Inaki Galdos
ARKUPEAN

Himnoak eta antzak

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Duela hamabost egun hemen hizpide izan genuen liburuan, Eusko Jaurlaritza osatu berritan hartu beharreko lehen erabaki zailak Euskara Batuarena eta Ereserkiarena izan zirela aitortu zion Carlos Garaikoetxea lehendakariak Elixabete Garmendiari. Bide batez, Danboreneak egindako proposamen probokatzaile hura ere (himnotzat Desde Santurce a Bilbao izendatzearena) gogorazi digu pasarte hura ahaztuta geneukanoi.

Datagatik, iruditzen zait Oñatiko Unibertsitate zaharrean 1983an Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen irekiera ekitaldian izango zela lehenengo aldietakoa ofizialki jo zena. Herriko bandako zuzendariaren aita gerra irabazi zutenetakoa zen, eta Sestaoko bandako zuzendaritzatik ordurako jubilatuta, semearen agindupean tuba jotzen zuen. Gogorra egin zitzaion Eusko Abendaren Ereserki hura lehendakariaren aurrean jo beharra, eta azken unera arte saiatu zen Gernikako Arbola jotzen. Gogoan daukagu entsegu batean partiturak ere banatu zituela erdi ezkutuan, semearen haserrerako.

Gerrako oihartzuna dauka Pablo Solozabalen Deba martxaezagunak ere, hasiera bateanMadrileko euskal milizianoei 1936an eskainitako himnoa izan baitzen, lehenengo EuskoIndarra eta gero Euskadi Libre izenarekin bataiatua. Hogei urte beranduago bihurtu zuen donostiarrak gaur egun dena. Mendeku merkea da, baina bere jatorria ezagutzen zutenetako batzuek justizia poetikotzat hartzen zuten hasieran, doinu harekin herriko zenbait karlista eta frankista zahar gozatzen ikustea.

Berriki, Realaren eta Athleticen himnoak izan ditugu eztabaidagai gurean. Realaren letratik mutilak hitza ordezkatzea erabaki zen berdintasunaren izenean, eta Anoetan jendeak abestu ahal izateko erritmo motelagoa zuen bertsioa moldatzea. Zalaparta handia sortu zenez, azkenean zuzendaritzak atzera egin du eta berriz ere himnoaren erritmoa bizkortu. Zorionez, letraren aldaketan ez dira lehengora itzuli eta garbi geratu da oso gehiengo zabalaren babesa duela egindakoak.

Athleticenak hauts gehiago harrotu ditu, zalantzarik gabe. Eta neurri batean errudun ere sentitzen naiz, aurten, nolabait esatearren, sua piztu duen kazetariak nire aspaldiko idatzi bat hartu baitu abiapuntu, beste derbi baten atarian tronpa-soinuan idatzi nuena. Deseroso sentitu naiz hari horri tiraka sareetan irakurri ditudan zenbait gauzarekin. Egunkari honetan bertan, ostiralean Andoni Egañak esan zigun ez zaiola probintzien arteko kultur lapurren akusazioen bidea interesatzen eta himno horrekin gertatzen dena musikan oso ohikoak diren antzekotasunetan kokatu zuen, oker ez banago.

Beste gauza askotan bezala, asko zor diegu ansorenatarrei euskal musikan dauden antzekotasunei buruz egin duten ekarpenagatik. Jose Luis Ansorenak, adibidez, aspalditxo idatzi zuen Artolak Deuko, Olentzero buru handia eta Uno de enero... doinuen arteko antzekotasunari eta jatorriari buruz. Ber gauza Agur Jaunak ezagunari buruz. Beste Ansorena bati ere, Jose Ignaziori, irakurriak dizkiogu antzeko argibideak, XX. mende hasierako Azkue eta Gascueren arteko eztabaida sutsua gogoratuz, besteak beste.

Askorako ematen du, beraz, antzekotasunen gaiak musikan ere. Haatik, kontua da, nire uste apalean, eztabaidagai dugun Olaizola/Beobide/Bernaola musikarien himnoarekin gertatutakoa, antzekotasuna baino zerbait gehiago dela. Eta 1983 arte (kasualitatea, hau ere urte berean) milaka euskal musikarik sarri jotzen zuten doinu herrikoi bat, gauetik egunera futbol talde bateko himno bihurtu zutela. Ez dago ez Unidad Guipuzcoana sortu beharrik, ez Athletic gorrotatu beharrik, hura erabaki okerra izan zela pentsatzeko eta esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.