mikel elorza
ARKUPEAN

Kontraren kontrako aldeak

2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Pentsa zenezake errazena kontra egotea dela, ez dakit zeren kontra denok hobekiago bizi ginela, eta zerbaiten alde jarri behar horretan izan genituela komeriak, baina ez, kontra egoten ere ez dago batere samurra. Gerraren kontra paratu nahi baduzu zure burua, gaur eta hemen, zabiltza erne, azkar asko jasoko baituzu koskorrekorik. Azken zortzi urtean Ukrainako estatuaren triskantzen eta gerraren aurka noiz nabarmendu ote zaren kargu hartuko dizute, leporatuz posizionatu ere ez zarela egin, eta egia da ez duzula behar beste indarrez Ukrainako erregimen filofaxistaren aurkako aldarrietan jardun, behar besteko indarra zein den ere ez dakizula, baina ez duzula erregimen hori bultzatu duten interes NATOzale eta CIAtarren aurka astero egin, eta Yemen, Palestina edo Siriako gerrei buruz ere aspaldian isilik zaudela, afixa birtualik ez duzula marraztu. Orduan behar zuela, inork esaten ez zuenean, gerrarik ez, eta orain ez duela balio, gerrak sustatzera eta finantzatzera dedikatzen diren gure hagintariek horiexek pegatinak inprimatzen dizkigutenean. Eta hori dena jakinagatik ere eta nahiz eta zu ez zaren inoiz bakezale berkeleytar hippiz mozorrotu, bada hortxe dabilkizu burua oraindik ere gerrarik ez pegatina jantzi nahian. Klaro, egingo dizute zalu, beratzen zaituztelako irudiek haur ukrainarrenak, exodoarenak, euskaraz egiten duten setiatuenak, batere kulparik gabe erasoak jasaten dituztenenak, baina ez daukazu sauditar bonbek laurdenkatutako Sanako gizagaixoen irudirik, han ez dago euskarazko testigantzarik. Eta hala da, baina hala ere. Kontra egotearen beste aldea alde egotea da, beraz? Ez, noski, badakizu hainbertze. Donbassko lubakiak ezagutu dituen antifa dogmatikoenak ere badaki Putinek ez diharduela haien alde, bere buruaren alde baizik —nahiz eta haietako askok jardun zezan eskatu—, eta hor da geopolitikaren xake partida betiko hori ere, taula zuribeltzean peoiak borrokan, Erregeren beharren arabera sakrifikatzen (hiztegiak ere neutraletik ez du deus). Ze zoragarria den xakea, non dena jaten duzun, Errege izan ezik. Hura garaitu egiten duzu, baina ez dago odolik, azken kolpearen atalasean amaitzen da partida. Arraioa, gure eserleku ergonomiko ezin erosoagoetan eserita zail da tokia hartzen. Gerraren aurka jartzera abiatu eta berehala eman baitizkizute motiboak gerraren aurkakoek eurek haien kontra jira zaitezen: nola jarriko naiz ba Borrellen lubaki berean? Eremu txoroetan ere hain da lotsagabea asuntoa! Eurovisionetik Errusia kanporatu dute eta Europako txapelketetatik egotzi dituzte kirol talde errusiarrak, eta ondo etorri zaio Baskoniari, gaur Israelen, alegia geografikoki Asian, lehiaketa europarra jokatzekoa den Baskoniari. Israelen. Hau ere gerraren aurka omen, harrapazank! Futbol selekzioa ere kanporatu dute, eta ezingo du Qatarren jokatu mundu txapelketa. Qatarren, bai, giza eskubide eta justizia sozialaren paradisu horretan. Ez dugu maite Qatar, nardagarria zaigu, baina dirua sobera dauka gure (futbol) hagintarien patrikak berotzeko eta futbolaz ari garenean zertaz ari gara? Futbolaz ez behintzat. Eta azken metxa, gerraren aurka egotea gutxi ez eta gainera aberkoikeriaren aurka ere paratzen bazara, hobe duzu oso isilean eta motzean jardun, proskrito erabatekoa izan nahi ez baduzu; euskadikoezkerrero bihurtuko zaituzte! Eta hortaz, hau bezalako artikulu eta diskurtsoak garatu behar, garbi eta ozen esaten atrebitzen ez garena, gerrarik ez adibidez, argudio eruditoez mozorrotzeko, esan behar ez izateko. Oro da diskurtsoetan zeru edo infernu, eta azkenean denak purgatorioan.

Hori bai, beti ez dago zertan hautatu.

Baina ni, despisterik egon ez dadin, kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.