Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Sexu ezkutua

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Instituzioen maltzurkeria arauetan da. Arauaz arau, arauek jendartea kudeatzen dutela sinetsarazten dute politikariek. Alabaina, araua eraikitzeko boterea eta zilegitasuna irabazten dute hautetsi bilakatzen direlarik. Edozein instituzio publikotan, populazio eta lurraldearen ordezkari gisa zoaz; horrek ematen dizu hautatzeko eta aurkezteko gaitasuna. Euskal Herrian, nahiz eta sistema ezberdinak egon (hautesbide proportzionala eta gehiengoa), bozkabide ordezkatzaileak dira nagusi.

Preseski, nork ordezkatzen gaitu? galdera dakar errealitate honek, baita nor da ordezkatua? ere. Denok, edozein hauteskunderentzat, geure burua aurkezteko eskubidea dugula lehen tranpa da, eta bigarrena, denek bozkatzeko eskubide bera dugula.

Ustezko berdintasun honek oinarrizko problematika kukutzen du: gure ezberdintasunetan nola berdintzen ahal gaituen sistemak. Eskubide berak izanik ere, aspaldi Bourdieuk erakutsi zuen ez ginela berdin sortzen, baizik kontrakoa: sozialki ezberdin munduratzen ginela frogatzen zuen.

Emakumeen kasuan, legeak kuku-gordeka ari dira. Hurbil ditugun instituzioei begira jartzen bagara, argi dago joko maltzur bat ezberdintasunak isilarazteko plantan ezarria dela, eta honek ordezkaritza gabekoen kontra eragiten duela. Euskal Hirigune Elkargoko hauteskundeen emaitzak adibidetzat hartzen baditugu, elkargoko batzarraren %28 eta lehendakariordeen %33 osatzen dute emazteek. Paraleloki, auzapezen %17 emakumeak dira. Parekidetasunaren aldeko legeak oraindik ez du arazoa konpondu, eta emakumeen presentzia ez da bermatu, nahiz eta auzapezaren sexu ezberdineko ordezkaritza bidaltzen ahal den elkargora. Sexista izan arren, lege honek emakumeen tokia alde batera uzten zuen elkargorako. Sistema patriarkal batean bizi garela ezin da ukatu.

Fokua urruntzen bagenu, egunero ikusgai ditugu eredu patriarkalaren ondorioak. Frantziar Estatuan gure gorputzen epaiketa ezberdinak iragarri ziren azken aste horietan. Adibide gisa, gaineko bainujantzirik jantzi ez zutelako, hiru emaztek jendarmeen bisita ukan zuten hondartzan. Ondoan jarririko familiak salaturik, poliziek galdegin zieten bularren ezkutatzea.

Agindu hau, kasu honetan,ilegala izan arren, leku batzuetan debekatzen zaie emazteei bularretakorik gabe egotea, konparazione Paris plage-n. Pariseko hondartza faltsuan 38 euroko isuna jartzen ahal zaio bularretakorik gabe ibiltzen den emazteari.

Beste bi gertakarik erakutsi zuten gorputzaren arautze sistemiko hura. Lehena, Orsay-ko museoa bisitatu nahi zuen emakume bati debekatu zioten bere papar zabalekoarekin sartzea. Bigarrena, eskolako barne arauak: neskei «jantzi probokatzaileak» ez erabiltzeko idatzi zuten.

Administrazioaren gorputzen epaiketa publikoa araudi patriarkalaren adierazle bat baizik ez da. Arautze sistema horrek are ondorio latzagoak ekartzen ahal ditu. Emazteen gorputza menperatzeko usaiak estatuaren esku sartze handia permititzen du. Administrazio berak beloa legez kanpo ezarri zuen eta ber momentuan bainujantzi osoa behartuko zuen. Behin eta berriz frogatuko zigun azturen kontrolak kutsu politiko handia zuela.

Arau-egileek administrazioaren praktikak ere elikatzen dituzte. Horregatik, jendarmeriara iritsiko zirenean bortxaketa bat salatzeko, poliziak «nola jantzia zinen egun horretan?» galdetuko dizu.

Parekidetasunaren estrategiak sistema politikoari aldaketa sakonik ez dio ekartzen. Instituzio patriarkalen pinkwashing-a aplikatuz, gure gorputzak eta biziak arautzeko eskumena eskaintzen diegu.

Emakumeak ez gara, urrundik ere, ordezkaririk gabeko bakarrak. Horregatik, ordezkatze sistema osoak desagertu beharko luke, praktika zapaltzaileei aurre egiteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.