Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Sabel hutsak

2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lehenak aspaldidanik haurrik ez zuen nahi. Hautu bat zen, sekulan ez zuela ñiñirik ukanen. Haurdunaldirik eta erditzerik ez zuela biziko. Bikotearekin adostu zutenetik, inoiz ez zuten zalantzan jarri erabaki hau: askatasun osoz nahi zuten elkarrekin geroaz gozatu. Uko egiten zieten eraikitako arauei, emazte ama-ren rola bazter batera utzita. Kontziente ziren pribilegio bat zela. Hautua ukateak, berez, pribilegio bat zekarrela. Heteroarauak giltzaturiko espaziotik eskapatzeko aukera ematen zien erabakiak; arnasa amaigabe bat. Nahiz eta haien hautua ingurukoekin maiz partekatu eta eztabaidatu, esaldi bera zuzendua zitzaion neskari lagunengandik: «Ikusiko duzu, 30 urte ukanen dituzularik, enbeia ukanen duzu». Hormona istorio, hori dena naturalki baldintzatua zela —indirektuki— argudiatuz. Emaztearen sabelak, hutsa jarraitu zuen.

Bigarrenak galdera horri mila itzuli eman zizkion. Neska lagunak haur bat nahi zuela, berakez zekiela, gazteegia zela baina agian berantago, zergatik ez.Pixkanaka-pixkanaka, argiago zuen: bai nahi zuela Oihanarekin haur bat ukan. Bai, proiektu hori bururaino eta zalantzarik gabe eraman nahi zuela; baina ez zuen halako eskubiderik. Lehen pausoa lagun mutiko bati galdegitea izan zen. Plana sinplea zen: gizonaren haziak pipeta batean jaso eta neskaren baginan sartu. Bistan da, obulazioaren egutegia zaindu behar zen lehenago, egun egokiena aukeratzeko. Neskek, zalantza, eta ondotik errefusa jaso zuten mutiko laguntzailearengandik. Besteak beste, mutikoari halako bat zitzaiolako bere buruari eite handia liokeen haurra maiz ikusi behar balu lagunarte berean, bera aita izateari ez ziolarik horra arte pentsatu ere. Bai haurrak, bai berak nola biziko ote zuten egoera ezin zela jakin, eta izu zerbait pizten ziola, nahiz guztiz ulertu adiskideen eskaera. Bigarren pausoa Hegoaldera joatearena izan zen. Pagatuz geroz, gure aldean debekatua zena han posible baitzen. Aldiz, 1.400 euro inguru kosta zuen entsegu bakarrak. Beraz, saiakera bakar bat ukanen zutela ondorioztatu zuten. Egunero, ametsa urruntzen zen. Sabela hutsik.

Hirugarrenak ez zuen sekulan bikote egonkorrik. Haur bat bakarrik hazteko proiektua zuen betidanik. Lizeotik aipatzen zuen: atzeman behar zuela bere haurren bigarren gurasoa. Sekulako presioa ematen zion bere buruari, xerka eta xerka ari zen. Urtero bilan berdina egiten zuen: «aurten ez!». Maitalez maitale ibiltzeaz aspertuko zen laster. Pentsatu zuen batekin haurra egitea, bestearen gogoa aztertu gabe; beraz, deus ez erratea eta berak bakarrik haurra heztea. Prest zen ama bakarra izateko, nonbait desio hori konfirmatu zen urtez urte, gurutzatu izan zituen mutikoei esker. Mutikoaren ezkutuan haurra egiteak moralki ez zion graziarik eginen. Horren ordez, sabela tinko eta esperantzaz beteko zuen.

Laugarrena, aldiz, bikotean zen. Gizonak ziren biak eta bazekiten haurrik ez zutela elgarrekin manera naturalean ukanen. Familian marrazten zuten horien geroa, eta Iñigori haurdun izateko aukerarik ezak barnea jaten zion. Biek aita izan nahi zuten. Lagun batek proposatu zien sabel ama izatea haientzat. Neska hori lagun mina zuen Anddek baina Iñigok bortizki bizi zuen egoera. Halako galderak zituen: «nola utziko digu berak hazitako haurra?», «hiruren artean hezkuntza egin behar ote dugu?». Anddek, heldu hirukote hori ez zuen begi txarrez ikusten; aldiz, hastapenean, Iñigori ez zitzaion komeni. Denbora hartu beharko zuen, hobeki pentsatzeko. Neskarekin behin baino gehiagotan hitz egitea proposatu zioten Iñigori. Kolektiboki haur bat haztea prozesu bat zela, eta emeki-emeki denen adostasunera iritsiko zirela haurraren onerako. Edozein gisaz, sabela betegabea iraunen zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.