elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Aztarna bila

2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bals hautsi bat, behin eta berriz galdu eta ihes egiten duena, zaparrada baten pare erortzen dena tarteka, hurrena ia erabateko isiltasunetik berriro pizten dena, jira eta bueltara itzuliz, errepikakor. Ravel-enLa Valse da. Hogeiren bat gazte hura dantzatzen plazaren erdian. Belaunerainoko praka beltzak eta alkandora edo kamiseta zuriak daramatzate soinean, zapatila soilak oinetan, institutuko patioan korrika saio bat egitera balihoaz bezala. Inolako apaingarririk gabe, ezta makillajerik ere aurpegian. Ez da, ordea, entsegu bat, jendaurreko emanaldia da, Donostiako Okendo plazan.

Koreografia Jon Maiarena da, eta dantzariak Malandain Ballet Biarritzekoak. Tarteka ukitu neoklasikoa hartzen ote duen dantzak, eta hurrena, berriz, euskal dantzen pausoak gogorarazten ditu, baina ez modu zehatzean, berrasmatze bat bezala baizik. Iturritik dantza jaialdiaren emanaldietako bat izan da, behin baino gehiagotan errepikatu dutena kale gorrian. Dantza, itxuraz, bere gordinean, sofistikaziorik gabe doa, eta hala ere... —edo agian horregatik beragatik— ikuslea zeharo harrapatzen du.

Dantza, pentsa daiteke, haurrek sortuko zutela, ezarian, auskaloko garaietan. Umeak pausoa pausoaren atzetik zuzen eta formal ematea baino nahiago du harriz harri salto egin, edo putzuz putzu hankak zipriztintzea, edo ziba bat balitz bezala gorputza bueltaka jartzea zorabiatzeraino. Txalo-pin-txalo egiten ere berehala asmatzen dute oraindik hitza ebakitzeko gai ez diren umemokoek; hor, musikaren aztarna. Eta imajinatzen ditut, historiaurreko gizakiak, umezarotik aurrera ere gaur egun dantza deitzen diogun hori taxutzen: gerritik heldu eta elkarrekin jolasean; indartsua arinagoa gora altxatzen; nor bere gorputza bihurritzen samina adierazteko. Aztarna horiek iraun dute gaur egungo dantzetaraino.

Aurreko batean Juan Luis Arsuaga paleontologo eta antropologoa elkarrizketatu zuen RTVEko 24 Horas katean Xabier Fortesek, gaueko saioaren gidariak. Atapuercako aztarnategiko zuzendari-kideak esan zuenez, aurtengo udan milioi bat eta laurehun mila urte dituen giza-aztarna bat aurkitu dute bertan, aurpegi baten zatia, Europan orain arte agertu den zaharrena. Surik gabe bizi zireneko giza-aztarna; izan ere, sua duela 300.000 urte hasi omen ziren erabiltzen ohiko teknologia gisa, nahiz eta lehenagotik ere ezagutuko zuten segur aski.

Sua su, eboluzionismoaren bidetik, honetan jarri zuen azpimarra paleontologoak historiaurreaz ziharduela: «Deskubrimendurik handiena heriotzarena izan zen». Bere esanetan, historia osoan ez da gertatu heriotzaren deskubrimenduaren parekorik. Izan ere, heriotzaz jabetzeak arrazoitzeko gaitasuna izatea eskatzen du; gaitasun horretatik datorren ondorioa da. Neandertalen edo pre-neandertalen garaian kokatu omen daiteke urrats hori, haiek, jada, hildakoak lurperatzen zituztelako. Heriotzaren ondoan, gure aurreko haien beste ezaugarri bat aipatu zuen Arsuagak: maitasuna, maitemintzeko ahalmena. Maitasuna kulturaren konstrukto bat dela diotenen kontra, paleontologoak maitasunaren zertzea ikusten du Homo sapiens-ak —eta Mulier sapiens-ak— bikote formatua hartzen dutenean elkarrekin bizi eta umeak hazteko.

Erretratua osatzeko, historiaurreko gizakiak, aurrera aterako bazen, jakintza mota asko behar zituela gogorarazi zuen Arsuagak: klimaz, geologiaz, ekologiaz, zoologiaz, botanikaz... eta baita joskintzan ere.

Zientzialariak ez zuen dantzarik aipatu, eta ezta musikarik ere. Baina ez da zaila imajinatzen lehen gizaki haiek haur negartia isildu eta lokartu zedin kantua deitzen diogun horren aurrekaria erabiliko zutela, besotan hartu eta harat-honat kulunkatzen zuten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.