elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Dogmatofago konplizea

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ez daukat ahaztekoItzean, barojatarren etxean, izandako lehen aldia. 70eko hamarkadako igande goiz bat zen, eta taldean joan ginen Iruñean euskarako gau-eskolak ematen genituenok, Patxi Zabaletaren gidaritzapean. Patxik dio Josu Goia Berako ekintzaile factotuma izan zela bisita hura ahalbidetu zuena. Julio Caro Barojak hartu gintuen Itzean, eta erakutsi zizkigun, azalpen guztiak emanez, Pio Barojaren txokoak eta Ricardo Barojaren koadroak. Ez naiz oso mitomanoa, baina bisita hark arrasto ezabaezina utzi zidan.Ordurako nobelarik gustukoenen artean neuzkan Zalacain el aventurero eta Las inquietudes de Shanti Andia. Dagoeneko sentitua nuen Pio Barojarekiko konplizitatea; idazlea begi-keinuka imajinatzen nuen zerbait irakurtzen nion aldiro.

Joan den abenduaren 28an bete ziren 150 urte Pio Baroja jaio zenetik. Duela 50 urte, «Nafarroako Bera Bidasoan Pio Baroja zenaren ehunurteburu justua ospatu zen», Xabier Letek Zeruko Argia-n (1973-01-07) kontatu zuenez. Artikuluaren izenburua: Julio Caro Baroja bere osabaz mintzo. Izan ere, Berako ekitaldiaren kronika egiteaz gain, Letek Pioren iloba elkarrizketatu zuen. Hark esandakoen artean: «(...) ziur nago nire osabaren kritika gerora oraingoa baino askoz ere hobeagoa egingo dela». (Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Egilazek eta Anjel Lertxundik apailatutako Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburuan dago jasota oiartzuarraren idatzia).

Julio Caro Barojak aurreikusten zuena, alegia, osabaren lanarekiko kritikak hobera egingo zuela, ez dakit gertatu den ala ez. Dakidana da 150. urteurrenean Pio Baroja presente dagoela bere jaioterrian erakusketa zoragarri baten bidez. Pio Baroja: literatur postalak du izenburutzat erakusketak, eta Ernest Lluch kultur etxean dago hilaren 28ra arte. Literatur postalak Pedro Pegenaute iruñarraren fotografietan oinarritzen dira; enfokatzen ditu argazkilariak, alde batetik, bere hiriko zenbait monumenturen detaileak; bestetik, Lapurdiko hainbat etxetako leihatila eta ate gorriztak; tarteka, itsaso zatiren bat. Irudi horietako bakoitza Barojaren aipu baten euskarri bihurtzen da. Adibidez: «Itsasoa giza arimaren gogoeta bezalakoa da, itsasgora haren alaitasuna da, itsasbehera haren tristura». (Vidas sombrías, 1900). Edo beste hau: «Ez da inoiz egon hizlari euskaldunik; hizlaria, han, musikari edo olerkari bihurtu da, bertsolari umil edo Iparragirre bardoa». (Fantasías Vascas, 1941). Azken bat: «Galdetzen didatenean zer sineste ditudan erlijioari dagokionez, agnostikoa naizela esan ohi dut gustagarria zait apur bat pedantea izatea burua itxita dutenekin; orain, gainera, erantsiko dut dogmatofagoa ere banaizela». (Juventud, egolatría, 1917). Barojak ez ei zuen oso aurrera egin bere mediku karreran, baina haren pilula literarioek eraginkor izaten segitzen dute.

Erakusketa Iruñeko Ipso Ediciones argitaletxearen Baroja & Yo bildumatik dator. Hogeita sei liburuxka, Pio Barojaren hainbat alderdi aztertzen dituztenak gaur egunetik. Ascensión Rivasek Mujeres barojianas izeneko lanean, idazleari egotzi izan zaion misoginia topiko hutsa dela baieztatzen du. Amparo Hurtadok Hermana querida - Arreba maitea-n Carmen Baroja Nessiren izaera feminista azaleratzen du. Bernardo Atxagak eta Joxe Mari Iturraldek idatzitako Órdago - Hor dago-n, Atxagak barojazaletasunaren giltza ematen du: «Barojak hurbiletik idazten zuen, gertutasunez eta konkretutasunez, esperientziatik, literaturakeriarik edo erretorikarik gabe. (...) Neure buruari galdetzen diot (...) barnetasun hori izan ote zen, euskaraz mintzo zen mundu horrekiko gertutasuna, Barojarengana bultzatu gintuena».

Bide batez: sagako aitzindaria izan zen Serafin Barojaren hitzek lehertuko dute gaur festa Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.