anbizioak sakrifikatzea» bozetako garaipenaren truke.

Hain justu, talde armatuak bere gain hartu duen eraso saiakera agerraldi horren aurretik egin zuten, eta ez dago argi zergatik ez zuten horren berri eman adierazpenean; ezta atentatu bakarra izango den ere, ala gehiago egingo dituzten datozen hilabeteetan.

Aldarrikapen horren berri emateko herenegun argitara ateratako komunikatuan, FLNCk «espekulazioaren» kontrako mezu argia helarazi du, eta kritikatu egin du Korsikako gazteek ezin dutela «bizitzeko eta ustiatzeko» lurrik aurkitu.

2014an Simeoni Bastiako auzapez hautatu zutenetik, gora baizik ez du egin Korsikako mugimendu nazionalistak, eta arrakasta besterik ez du ezagutu boz bakoitzean, nahiz eta bidean desadostasunak gero eta agerikoagoak bilakatu diren autonomisten eta independentisten artean.

Armagabetzea, eta bozak

Halere, sektore guztiek argi dute orain arteko garaipenak oso garrantzitsuak izan direla, eta FLNCk bide eman ziola joera horri, 2014an armak utzi zituenean.

Hala, 2015eko Korsikako hauteskundeetan irauli zuten paisaia politikoa lehenengoz nazionalistek: urte hartako abenduaren 13an, eta XVIII. mendeaz geroztik aurrenekoz, nazionalistaz osaturiko gobernu bat jarri zen boterean Mediterraneoko uharte horretan, bozen bigarren itzulian autonomistek eta independentistek aliantza bat eginda. Simeoni hautatu zuten presidente, eta Jean-Guy Talamoni legebiltzarreko presidente.

Harrez geroztik, nazionalistek lautik hiru diputatu lortu zituzten Frantziako Asanblea Nazionaleko hauteskundeetan, 2017an; sei hilabete geroago, lurralde kolektibitate berriko legebiltzarra hautatzeko bozetan, lehen aldiz gehiengo osoa lortu zuten, eta, iaz, senatari bat.

Epe horretan, Korsikako gobernuburuak hainbatetan errepikatu du FLNC indarkeriara itzultzeko aukera egiazkoa zela, Frantziako Gobernuak ezezkoa ematen dielako mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoei: uharteentzako autonomia estatusa; korsikera koofiziala izatea; «preso politikoen» amnistia —edo gutxienez hurbiltzea—; eta egoiliar estatusa finkatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.