Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Prentsa askatasunaz

2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Astelehenean Prentsa-Askatasunaren Munduko Eguna izan da. Astebete lehenago hil zituzten David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak gatazka eguneroko ogia den leku horietako baten, Burkina Fason, hain zuzen. Han zebiltzan kazetari horiek berri-agentzietako jarioan leku txikia edo ia batere ez duten gertakarien peskizan. Hara joan ziren gertakarien berri zuzena izateko, beren begiez ikusi eta guri kontatzeko, protagonistei galdetzeko, entzun eta hango berri gureganatzeko. Han zebiltzan, besterik ez bada ere, guk ez ahazteko munduak leku gupidagabea izaten jarraitzen duela geure drama txiki edo handietatik aparte ere.

Egun batzuk ospatu eta beste batzuk egin egiten dira, oraingo hau bezala, zer ospaturik ez baitago. Aldarrikatu hitza, agian, egokiagoa zatekeen, prentsak askatasunez jardun ahal izatea ez baita orokortzat, are gutxiago bermatutzat, eman daitekeen zerbait, inondik ere. Eta ez da horrela ez munduko lekurik iskanbilatsuenetan, ezta gurean ere. Alde handia dago batetik bestera, baina niri ez zait ahazten bidegabe itxi zuten egunkari bateko oinordekoan idazten dudala hamabostean behin eta, atrebentzia ez bada, zuri ere, irakurle, kontuan izateko eskatuko nizuke.

1991. urtean egin zen Namibiako Windhoek hirian Afrikako prentsa askatasunaren inguruko nazioarteko konferentzia, eta orduan adostutako aldarrikapena hartu zuen oinarri Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 3a mundu mailako agendan kokatzeko.

Hiru hamarkada pasatu dira, eta aldarrikapenaren hitz ederrek oihartzun oso eskasa izaten jarraitzen dute. Zernahiri buruz askatasunez informatu ahal izateko oinarrizko baldintzak ez dira betetzen eta atzeraldi kezkagarria gertatzen ari da, gainera, oraingo krisiaren gerizpean. Nazio Batuen Erakundeak berak ohartu du horretaz eta hiru lehentasun ezarri ditu: komunikabideen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, Interneteko enpresen gardentasuna eskatzea eta herritarrak medioen kontsumoan trebatzea. Hiruretan, baina, oso urruti gaude oraindik.

Aldakorra eta maiz ulergaitza gertatzen zaigun mundu zoro honetan, informazioa ezinbestekoa da, baina ez edozein berri-emate edo sasiko albiste, estandar profesionalei erantzunez munduaren berri zintzoa emango duena baizik. Iritziak eta gertaerak bereiziko dituena, nork bere mundu-ikuskera sortu ahal izateko gero. Gaitz endemikoa bilakatu zaigun infoxikazioaren kontrako txertoa informazioa da, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da, gainera, den-dena posible dela eta aldi berean dena gezurra dela uste izaten dugun mundu eskizofrenikoa baita gurea.

Galdetuz gero, eskubideen rankingean erabateko onarpena luke prentsa-askatasunak, denok edo ia denok esango baikenuke funtsezkoa dela errealitatearen berri zuzena eta garbia izatea geure burua herritar osotzat hartzeko. Oso bestelakoa zatekeen erantzuna, baina, eskubide horri prezioa jarriko bagenio, ohitu egin garelako guk musu truk jasotzen beste askori oso garesti ateratzen zaien hori. Kasurako, Burkina Faso munduko mapan kokatzen ere ez genuke asmatuko gutariko askok, edo ez genuke jakingo zer gertatzen den bertan hamaika Beriain eta Fraile ez baleude bertara joan eta beren bizitza arriskuan jartzeko prest. Ez al da demaseko ordaina geuk apenas baloratzen dugun zerbaiten truk?

Artean Ameriketako EstatuBatuetako presidentea zela,prentsa-askatasunaz zer iritzi zuen galdetu zioten ThomasJeffersoni. «Aukeratzekotan»—esan zuen— «askoz nahiago dut gobernurik gabeko prentsa, prentsarik gabeko gobernua baino». Bata ala bestea aukeratu beharrik ez izatea ez legoke gaizki, bestalde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.