Brasilen presaren apurtzean hil direnen kopurua 60ra igo dute

Suhiltzaileek 192 pertsona aurkitu dituzte bizirik, eta 292k desagertuta jarraitzen dute: «Inor gehiago bizirik aurkitzeko aukera txikia da»

Suhiltzaile batzuk, biktimen gorpuak ateratzen, atzo, Brumadinhon. ANTONIO LACERDA / EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Brasilgo suhiltzaileek berriz ekin zieten atzo erreskate lanei, Brumadinhon, oraindik desagertuta daudenak aurkitzeko asmoz. Hego-ekialdeko Minas Gerais estatuan meatze hondakinen presa baten dikea apurtu, eta hamabi milioi metro kubo ur zikin eta burdin hondakin isuri ziren iragan ostiralean, lokatzez eta hondakin mineralez osatutako itsaso gorri bat sortuz. Oraingoz, agintariek 60ra igo dute presa apurtzearen ondorioz hildakoen kopurua, eta suhiltzaileek atzo jakinarazi zuten 292 lagunek desagertuta jarraitzen dutela. Ordea, itxaropen gutxi dute: «Inor gehiago bizirik aurkitzeko aukera txikia da».

Hildakoen kopuruak gora egingo duela gaineratu zuten atzo suhiltzaileek, igande gauean lokatzaren artean autobus bat aurkitu baitzuten; azaldu zuten barruan hainbat gorpu daudela, baina oraindik ez zirela gai izan horiek ateratzeko. Atzodanik 130 militar israeldarren laguntza dute.

Erreskate lanak bertan behera utzi behar izan zituzten herenegun, ohartu baitziren inguruan dagoen beste presa bat ere hausteko arriskua zegoela; horren ondorioz, 24.000 lagun ebakuatu behar izan zituzten. Haserrea nabaria da herritarren artean, duela lau urte antzeko ezbehar bat gertatu baitzen: 2015eko azaroan, Samarco presak 34 milioi kubo hondakin mineral isuri zituen, eta lokatz isuriak 663 kilometro zeharkatu zituen, eta 39 udalerri harrapatu. Hemeretzi lagun hil ziren orduan. Duela lau urte hautsitakoa eta ostiralean hautsitakoa enpresa berarenak dira: munduko burdin ekoizle handiena den Valerena.

Isurketak Kaltetutako Mugimenduak joan den asteburuan jakinarazi zuen azken hiru urteetan hainbat salaketa jarri zituztela presaren egoeraz ohartarazteko eta hala ere enpresak presa handitzeko baimena jaso zuela abenduan. Orain, Vale enpresa zigortzea erabaki dute agintariek, bi isun ezarrita: lehena Ingurumenaren Institutu Brasildarrak jarri dio, 59 milioi eurokoa, eta bigarrena Minas Geiraseko Gobernuak, 23,3 milioikoa. Ostiralaz geroztik, gainera, justiziak 2.553 milioi euro blokeatu dizkio enpresari.

Ikerketarako taldea

Gertaturikoa ikertzeko lehen pausoak eman ditu Brasilgo Gobernuak. Raquel Dodge fiskal orokorrak atzo jakinarazi zuenez, Ministerio Publikoak osatu du kalteak aztertuko dituen eta erantzukizunak zehaztuko dituen taldea; adierazi zuenez, litekeena da Vale enpresaren buruzagiak gertaturikoaren erruduntzat hartzea.

«Hasteko, familien kalte-ordainez arduratu behar dugu. Familiak oso kezkatuta daude. Beharrezkoa da haien senideak non dauden jakitea. Askok, gainera, lana galdu dute», esan zuen Dodgek prentsaurrekoan.

Auzi horiek gaur egingo duten bilera batean eztabaidatuko dituzte, Auzitegi Gorenean, lehentasunak finkatzearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.