elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ukabilkadak auzitan

2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Eskerrak zuri-beltzeko pelikuletan odolaren eta ubelduren kolorea ez zen antzematen. Eta, hala ere, nahikoa zen gerritik gora biluzik zeuden gizon pareak goante borobil erraldoi haiekin elkarri ematen zizkioten zartaden hotsa entzutea, dardarka jartzeko. Badaezpada, begiak itxita eta belarriak esku banaz estalita pasatuko genuen filmaren pasarte hori; lagun ausartagoren batek trantzea bukatu zela abisatzen zigun arte. Boxeoaren mundua iluna, gogorra, desatsegina eta tragikoa zen, eta ez bakarrik pantaila handian, fikzioan.

Boxeolaririk hurbilenekoaUzkudun genuen, Paulino Uzkudun errezildarra (1899-1985).Haren senitartekoren bat ere ezagutzen genuen; baina Uzkuduni buruzko aipamenak bueltarik gabeko sententzia batekin bukatzen ziren beti: Uzkudunek falangistekin bat egin zuen 1936ko gerran. Zertzuk egin ote zituen? Isiltasunak okerrena iradokitzen zuen.

Laster, beste boxeolari bat azaldu zen ringetan: Joxe Manuel Ibar, Urtain. Hori baino lehen gure herrian bizi izan zen aldi batean, tratante familia batean morroi. Mutil iharra zen artean, bizikleta ahal zuen guztia bihurritu eta kiribilak eginez erabiltzen zuena, zizarea bailitzan; hortik etorriko zitzaion ezizena: Txixare. 1968an egin zuen boxeoko debuta Urtainek, Ordizian. Izan ere, Boxing Cluba zegoen han, herriko eragilerik bizienetakoa, Txapel Gorri txirrindularitza elkartearekin batera. (Guk Boxing-a ondo ezagutzen genuen, bertan egiten baikenuen gimnasia Falangeko irakaslearekin, mahonezko pololo zakar haiek —eta gainetik gona— jantzita). Falangistek Uzkudun bereganatu zuten bezala, frankismoak Urtain nahierara erabili zuen, betiere euskal morroskoaren paperean.

Onartu behar dut estereotipo historiko hauek —eta nazioarteko beste batzuk— gailendu zaizkidala boxeoaren iruditerian eta, ondorioz, boxeoaren munduari buruzko iritzian. Harik eta hedabideetan Danel Abando boxeolari eta boxeo irakaslearekin topo egin dudan arte. Danel Abando, Deustuko Tigrea, Joakin Lucarini zizelkariak egindako eskultura famatuaren izena izengoititzat hartuta. Urtarrilean EITBko Helmuga saioan ikusi nuen Abando, Ukabilketan euskaraz proiektua aurkezten: euskara gazteen mundura hurbiltzeko helburua duen ekimena, betiere boxeoaren esparrutik. Harritu eta poztu egin ninduen albisteak: euskara boxeoarekin nahastuta, hori bai noranahiko izatea! Eta gainera, neskak ere bazeuden boxeoko klasean.

Gerora, egunkari honetan bertan aurkitu dut Danel Abando, Ukabilkadak baino gogorragoak diren hitzak (BERRIA, 2022-05-17) artikulua sinatuz. Bertan beste artikulu honi erantzuten dio: Boxeoa, kirola? (BERRIA, 2022-05-11), Euxebio Arexolaleibak eta Joseba Zendoiak —erlijioko eta filosofiako irakasleak hurrenez hurren— idatzia.

Ez naiz gai eztabaidan sartzeko —boxeoa debekatu ala ez, alegia—. Onartu behar dut boxeoko irakasleak argudio arrazoitu eta zehatzak ematen dituela, bereziki afizionatu mailako boxeoaren alde. Erlijioko eta filosofiako irakasleek boxeo profesionala dute, batez ere, jomugan. Iazko irailean, boxeo saio baten ondorioz hil zen Jeanette Zacarias Zapata mexikarraren heriotzatik abiatuta, boxeoa kirol gisa ukatu egiten dute, osasunean eragiten dituen kalteei buruzko datuetan oinarrituta. Eta ahaztu gabe alderdi soziala: «Boxeolari gehienak jatorriz txiroak eta kultura-maila urrikoak izaten dira, eta boxeoa egoera horretatik irteteko aukera gisa ikusten dute». Bistan da mutur banatatik heltzen diotela gaiari Abandok eta Arexolaleiba-Zendoiak. Arbitroa(k) falta tartean. Umetako zinema-saioetan bezala, begiak itxi eta belarriak estalita konponduko balitz gauza...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.