Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Ikasleak, makulu

2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Estrategia zapaltzailea da. Hau da Frantses gobernuak ezarritako neurri berriekin ikasten segitzen duguna. Ipar Euskal Herrian bigarren itxialdia hasi zenetik, anitz jende harrapatua da. Ustez ulertu genuela gobernamenduaren jokamoldea, ez genuen berriro itxialdirik biziko. Ez, ekonomia mantentzeko, arriskua handiegia zen Estatu mailako neurri zorrotzen hartzea, beraz ez, ez genuen bigarren olatua etxean iraganen.

Irakurketa ez zen hain txarra izan. Estatu kapitalistak bere interesak babestuko zituen bai ala bai. Langileak lanera bidaliko zituen, haurrak eskolen esku utziz bederen 16 urte arte. Aldiz, ikasleak bazter batera utziko zituen berriz ere prekarioenak prekarioago eginez.

Alde horretatik, ez zen gaizki pentsatua izan Frantses gobernuaren estrategia. Unibertsitate gehienen ateak zabaldu zituzten duela bi aste, Omiasainduko oporrak kontuan hartu gabe. Estudiante guziek bizilekuz aldatu zuten une horretan: apartamentu, pisukidetza /kolokazioa, edo ganbara bat alokatuz. Urri erditsutik, ia ikasle guziak lekuz aldatuak eta zorretan sartuak ziren jabeekin. Ttipia ez den aldaketa egin berria zutela, bi aste berantago erdietsi bizitokia uztera behartuak izateko, hutsik utzi eta familiako kafirara itzultzeko, nahiz eta gazte guziek aukera hori ez izan.

Hala ere, urtero sistemak unibertsitate edo formakuntza lekuetara mugitzeko beharra sortzen du ikasleengan. Maiz, alokairu garestien truk lotoki hertsietara iritsiko dira. Fenomeno hau metropolietan kokaturiko eskolen erakartasun azkarraren ondorioa izaten da. Euskal Herriko ikasleak Paris, Madril, Bartzelona, Bilbo edo Bordeleko hirietan bakoitza hamabost metro karratuan metatzen dira.

Itxialdiak hezkuntza sistema publikoak dakarren paradoxa nagusi bat ekartzen digu gogora. Nola berdintasunean oinarritutako printzipio bat aplikatzen ahal zaio gaur egungo hezkuntza sistemari? Printzipio eder hau, sekula egia izan bazen, desagertuz doa egunez egun. Ikasleen ustezko ahalak errealak ez direlako (kapital ekonomikoak manatzen badu ere, kapital sozialak eta kulturalak ere bere inportantzia badute).

Unibertsitateen ateak itxi zituzten duela aste bat. Momentu berean azken urteetako ikerkuntzari buruzko lege garrantzitsuena eztabaidatzen eta bozkatzen ari da Frantziako Parlamentuan. Goi mailako ikasketak segitzeko aukerak gutti izan arren, Ipar Euskal Herriari dagokionez, lege berriak ez du deus onik ekarriko. Proiektuak (IUPL Ikerketaren Urte anitzeko Programazio Lege xedea, LPPR frantsesez) bazterrak inarrosi baditu ere, seguruenikikerketaren merkantilismoa gauzatuko du. Laborategien arteko konkurrentzia bultzatuz, finantzamenduak lortzeko estruktura gotorrenak ditu lagunduko. Larriena ikerlarien ezegonkortasunean sumatzen da. Kontratu mugatuak ugaritzea aurreikusten du legeak; eta horrek argiki ikerketa publikoaren gainbehera iragartzen du. Alde batetik, gizarte zientzien arloak erakartasun guttiago ukanen du, gazteek pribatuan ez dutelako aterabide handirik aurreikusiko. Bestalde, unibertsitateak formatzen dituen ikerlariak beste herrialdeetara joanen dira, edo pribatura joko dute.

Ikasle eta irakasleen egoerak okertzen zaizkigu. Orain elkarrengandik fisikoki urrundu gaituzte, eta zoritxarrez, prekario bilakatzeak elkartuko gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.