Mendebaldeko Sahara

Polisarioak su-etena haustea aztertuko du, bake prozesua antzua izan dela egiaztatuta

Fronte Polisarioak NBEren eraginkortasunik eza salatu du komunikatu batean: Minurso Marokoren esanetara dagoela dio. Abenduan egingo du kongresua

Errefuxiatu sahararrak Tindufen (Aljeria). Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean babestu ziren han, 1975ean. JUANTXU RODRIGUEZ.
Kristina Berasain Tristan.
Gasteiz
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Fronte Polisarioak, azken urteetako komunikaturik zorrotzenean, lehen aldiz ohartarazi du prest dagoela su-etena hausteko, aintzat hartuta bake prozesua bera erabat antzua izan dela. Testuak NBE Nazio Batuen Erakundea egiten du betikotzen ari den egoera horren erantzule: «Nazioarteko erakundeak behin eta berriz egin du porrot bake prozesuan zehaztutakoa ezartzeko garaian». Segurtasun Kontseiluaren 2494 ebazpena izan da horren erantzun irmoa emateko arrazoia: Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa beste urtebetez luzatzera mugatu da —Errusia eta Hegoafrika abstenitu egin ziren—.

Hura sortu eta 28 urtera, ezerezean geratu da misioaren eginkizuna. Marokok eta Fronte Polisarioak 1991n sinatu zuten bake akordioa, hamasei urteko gerrari amaiera emanez, baina statu quo-a ez da aldatu, bi aldeek erreferenduma egiteko konpromisoa adostu bazuten ere.

Bien bitartean, egoera latza da. Mendebaldeko Saharan, giza eskubideen urraketa sistematikoa da, eta sahararrak jazarrita bizi dira, adierazpen askatasunik ere ez dutela. Minursok ez ikusiarena egiten du —urraketak ikuskatzen ez dituen munduko bake misio bakarra da—.Tindufen (Aljeria) errefuxiatu gisaz bizi diren sahararren egoera ere latza da; 1975etik daude han, baldintza ankerretan, jaioterrira itzuli ezinik.

Egoera kritikoa da

Polisarioaren esanetan, «egoera kritikoa» da, eta nazioartearen jarrerak «bake akordioa osotasunean berriz aztertzea» beste aukerarik ez dio uzten. Zehaztu du zergatik ez duen erakundeak eraginkortasunik: Minurso Marokoren «aginduetara eta esanetara» dagoela dela dio testuak, «ez diolako legez kanpoko okupazioa amaitzeko exijitzen». «Menpekotasun» horri «eskandalagarria» iritzi dio.

Horst Kohler NBEren Mendebaldeko Sahararako azken mandatariak maiatzean dimisioa eman zuenetik, erakundeak ez du ordezkorik izendatu. Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko azken elkarrizketa ofizialak 2008an egin ziren, New Yorken. Ordutik, Kohlerrenak izan dira ahaleginik zintzoenak, baina haren dimisioak hutsean utzi zuen hemezortzi hilabeteko prozesua. Polisarioaren hitzetan, azken ebazpena «kolpe gogorra» izan da mandatari ohiak emandako «bultzada politikoarentzat».

Fronte Polisarioak XV. Kongresua egingo du abenduaren 19tik 21era, eta baliteke mugarri bat ekartzea, azken komunikatuak ikusita. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gobernuak zehaztu du ez duela bake planetik at dagoen ezein konponbide onartuko. Komunikatuan dioenez, «neurritasunez» jokatu du orain arte. Marokoren jarrera bestelakoa izan da: «Irmokeriaz ari da, bakerako ahaleginak etengabe oztopatzen eta xantaia eginez».

Marokok 1975ean okupatu zuen Mendebaldeko Sahara; Espainiako kolonia izandakoa deskolonizazio prozesuan dago, nazioarteko zuzenbidearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.