Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bakarrik

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Sei edo zazpi urte nituela, Kontxako hondartzan galdu nintzen. Abuztuko arratsalde bat zen eta hareatzak inurritegia zirudien. Gurasoek esana ziguten, behin eta berriro, erne ibiltzeko, baina halako baten, auskalo zerri segika, etxekook kanpamendua jarrita genuen tokitik pauso batzuk urrundu eta bueltatu nintzenerako, bakarrik nengoen, mukuru beteta dagoen jendartearen erdian sei edo zazpi urteko ume bat beti dagoelako bakarrik. Atzera eta aurrera ibili nintzen, bazter guztietara begira, baina gurasoen arrastorik ez zen inon ageri.

Ez dakit zenbat denbora egin nuen noraezean, negarrez. Amaren antza zuen emakume bati laguntza eskatu nion eta hark eraman ninduen galdutako haurrak hartzeko tokira —kabina kolektibo esaten zitzaien garai hartan—. Gela heze bateko bazter baten egon nintzen gurasoak bila etorri ziren arte. Bertan zaindu ninduen emakumeak esan zidan lasai egoteko, ez zela nire errua, haurrak ez direlako sekula galtzen: zaindu behar dituenak galdu egiten dituela haurrak.

Hitzez hitz errepika dezaket hondartzan zain nengoela bozgorailuetatik ematen zuten mezua, galdutako haurren bila joateko abisua, burmuinean iltzaturik geratu zaidana. Gaur egun ere, hotzikara batek hartzen nau entzuten dudan aldiro. Ceutako kaleetan edo Bidasoko ertzetako urmaeletan, alta, ez dago bozgorailurik, baina hotzikara berak hartzen nau hango isiltasunaz ohartzen naizenean. Hondartzan bezala, han ere haurrak galdu baino, galtzen uzten ditugu, eta ez bat edo bi, ehunka baizik. Eskala-kontua da.

Ez dago zerrenda fidagarririk eta, beraz, ez dakigu zehazki zenbat diren une honetan bakarrik eta noraezean dabiltzan haur eta gazteak. Ez dakigu nor diren, zein den beren historia, galdu edo galarazi dituzten. Ikusi ditugun gehien-gehienak mutilak dira, neska migratzailerik ez delako kaleetan apenas ikusten, ezkutatu egiten direlako, edo ezkutatu egiten dituztelako kalapita hau guztia baliatzen duten mafiek. Ez dakigu non dauden neska horiek guztiak.

Laster ez dugu gogoratu ere egingo zer gertatzen ari denbertan, beste hainbatetan egin dugun bezala. Albiste-zikloari eustea oso zaila da garai zoro hauetan eta elkartasunak ere iraungipen-data laburrarekin funtzionatzen du. Maroko eta Espainiaren arteko krisi diplomatikoak eragin du ikusmina, eta haren nondik norakoari jarraitu dio informazioak, jakin-mina agortu den arte. El Tarajaleko pasabideko lehen irudiak uholdearen moduan heldu ziren, bat-bateko agerraldi bortitzaren gordinkeriaz, baina, espero izatekoa zenez, berehala nagusitu da indiferentzia apartsua: interes-eztanda labur eta zaratatsuak aste bete-edo iraun du, eta, gero, amaitu da han ikustekoa zena. Hemendik aurrerakoa ez da albistea, ez baita berria.

Bitartean, Algeciraseko estoldetan, Melillako kale kantoietan edo Irungo parkeetan ezkutatzen dira haur eta gazte horiek, bidean aurrera egiteko aukerarik txikiena noiz agertuko zain. Beren bila ari diren senitarteko edo gertukoak harresi izena merezi duen mugaren beste aldean daude, egotekotan. Laguntza-edo lortu dutenak, aterpe izena merezi ez duten gordelekuetan daude, zain. Zeren zain? Onenean, adin txikikoak babesteko mandatua duten herri-erakundeek beren lana egin zain.

Umeak ez dira galtzen, zaindu behar dituenak galdu egiten ditu, edo erabili egiten ditu truke-txanpon gisa. Umeak ez dira etorkinak, gurera etorri badira ere. Beren izatekoa ez datza pasaportearen zigiluetan, sendiaren izen-deituretan edo jatorri-herrialdearen interes zikinetan. Haurrak dira, eta, maiz ahaztu egiten badugu ere, babes-eskubide oso eta besterenezina dagokie. Eta bakarrik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.