elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Solasaren ertzak

2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Hogeita bi urteko ilobak bidali zidan El Mundo egunkariak hilaren 17an argitaratutako erreportajea: La gran convocatoria de los nuevos 'cachorros'. Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) zuen hizpide, hark hilaren 8tik 12ra Altsasun egindako Gazte Topagune Sozialista aitzakiatzat hartuta. Hasteko, GKSko eragile omen diren zortzi gazteren argazkiak eta izen-abizenak zekartzan. Egileak beste iturri batzuk aipatu arren, literatura polizialaren kiratsa zerion idatziari. Erreportajea argitaratu zen datak ere ez dirudi inuzentea: ETAk jardun armatua utzi zuenetik hamar urte betetzeko bezperetan; cachorro-ak, ETArenak direla iradoki nahian-edo. Gure arteko batek esan zuen bezala, ETAren kontra hobeto bizi ginen printzipioari jarraitzen diote halako planteamendu retroek.

Txukun hasi zen Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurreneko ospakizuna, Donostian eta Baionan bake prozesuari buruz egindako jardunaldiekin. Jonathan Powellek balorazio positiboa zekarren: «Ipar Irlandan talde disidenteak eta indarkeria izan dira. Hemen ez. Arrakasta izan da hemen». Brian Currinek egiteke dagoena azpimarratu zuen: «Badago beste debate handi bat: bi aldeetan daudela biktimak eta biktimarioak. Hori ez da ondo kudeatu; biktimen hierarkia bat dago». Nazioarteko beste aditu batek, Veronique Dudouetek, ohartarazi zuen gatazkaren protagonistek —bereziki presoek— elkarbizitzaren eraikuntzan jokatu behar duten paperaz: «Ez soilik berradiskidetze terminoetan, baita maila sozial eta politikoan ere. Lortu behar da haiei leku hori ematea eztabaidan, gizartean».

Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek hilaren 18an aurkeztutako Adierazpenaren harira, «garrantzi handiko» pausotzat jo zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohi sozialistak biktimen oinazea aitortzea. Aldiz, Iñigo Urkullu lehendakariak, Adierazpena aurrerapauso bat dela onartu arren, ETAren deslegitimazioan jarri zuen indarra; ETA, hasieratik amaieraraino, «hanka sartze handi bat» izan zela-eta, sarritan esan izan duena errepikatu zuen: «ETAk ez zuen inoiz existitu behar». Lehendakariak ez du kontuan hartzen ETA zein testuingurutan sortu zen: altxamendu militar batetik zetorren diktadura betean, arerio politikoen kontra, artean, fusilamenduak erabiltzen zituen erregimen baten aurka.

Ertz asko jarri ditu mahai gainean egun hauetako solasak. EHUko Unesco katedrak eta Aranzadi elkarteak Bilbon antolatutako Historia, giza-eskubideak eta indarkeria politikoa jardunaldietan, Jose Babiano historialariak 1970eko hamarkadan plazaratu zen belaunaldi berriaren aurka frankismoak «indarkeria orokor eta sistemikoa» erabili izana baieztatu zuen, eta «gizateriaren kontrako krimentzat» har daitezkeela errepresio horren baitako hainbat ekintza. Bide bertsutik, Maria Jauregik gogorarazi du han eta hemen, ETArenek ez ezik, «indarkeriaren biktima guztiek» merezi dutela aitortza. Benetako elkarbizitza bermatzeko aldarri sendoa.

Bide batez, Maixabel filmak islatzen du Jauregi Lasatarrek zentzu horretan hartutako ildo zail bezain ausarta. Bitartean, Euskadi Irratiko Faktoria-n Iñaki Guridik Ibon Etxezarretari egin zion elkarrizketan (2021-10-25), honek oso modu grafikoan azaldu zuen egin beharreko aldaketa: lehen «sufrimenduaren sozializazioa» izan zena, «elkarbizitzaren sozializazio» bihurtuz. Hunkigarria —eta sinesgarria— gertatu zitzaidan Gasteizen Gipuzkoan baino erosoago bizi dela esan zuenean Etxezarretak. Tabuak eta estigmak ere urtuko ahal dira noizbait.

Bukatzeko, Samara Veltek, Gazteentzako memoria bat artikuluan (BERRIA, 2021-10-21): «Alternatiba bakarra geratzen zaigu: onartzea iraganari buruzko kontakizun ugarik osatzen dutela koadroa; askotarikoak direla, lekukotzak bezainbeste; eta haietako bakoitza dela baliagarria eta garrantzitsua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.