Ilusioak bizirik jarrai dezan

Alaves berpizten saiatuko da gaur, etxean Valladolidi irabazita. Abelardok aldaketak iragarri ditu

Borja Baston eta Takashi Inui Alaveseko jokalariak, barrezka, taldearen entrenamendu batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Lausotzen ari zaio Alavesi datorren denboraldian Europan barrena bidaiatzeko ilusioa. Liga ia osoa eman du lehen sei sailkatuen artean, baina zortzigarren posturaino jausi da azken emaitzen ondorioz. Puntu bakarra lortu du lau partidatan, eta, orain, lau puntura dauka Valentzia, egun Europan jokatzeko azken aukera eskuan duen taldea. Hori horrela, hutserako tarterik gabe hartuko du gaur Valladolid. Arabarrek ez dute zertan presioa izan, helburu nagusia aspaldi bete baitzuten, salbazioa bermatuta; edonola ere, etsigarria litzateke hainbat hilabetez gertu ikusitako ametsa bost jardunaldiren faltan zapuztea. Eta gaur jaitsiera postuetan den Valladolidi irabaztea da hori saihesteko modu bakarra.

Horretarako, hamaikakoan aldaketak egingo ditu Abelardo Fernandezek. Horietako bi, behartuta, Laguardiak eta Duartek bosgarren txartel horia ikusi baitzuten Espanyolen zelaian. Ziurrenik, Maripanek eta Martinek ordezkatuko dituzte. Edonola ere, Abelardoren esku sartzea ez da hor geldituko. Izan ere, asteazkenean adierazi zuenez, ez dago pozik taldearen ibiliarekin, ezta zenbait jokalariren mailarekin ere, eta horrek eragina izango du gaurko hamaikakoan. «Aldaketak egingo ditut, baina ez nekeagatik. Jokalari batzuk ez dira arituniri gustatuko litzaidakeen bezala, eta lau neurketa daramatzagu irabazi gabe».

Izenik ez zuen eman, baina garbi dago Baston dela gaur aulkira joango diren jokalarietako bat. Aurrelariak Gironaren zelaian sartu zuen bere azken gola, urtarrilaren 12an, eta hori denbora gehiegi da aurkarien ateak zulatzetik bizi den jokalari batentzat. Baston errematatzaile petoa da, eta azkenaldian kalte handia egin dio taldearen sormen faltak. Apenas izan duen baloiak sareratzeko aukerarik, eta, ondorioz, asko murriztu da haren ekarpena. Gauzak hala, Abelardok Rolanen alde egin dezake apustu.

Erdilariena da ardura hori, baina soilik Jony ari da jokatzen behar bezala. Egun, Alavesen erasoko jokoak ez du zentzurik hura ez badago. Inuik bere alea jarri zuen neguko merkatuan iritsi ostean, baina desagertu egin da azken partidetan. Hartara, gaur Twumasik ordeztu dezake. Ghanatarrak hiru lehia besterik ez zuen jokatu martxo amaierara arte, baina azken lau lehietan aulkitik ateratzeko aukera izan du. Bestalde, euskarrian ere aldaketak espero dira: Pina itziuliko da, eta haren aldamenean Wakasok joka lezake.

Harresia pitzatu egin da

Alavesen arazoak ez dira mugatzen erasoko jokora. Izan ere, galdu egin du sendotasuna, taldearen bereizgarri nagusia. Lehen, aurkariek harresi garai batekin egiten zuten topo arabarren arearen barrunbeetara sartu nahi zutenean; haatik, orain askoz ere erraztasun gehiago ari dira topatzen. Datuek ondo islatzen dute hori: gasteiztarrek zazpi norgehiagoka daramate atea hutsean utzi gabe. Bolada hori eteten saiatuko dira gaur, etxeko ibili okerra zuzentzearekin batera; Alavesek partida bakarra irabazi baitu bertan bigarren itzulian.

Hori konpontzen hastea dagokio gaur, beharrak jotako talde baten kontra. Goitik beherako bidea egin du Valladolidek, eta jaitsiera postuetan dago orain. Hala, aurkariaren beharraz eta urduritasunaz baliatzen saiatuko da Arabako taldea. Harmailen hauspoa, ordea, ezingo du baliatu, gaur ere ez baitu izango Iraultza 1921 taldearen babesik.

ALAVES-VALLADOLID

Alaves. Pacheco; Navarro, Ely, Maripan, Agirregabiria; Jony, Pina, Wakaso, Inui; Rolan eta Calleri.

Valladolid. Yoel; Antoñito, Kiko Olivas, Calero, Nacho;Keko, Míchel, Borja, Waldo; Unal eta

Guardiola.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ik.).

Ordua. 21:00 (BeIn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.