mikel elorza
ARKUPEAN

Inoiz ez zanpatua

2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Obra egiteko proposamen eta erabakiak, batetik; eta protestak eta aurkakotasunak, bestetik, noizkoak diren begiratuz gero, memoria historikoaren eremuan sartzekotan da AHT. Haren aurkako borrokei buruzko dokumentala lehenago aterako da trena bera baino!

Abiaduran ez bezala, azpiegituren infamiaren historian postu gorenak lortuko dituela iruditzen zait. Epeen berrikuste berriarekin, behin-behineko geltokiekin —behin-behineko definitiboak?—, jeltzaleen haserrearekin egunotan atzera mugitu dira AHTaren inguruko burdinbideak, eta ez ditut berrituko egitasmo honek trebesean dauzkan kontuak, beste iritzilariek eta politikariek egina dute, baina gaia lotuko dut, i greko bihurri bat osatuz, azken egunotan jasotako beste albiste astun batekin: Kutxabankek bere proiektu sozialak irentzeko egindako iragarpenarekin. Zientzia Museoa Tabakalerara lekualdatzeaz egindako zenbait kexak grazia egin didate —tximista jotzean Santa Barbara—, kexaren zalaparta entzunda eman baitzezakeen egunero museora sartzeko pandemian komuneko papera erosteko baino ilara handiagoak egoten zirela, eta ez dakit bada nik. Baina, noski, bat egiten dut Kutxabanken asmo sozialen berbideratzearen atzean dagoen ideologia salatzen dutenekin.

Azpiegiturak egin egiten dira, eta gero hor konpon Mari Anton. Azpiegiturak egitea, eraikitzea, negozioa da. Are, azpiegiturak egitea da negozioa. Haien mantenua, sustengua, iraupena... hori beste harrobi bateko legarra dugu, jaun-andreok. Kontua eraikuntza nazionala da, baina indarra jar daiteke hitz batean, edo bestean, eta gure herri honetako hagintariak aspaldi igo ziren Malevitxen definizioekin zerikusirik ez daukan konstruktibismoaren bagoira. Porlandutakoa gero ez dela erabiliko? Berdin dio: hormigoi armatua, inoiz ez zanpatua!

Eta horrela geratzen zaizkigu zulo beltz ekonomiko izugarriak: inora ez doazen trenak, Mad Maxen filmetan baino erabiltzaile gutxiago dituzten autobideak, bertso-finalak antolatzeko lehian dabiltzan pabiloiak, kongresu-zentroak, urtean behin betetzen diren estadioak, txertagune bihurtutako zezen-plazak... Zerbitzu publikoak eskaini behar dira, ekonomikoki errentagarriak ez izanda, bai noski, kezkatzekoa kontrakoa litzateke —baina hor lasai, orduan pribatizatu egiten dira—. Baina besterik da betiko poltsikoetara dirutzak botatzea puntu kardinal guztietako haizeek adierazi dutenean akaso berrikusi beharko liratekeela erabakiak, emandako argudioak gezurtatuta ez ezik zaharkituta daudela... Badakigu hainbeste tonatako munstroa geratzea zaila dela, baina balaztari tira egitea ere litekeen gauza da. Ia hasieratik errailetatik kanpo datorren trenarekin, bereziki.

Baina nola balazta beti besteen kontua den eta herritarron bozek lau urtero antzerako proiektugileak hautatzen dituzten, guztiz subiranoki, bada bestelako estrategia bat garatu behar dugu porlanaren negazionistek. Klasiko bat: etsaiari batzea. Kontua eraikitzea denez, bada konbentzitu behar ditugu gobernariak, orain denak berderiak jota daudela, bide, errepide eta trenbideak egin ditzaten, erruz... baina motelago joan ahal izateko. Mantsoagoaren aldeko politika... eraikitzaileak. Berritu orain daudenak, kendu zaharrak, egin berriak, eta moldatu denak, batetik bestera oinez edo bizikletaz edo patinetez joan ahal izateko —baina garraiobide gisa, ez kirola egiteko, speed-zaleak doazela zirkuituetara—; eta hirigintza berria ere inauguratu, espazioak okupatu beharrean hustuz, egiteko baino egoteko tokiak asmatuz. Porlangintza soziala abiatu, bigarren hitzean jarriz indarra.

Aramaioko biaduktua egitea baino konplikatuagoa izango da agian, baina herri honek baditu milaka ingeniari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.