garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

K bat gorabehera

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Nekatutak. On egin zidan Antton Telleriaren saioak. Nork esan gure minik zulagarrienetatik —hasi hizkuntzaren degradaziotik eta segi lurraldetasunaren maspiltzeetatik—, halako umorea atera zitekeenik, artean nire gisakoen zapuzkeriak urrun dituen baten ahotik. Baina zer da bada umorea, oinarrizko behar bat baino, adina edozein dela ere. Zer da bada umorea, okerrek eragiten diguten sentsazio txarra alderantzikatzea baizik. Ez al da oinazea plazerera eramatea, negarra barrera, tentsioa askapenera? Arte horretan, aldaera guztiak darakutsa Telleriak: umore beltza, umore gordina, umore fina, eroa, erraza, garratzagoa, azkarra...

Hendaian eskaini zigun saioak oso aspaldi Tolosan AEK-ko barnetegietan irakasle izan nintzenekoa ekarri zidan gogora, edo hobeki esan, garai hartako ikasle jakin bat, parrandazale, lotsagabe, pailazo, harroxko eta seduktorea. Ez zegoen bera bezalakorik, aberraziorik handienak ere barregarri bihurtzen eta azkenerako taldekide guztien artean modan jartzen. Ikasle hark zedarri bat jarri zuen urte hartan, «zer moduz» galdetzen genuen bakoitzean, «oso gustorakin» erantzungo baitzuen beti bakarren batek, haren omenez, barre-algara txikiak eginez. Hori bai umorea, euskaltegietakoa.

Ni naizen zaputzak ez du inoiz aski esker onik izanen umoristentzat. Barrea ateratzen didaten aldiko, miretsi egiten ditut, musukatu egingo nituzke, etxerako hartu, inolako zalantza barik, nire ingurumarian ez baitakigu mina alderantzikatzen. Izatekotan, gutxietsi egiten dugu. «Ez izan horren dramatikoa», erantzun zidan nik adinako belarriko minik izaten ez duen adiskide batek, alboan, «ni uste dut hori eta ni ez dut uste hura» barra-barra entzun ostean, kasik goitika egin nuelako. «Total, emakumea, alferrik ari zara», esan zidan adiskideak, gaiari amaiera emateko, «K ziztrin bat gorabehera, euskaraz ari da behintzat». Hortxe koska. Beti minimoenetan konformatu behar hori ez zaidala lasaigarri, eta are gutxiago pozgarri. Dagoeneko ez dit grazia izpirik egiten.

Aurrekoan, pizza kontsumituenez ari zirela, «lau geltoki» izendatu zuen irrati esatariak, gaztelaniaz «cuatro estaciones» bataiatu zuten hori bera. Eta kontu horrek bai, kontu horrek sekulako algara aterarazi zidan, Kike Amonarrizek bildutako itzulpen literal zentzugabeak eta gainontzeko txorakikeriak etorri zitzaizkidalako gogora. Besteak beste, «trenen azpiko gona», Renferen geltokiren batean azaldu zena, oker ez banago, edota «Autobusak bihar eta berandu» ospetsua, norberaren autoari uko egin eta garraio publikoa sustatu beharreko garaiotan horren aproposa. Zaku berean sar nezake Espainiako zinemagintzaren Goya sarietan berriki gertatutakoa ere, ongietorriari maskulinoa eta femeninoa asmatu nahi izan zizkiotenean, zuzentasun politikoaren izenean.

Ezin uka minimoetan irauteak lerrootan orain arte aitortu ez diodan meriturik baduenik. Baina minimoenetatik arrunt beherago dago, aurrekoan, emakume batek —ez bereziki argia baina ezta tuntuna ere—, ustez inongo malezia asmorik gabe, esan zuena, hizkuntzaren lardaskaz, euskaldunon artean ere euskaraz hasi bai baina esaldi bakar bat ez bukatzeaz, taldean beti erdarara lerratzeaz eta antzekoez galdegin zitzaionean. Gertaeren zergatia edo azalpen zintzo logikoa baino gehiago, esplikazio guztiak hitz bakarrean bilduko lituzkeen definizioa eman nahi izan zuen: «Bada, nik esango nuke, horixe dela bizikidetza».

Orain ez dakit umoristak ala Chomskyren jarraitzaile hizkuntzalariak beharko ote ditudan bizkarrezur osoan sumatzen ditudan ziztadak neutraltzeko eta nire aurpegian tinko jarraitzen duen ergel keinua ezabatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.