Inaki Galdos
ARKUPEAN

Erbestean

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gaiak askorako ematen du, baina gaur hona ekarri dudan helbururako gera gaitezen oinarrizkoenarekin: Espainiako 1936ko gerra okertzen ari zenean atzerrirako (eta Iparralderako) bidea hartu zuten euskal agintari eta buruzagi politikoetako batzuek eta beste batzuk bertan (eta Kantabrian) geratu ziren, kartzela iritsi zitekeela jakin arren; kartzela baino gehiago ere bai agian. Agirre lehendakaria eta Ajuriagerra irudikatu izan dituzte adituek hurrenez hurren talde baten eta bestearen ordezkari nagusitzat, baina beste hainbat pertsona ezagun ere bazegoen tartean. Ezin ahaztu, adibidez, Joseba Rezolak azken abioian bere lekua beste bati lagatzeko hartu zuen erabaki ezaguna.

Adostutako deliberamendua izan zen politikari haiena, nahiz eta jakina den ordutik bertatik —eta gero hamarkada luzez— desadostasun nabarmenak izan zirela 'barruko' eta 'kanpoko' ordezkarien artean, Jose Antonio Agirreren itzalak estali eta baretuak neurri handi batean. Hori bai, ororen gainetik guztiek zeukaten garbi horrelako egoera batean lehendakariaren tokia erbestean zegoela, bere zeregina diplomaziarena zela, borroka politikoa, nazioartean Euskadiri arnasa emango ziona eta horri esker etxean itxaropena piztuko zuena. Adibidez, hasiera-hasieratik Eresoinka eta futbol selekzioaren tankerako ekimenak jarri ziren abian. Gero, Agirrek berak sekulako lana egin zuen mundu zabalean Berlinetik alde egitea lortu zuenetik batez ere, Alvarez Lastra doktorea izateari utzi zionetik.

Bistan da testuinguru historiko eta politiko erabat ezberdinak direla eta ez dagoela egoeren larritasuna alderatzerik ere, baina 2017ko Katalunian ere Puigdemont presidenteak eta beste batzuek erbesteratzea aukeratu zuten eta Junqueras eta enparauek bertan geratzea. Aipatutako ezberdintasun itzelez gain, hona hemen beste bi gure historiako gertakari harekiko, bide batez gaur egun gertatzen ari dena hobeto ulertzeko lagun dezaketenak: bata, Katalunian ez zen adostutako erabakia izan, bakoitzak nahi izan zuena egin zuen; bestea, Kataluniako independentismoaren zati batek ez du ulertzen —edo ez du ulertu nahi— presidentea kanpoan izatea berez ona denik helburu politikoak lortzeko bidean. Hasieratik begiratu zioten errezeloz (zeloz ere bai agian) hartutako bideari eta kritika esplizituak ez, baina ironia ezkuta ezinez botatako eztenkadak oso sarri entzun eta irakurri izan ditugu presidente erbesteratuaren kontra. Euskal Herrian ere bai portzierto, batez ere Puigdemonten norabidea hasieratik begi txarrez ikusi zuten hainbat jelkideren ahotan.

Errezeloak errezelo, onartu beharrekoa izan beharko litzateke Kataluniako independentismoak urte malkartsu hauetan arnasa pixka bat hartu ahal izan badu, pozerako eta itxaropenerako zirrikiturik ireki ahal izan bada, erbestean lortutako garaipen juridiko eta politikoengatik izan dela. Alemaniatik hasita, sekulako lorpenak besteak beste Espainia agerian uzteko balio izan dutenak, berriki Clara Ponsatik azpimarratu duen bezala, bide batez erbestearen hautuaren fruituak aldarrikatzen. Vicent Partalek herenegun ere Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken erabakia izan zuen hizpide egunkari honetan bertan. Beste garaipen bat.

Kontua da, ordea, ez dituela independentismo osoak propiotzat hartzen garaipen handi horiek. Horra hor drama bat, beste bat, gero eta zatituago dagoen mundu baten ispilu anker bihurtua. Batzuek gero eta nabarmenago hartzen dituzte Puigdemont eta enparauek euren borroketan lortutako lorpentzat, nazio baten borrokaren arrakasta kolektibo berritzat baino. Ez da hau 2017ko urritik hona Kataluniako independentismoaren baitan (ba al da oraindik horrela deitzerik?) gertatu dena aztertzeko tokia, are gutxiago errudunak aurkitzekoa, baina pasa den astean Europako berri izugarri on hari entzungor eginez edota epelkeriaz askok emandako ongietorria ikusita, ez dakit itxaropenaren termometroa noraino egongo den dagoeneko jaitsita. Zenbat gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.