Mexikoko armadak beste lau urtez izango ditu Poliziaren eskumenak

ander perez zala
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mexikoko armadak beste lau urtez izango ditu Poliziaren eskumenak, 2024ko martxora arte, gobernuaren aldizkari ofizialak herenegun gauean publikaturikoaren arabera —Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak iragan ostiralean sinatu zuen dekretua—; hortaz, besteak beste, militarrak segurtasun publikoa bermatzeaz arduratuko dira. Dekretuaren arabera, lurreko eta itsasoko armadek «ezohiko moduan segurtasun publikoko zereginak egingo dituzte, Guardia Nazionalaren osagarri eta mendeko» izanda.

Berez, Lopez Obradorren erabakiak ez du aldaketa handirik eragingo, militarrek hamarkada bat baino gehiago baitaramate kaleak patruilatzen narkotrafikoaren aurkako borrokan; finean, Mexikoko presidenteak egin duena da errealitate hori legez gotortu. Hori bai, soldaduak Guardia Nazionalarekin koordinatu beharko dira —100.000 kide ditu—, iragan urtean indarkeriari aurre egiteko sortu zen indarrarekin: «Segurtasun publikoa estatuaren gain dagoen betebehar primario bat da», dio dekretuak.

Egunotako erabakiarekin, Lopez Obradorrek handitu egin du armadaren rola eta indarra, eta 2018ko presidentetzarako hauteskundeetan izandako diskurtsotik aldendu da, militarizazioaren aurka agertu zenean.

Giza eskubideen urraketak

Erabaki horrek eztabaida handia sortu du, militarrak giza eskubideen urraketekin lotzen baitituzte.

Elkarte eta ekintzaile askok Poliziari «beharrezkoak dituen baliabideak» emateko eskatu dute asteotan, militarrei indar gehiago eman beharrean. Oraingoz, Mexikoko presidenteak ez du halakorik egitea aurreikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.