garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Sastraka

2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Altxor bat dut esku-artean. Laukia da, binilo klasikoaren neurrikoa gutxi gorabehera, eta mardula, astuna, bere mami oparoaren seinale. Lehen agerikoan dena du aldeko, dena da dotore, kartoi gogorraren biluztasunetik hasi eta hizki beltz grabatuen sakonak ukitzean eragiten duen sentsaziorainoko guztia. Argazkiz, artelanez eta literatur testuez josiriko liburukotea da, hots eta musika CD bana lagun dituela, kontrazalaren barruan. Plusa dakarren liburua, beraz. Eta horrez gain, artefaktua dela ere erraz esan nezake. Molotov sofistikatu bat da, haurraren inozentziaz hurbilduko denari ezustean leher dakiokeena.

Liburua zabaltzera iritsi baino lehen, bi gauza otu zaizkit. Batetik, galdera moldean datorren baieztapena. Gaurko egunean nork eman dezake argitara holako gauza ikusgarria, azalean ageri diren sortzaileen miresle eta kultur gutizien maitale ez bada. Nork egin lezake apustu, amortizazioaren aurretik plazera jartzeko ausardia izan ez badu, denetan saririk ederrena sortzaileekin bat eginda agertzea dela pentsatuta ez bada. Pello Lizarralde, José Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda, Imanol Rayo. Eta alboan, Erein (egileak alfonbra gorria jarrita hartu dituen argitaletxea). Nahiko nuke nik ere halako bidaidea, euskararen itsasoan prekaritatea, oztopoa eta ziurgabetasuna besterik ez dagoen honetan.

Izenburuaren bidez otu zait bigarren pentsamendua. Elebitan dago. Sastraka-k naturaren indarra iradokitzen dit, pasabidea ixten duen hesi naturala izan liteke, eta era berean, bertan behera utzitakoaren gainean gogotsu hazten den ekosistema. Sarria eta arantzatsua da, baina abandonua estaltzen du. Izen positiboa dela dio nire subkontzientziak. Aldiz, gaztelaniazko ordaina, Maleza, gaitzaren eratorri jo dut. Ondo ezera eramaten nau, negatibora. Ez da alferrik esana, hizkuntza bakoitzak mundu-ikuskera bakana dakarrela bere baitan.

Hizkuntza-apeta horren abaroan heldu naiz liburuaren eskaintzara: «Inor ez da kalterik gabe ateratzen oroitzapen batetik». Hain zuzen ere. Esaldiaren indarrez, jauzika nabil orain, orriz orri, tokirik toki, gris okre berdezko kolore-paletan eta denboraren lausoan harrapatuta gelditu diren irudietan barrena. Ez da jenderik, lehengo bizitza molde batek utzitako arrastoa besterik. Kasu honetan ez da zalantzarik. Arrazoi du margolariak: objektuak dira memoriaren giltzarria. Fabrika-tximinia, futbolina, aulki zaharra, publizitate-hesi eta garabi abandonatuak, telefono-kabina, nora ezera daraman zebrabidea, hondeamakinaren atzapar herdoildua, gaur kosta ahala kosta ezabatu nahi dugun baina naturan betiko gelditu den plastikozko poltsa...

Altxor honen helburua memoria astintzea baldin bada, ezin hobeki bete du funtzioa. Astiro baina irmo, denboran atzera eraman nau, nire sastraka pertsonaletan barrena, definitu ezin dudan garai batera, ia ziur gazte nintzenekora, aspaldikoa eta era berean atenporala begitantzen zaidan horretara. Han ere ez da gaurko gatz-piperrik falta: gerrak, ezbehar nuklearrak, izurriteak, ekonomiaren porrota, krisia, migrazioa, heriotza bidegabeak, izua, ziurgabetasuna... garai guztietako zirimolak.

Baina zertaz ari naiz. Zer da astia. Zer da denbora. Asmazio bat, higadura hutsa... Edozer dela ere, konparazioak baizik ez dezake esplika; iraun, sortu, antzaldatu, hazi, garatu, lausotu, maskaldu diren elementuen transformazioak eta absentziak.

Egia biribila liburuak dakarrena: ez naiz oroitzapenetatik kalterik gabe aterako, baina gauzatxo bat argitu dit: norberaren sastrakak estali duenaz jabetzea da denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.