Liebermanek ezezkoa eman dio elkarrekin gobernatzeko Netanyahuren eskaintzari

Israelgo jarduneko lehen ministroak haren alderdiaren primarioak egitea iradoki du, «barne matxinadak» eragoztea helburu

ander perez zala
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gero eta zailagoa du agintean jarraitzea. Aurten bi aldiz egin behar izan dituzte parlamenturako bozak, eta bietan paisaia politiko zaila geratu zaio Netanyahuri, gobernua osatzeko negoziazioei begira. Lehen saiakeran ez zuen arrakastarik izan, eta egunotan abiatu duen bigarren saiakera ere bide beretik doa: Avigdor Lieberman haren aliatu ohiak atzo ezezkoa eman zion elkarrekin gobernatzeko egindako eskaintzari. Horren ordez, batasun gobernu bat osatzearen aldeko deia egin zuen.

Izan ere, Liebermanek Netanyahurekin eta Benny Gantz militar ohiarekin batera osatu nahi du gobernua, eta jarduneko lehen ministroari ohartarazi zion hori dela hirugarren hauteskundeak eragozteko formula «bakarra».

Gantzen Urdina eta Zuria koalizioak 33 diputatu eskuratu zituen iraileko bozetan; Netanyahuren Likudek, 32; eta Liebermanen Yisrael Beiteinuk, zortzi. 61 ordezkaritan dago Knesset-eko (parlamentuko) gehiengo osoa, eta hirurak elkartuko balira, aise gainditu lukete kopuru hori. Jarduneko lehen ministroaren plana, ordea, Gantz gabeko gobernua osatzea da; dagoeneko 55 ordezkariren babesa lortu du, eta Liebermanena falta zaio gehiengora iristeko. Netanyahuk gobernua osatzea lortuko ez balu, Israelgo presidente Reuven Rivlinek Gantzi eman liezaioke hori egiteko ardura, eta, hortaz, beste kolpe gogor bat jasoko luke Likuden agintariak.

Liebermanen diputatuak dira balantza alde batera edo bestera mugiarazi dezaketenak, baina Yisrael Beiteinuren agintaria tematu egin da Netanyahurekin eta Gantzekin batera gobernu bakarra osatzen, soilik horietako bati babesa eman beharrean. Alderdi arabiarrek nahiago dute Urdina eta Zuria koalizioaren alde egin, Likuden alde baino.

Oro har, aurtengoa ez da urte erraza izaten ari Netanyahurentzat. Haren agintea kolokan dago gobernua osatzeko dituen zailtasunengatik —hamahiru urte egin ditu lehen ministro karguan, eta hiru ustelkeria kasuk gogor jo dute haren irudia, etorkizun politikoa kolokan jartzeraino. Azkenean fiskaltzak akusazio horiengatik epaitzera bidaliko balu, ia ezinezko izango luke agintean jarraitzea.

Testuinguru horretan, sinesgarritasuna galtzen hasia da jarduneko lehen ministroa, eta horregatik iradoki du Likudeko primarioak egitea, «barne matxinadak» eragozte aldera; alderdiak berak eman zuen atzo asmo horren berri, ohar baten bidez: «Helburua da gainontzeko alderdiek nahi duten matxinada horren lilura apurtzea».

Parlamentua osatu dute

Gobernua eratzeko negoziazioekin zer gertatuko den zain,iraileko bozetatik ateratako parlamentua atzo osatu zuten diputatuek.

Aurreko ganberak hilabete inguru iraun zuen, eta ordezkari politikoak gauza bera gertatuko den beldur dira orain ere. Israelgo presidentea auzi horretaz aritu zen atzoko ekitaldian: «Gobernu bat osatzea ez da soilik herriaren nahia. Inoiz baino gehiago, behar ekonomiko bat da, eta segurtasunarekin ere zerikusia du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.