Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Gaur zortzi

2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Zer gertatuko da datorren igandean, azaroaren 4an, Altsasun? Ciudadanos eta Vox alderdiek Guardia Zibilaren aldeko manifestaziora deitu dute. Liskarrak sortuko dira? Talka gertatuko al da? Hori da behar dena? Nola erantzun behar zaio horri? Zein da jarrerarik inteligenteena eta eraginkorrena? Nola egin aurre gorrotoari eta manipulazioari? Ez dira galdera makalak.

Gaur zortzi Altsasu foku mediatikoaren erdigunean izango da. Espainiako banderez beteko dute. Ehunka, milaka agian, etorriko dira, saldoka eta saltoka, haien esanetan etsaien esku dagoen herria askatzera eta, bide batez, zortzi gazteei ezarri zaien ebazpen makurra muturren aurrean pasa eta mezu hauxe esateko: «Heretiko izaten jarraitzen baduzue, hau da espero behar duzuena: Guardia Zibila eta kartzela. Garbi dago, ezta?». Albert Rivera eta Santiago Abascal bertan izango dira. PPko presidente Pablo Casado ekainaren 24an izan zen bertan. Casado eta Rivera; Rivera eta Casado, adinez eta itxuraz molde bereko buruzagi gazteak. Batzuek Zipi eta Zape komikietako anaia bikiekin alderatu dituzte. Haiek zalaparta maite zuten. Hauek, berriz, lohia eta nahasmena. Izan ere, Pablok eta Albertek sarritan aldarte bera eskaintzen dute komunikabideen aurrean: mingain soltea, lokiak tenk, begirada hotz eta irrian izotz. Espainiako sektore kontserbadoreenak kitzikatzeko balio omen duen estrategia da.

Iruditeria eta berbaro baztertzaile horren aurrean, Altsasu Gurasoak mugimendutik beste balio eta mezuak azaldu dituzte. Biziki ongi aritu dira bozeramaile lanetan berton dauden emakumeak. Behin eta berriz aldarrikatu dute gauza bera: justizia eta duintasuna; ez besterik. Modu ezin apalago eta umilean egin dute eta babes zabala jaso dute, Altsasun, Nafarroan, Euskal Herrian eta Estatuko hainbat herritan ere. Izan ere, haien seme-alabekin egin duten astakeria hain da kirtena... Baina, mezuak ez ezik, formak ere asko zaindu dituzte. Beren bozeramaileek mingain soltea baino askea erabili dute eta begiradan elkartasuna eta samurtasuna helarazi dituzte. Joan den ekainean Bel Pozueta honela mintzo zen Gara egunkarian egin zioten elkarrizketan: «Gogoan duzu esaldi hura... elkartasuna herrien samurtasuna dela esaten zuena? Bada horixe topatu dugu guk hemen. Zaintzen ari zaizkigu, une oro babestuta eta maitatuta sentiarazten gaituzte». Bidegabekeriaren aurrean tinkotasuna erakutsi dute, irria inoiz ere pozoitu gabe.

Horregatik guztiagatik, gaur zortzi Altsasun burutuko den probokazioari ezin zaio molde zaharreko erantzunik eman. Riverak, Abascalek eta Casadok argazki zehatza bilatzen dute: Guardia Zibila, konstituzionalismoa eta Espainia jazarrita daudela erakusten duen argazkia. Oparituko al zaie argazki hori? Nik hauxe planteatuko nuke: egun horretan Altsasukoak aske dioen izara balkoi eta leiho guztietan zintzilikatuta utzi eta igandea baliatu San Pedroko zelaietan edo Bargagaineko muinean igarotzeko, festa eta lagun giroan, askatasuna aldarrikatuz eta duintasuna exijituz. «Beldur dira. Ihes egin dute», esango dute haiek. Eta guk, berriz: «Ez, jaun-andereok, mezu toxikoekin ez kutsatzeko etorri gara hona, sosegu bila». Eta kito. Era horretan liskarra saihestu eta argazkia izorratuko litzaieke.

Gainera, ez gaitezen inozoak izan. Espainiako eskuinarentzat, Altsasu aitzakia besterik da. Datorren igandeko manifestazio horretan beste zerbait ere eskatuko dute: konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra bertan behera geratzea; hots, Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekin batzeko aukera ahalbidetzen duen artikuluaren indargabetzea. Nafarroan aldaketaren gobernua ahalbidetu duten sektoreek ezin diete halako argazkirik oparitu egunero gorrotoa eta bazterkeria astintzen dituzten iraganezko indarrei. Gaurzortzi: bihotza bero, baina burua hotz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.