Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Memoria galdua

2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Joan den mendean, telefonoek leku propio bat izaten zuten etxeetan. Geurean, egongelako bazter baten zegoen mahaitxoa zen leku hura. Kablearen kiribilak maiz apurtzen genituen, telefonoa mugitzerik ez zegoenez, zerri-buztana teinkatuz ateratzen baikinen korridorera intimitatearen bila. Telefonoa jartzeko mahai horretan, aitona-amonen argazkia zegoen. Kolore okreek aspaldikoa zela salatzen zuten, erretratuak egitea lanbide bat zen garaikoa, hain justu. Aitona zutik, amona bere ondoan jesarrita eta eskuak magalean, keinu lehorrez, serio demonio. Etxekoek asko maite zuten argazki hori, baina ni ikaratu egiten ninduen. Joandako garai bateko lekukoa zela esaten zuen amak, argazki alaiago bat jartzea eskatzen nuen bakoitzean. Argazkiak hantxe jarraitzen du, egongelako izkinan, orain wifiaren aparatuari eusten dion mahaitxoan.

MySpace sare sozialak bere zerbitzarietan zituen 50 milioi abesti eta argazki galdu egin dituela iragarri du enpresak, ohar batez: egun batetik bestera, desagertu dira. Kitto. 2003 eta 2015 artean erabiltzaileok bertara igotakoak ziren guztiak. Bestela esanda, sare sozialak biltegiratzen zituen, baina ez ziren bereak, stricto sensu.

Sare sozialen aurrehistoriako asaben artean, MySpacek ospe handia izan zuen Estatu Batuetako nerabeen artean. Lagun-sareak aterpetzen zituen, blogak, argazkiak, bideoak, musika eta erabiltzaileen arteko mezu-trukaketako zerbitzuak. Musika taldeentzat profil bereziak sortu zituen, komunitateari, publizitatearen truke, leku propioa eskainiz. Gerora ospetsu egin ziren talde askok espazio birtual horretan egin zituzten lehen urratsak eta hantxe zeuden hastapen horien berri eman zezaketen arrasto bakarrak.

Banan-banan hartuta, gutxi axola du zer zegoen bertan, zer galdu den. Kultura edo zaborra zen? Sormen-lana edo denbora-pasa hutsa? Berdin dio, neurri baten, bederen, berreskuraezina baita jadanik.

Eten egin da soka, eta horren modu masiboan jazo den lehen aldia baita (guk dakigularik), ez da azkena izango: hauskorrak gara, gero eta gehiago.

Ez dago garbi nola eutsiko diogun memoriari hemendik aurrera. Egunero 15 milioi testu-mezu sortzen dira munduan. 3.700 milioi arima daude Interneten konektatuta, eta geure bizitzaren zati gero eta handiagoa dago bertan, hor nonbait, auskalo noren interesen eskuetan. 2017. urteko datuen arabera, munduko elektrizitate-ekoizpenaren %3 erabili zen hodeietako informazio-saldo ikaragarri horiek kudeatzeko: Erresuma Batuko urteko kontsumo osoa baino %40 gehiago. Eta joera geldiezina da: Interneten dauden hamar edukietatik 9 azken bi urte hauetan sortu dira. Hantxe daude joan den udan sakelako telefonoarekin egindako argazki txar horiek, ordu txikitan izkiriatutako poema-kimuak, lerro hauek hona ekartzeko kontsultatu ditudan guneak, eta abar. Bertan daude noizbait geure garai hau nolakoa izan zen jakiteko ezinbestean kontsultatu beharko liratekeen iturriak.

Erabiltzaile batzuen salaketari esker jakin da auzia: bertan zeuzkaten profiletako edukietara sartzeko zailtasunez galdetu zieten sareko kudeatzaileei, eta, azkenean, onartu egin zuten giza-errore bat zela medio 12 urtez pilaturiko uzta osoa galdua zutela. Betiko. Badira balizko giza-errore horren atzean datuok kudeatzeak eragiten dituen kostu itzelak egon daitezkeela esan dutenak.

Telefonorik ez dago jadanik egongelako mahaitxoan, baina irudiak eutsi egin dio. Aitonaren bekozko iluna eta amonaren duintasunak garai bateko argazkia osatzen laguntzen didate. Ez dakit ondorengoek nora begiratuta jakingo duten oraingo berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.