garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Han, Irunen

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Gaztetasunak berez erakartzen du. Erakartzen du, tiraka eta jareginez. Erakartzen du, bista nahiz gogoa, eta nire aldameneko gaztetxo bekozko-garbiak gizon harrigarri bat erakarri zuen, banku batean eserita berriketan ari ginela, Irunen, Hendaia bera baino are xelebreagoa dirudien hiri nahastu horretan. Kalean behera heldu zen, Elizatxo aldetik-edo, berrogeiurteak aspaldi paseak, zigarroa ahoan eta begiak kliskatzen ezzituen gizaseme txantxoa, ziraldorik txikiena ere egin gabe zuzen-zuzen gureganantz, imanaren indarrak harrapatu duen burdin-txirbila nola. Bere piurarekin batera —josteko makinaren orratza gogorarazi zidan bere ibili urduriak—, saihestuko ez genuen galdera baten bidez harrapatu gintuen amuan, berehala hartu baitzigun taxua, begiz jo orduko, zer egiten ote genuen han, asfaltozko inguruaren logikan batere zentzurik ez zuen banku hartan geldirik: parez pare, metro eta erdi eskasera, jantzi erabilien saltoki txiki bat geneukan, eta hura noiz irekiko zain ginen.

«Andere agurgarriak, arratsalde on», esan zigun airoso, kasik erreberentzia eginez, eta atean zintzilikatuta zegoen plakari begiratu azkar bat eman ostean, dendariak bi minutuko atzerapena zeramala nabarmendu zigun txantxa, irribarre pikaro eta algara artean. Ohartu ginenerako, gure segurtasun burbuilaren zati bat beretzat hartua zuen eta hitz eta pitz ari zitzaigun, tar-tar betean, begiak beren orbitatik ateratzeko zorian betiere, eta zigarreta azpiko ezpain lehorrean itsatsita, euforia zirudienari eutsi ezinik. Gizajoak ezin zuen isildu. Arrapataka hitz egin baino gehiago, hitzak metrailatu egiten zituen, eta duela ez aspaldi, azpitik gora begiratuko niokeen, sudur-zuloetatik barrena sartutako speedak zer-nolako arrasto luzea osatu ote zuen asmatu nahian.

Aparteko grazia zuen, ordea. Eta etorria. Eta huskeriarik handienari ere gatza eta piperra emateko artea. Baina, batez ere, zinismo ikaragarria. Zenbat eta minutu gehiago pasatu harekin, orduan eta antologikoagoa iruditzen zitzaigun haren umorea, haren surrealismo argigarria, agintari kastako jendearen handinahiaren adibideez eta frantses hitzez zipriztintzen zuena. Eta zenbat eta gehiago sartu berriketan, zenbat eta hartu-eman handiagoa izan harekin, orduan eta tentazio handiagoa guk, bere aurkezpenekoan besoak goraturik eta txapeldunarena eginez bizpahirutan esan ziguna — «psikiatrikotik atera berria naiz, libre naiz, hurra!»— argitu zezan eskatzeko.

Farmakoek errotik ezabatutako depresioa imajinatu nahi izan nuen euforia neurrigabe horren guztiaren atzean. Imajinatu nahi izan nuen, etxe askotan gertatzen ari dena gertatu zitzaiola hari ere, alegia, ziurtasun faltak dakarren zorabioa, desoreka, ondoeza. Imajinatu nuen, halaber, hastapen batean alkoholak —edo drogak, edo bien nahasketak— disimulatuko zuela bere ezin bizia, eta azkenerako alderantziz izango zela, hau da, ondoez hori bera izango zela alkoholismoa —edo droga menpekotasuna, edo bien nahasketa— estaltzen zuena. Eta une batetik aurrera, miretsi egin nuen, dena delako zulo beltzetik ateratzeko kuraia eta indarra aitortu nizkion nire kolkorako.

Pentsamendua igartzen dakienak ere ez zukeen hobeki asmatuko. «Zer depresio eta zer depresio-ondoko!» egin zuen aldarri bat-batean, aldamenetik pasatzen ari zen emakume kopetilun arranguratsuari so. Zoriona omen zen haren problema; zoriona, edo une oro, beti eta salbuespenik gabe sentitzen zuen poz totala, eta jendeak, gehienetan maltzur eta bekaizti, zapuztu nahi izaten ziona, bihotza zabaldu eta gaia aipatzen zuen bakoitzean, literalki «barre eta algara» egiten baitzioten. «Eta horren ondorioz, hondoa jotzen duzu beharbada», galdegin nion herabe. «Ez, emakumea», erantzun zuen nire aldameneko gaztetxoari begira, irribarre zabala ahoan: «Horren ondorioz jo eta egurtu egiten ditut».

Ziztuan alde egin genuen handik, zorion totalaren mamuak mendean hartuko gintuen beldurrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.