Inaki Galdos
ARKUPEAN

Oreka

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Zalantzarik gabe, aurrekontuen inguruko eztabaida, negoziazio, kalapita eta bozketek eskaintzen dute lurralde baten giro politikoaren argazkirik egokiena, baita alderdi zein koalizioen egoera eta xedeena ere. Beste kontu bat da zenbakiek, diru-sarrerek, inbertsioek, gastuek eta abarrek dinamika horretan duten benetako garrantzia. Esan nahi da, gero eta ageriagoan ari dela geratzen aurrekontuen inguruan lehenengo hartzen den erabakia, eman nahi den (edo ematea komeni den) botoarena dela, aurretik ezarritako estrategia politikoaren araberakoa; hortik aurrera jartzen dira martxan boto hori jantzi, arrazoitu eta azaltzeko ahaleginak.

Iazko azaroko Espainiako hauteskunde orokorren ondoren hemen bertan idatzitako hausnarketako ondorio nagusienetan zera esan genuen: sozialistek egunen batean erabaki beharko zutela—eta erabakiko zutela— Arnaldo Otegiren koalizioarekiko zuten jarrera ezin dela betikotu, besteak beste bere buruari harrika ere ari zelako Pedro Sanchezen alderdia horrelako marra gorriekin. Aurreikuspen horri gehitu genionaskok uste baino lehenago gertatuko zela jarrera aldaketa hori.Bada, behingoz aldarrikatu beharko dugu asmatu egin genuela. Behingoz.

Onartu beharko dugu, hala ere, horretarako PSOEk oso lagungarri izan duela ordutik honako EH Bilduren jarrera. Ezker Abertzale ofizialak aspalditxotik erabakitako ziabogan eta koalizioaren baitan adostutako estrategian murgilduta jarraitzen dute erabat, bidea hori dela sinetsita. Azken hauteskunde zikloaren emaitzek ez dirudi, gainera, arrazoirik kendu dietenik. Arkaitz Rodriguezen noizean behineko adierazpenak dira batez ere lantzean behin giroa arrarotzen dutenak. Agian egunen batean jakingo dugu ahoberokeria hutsak diren, barne egonezinaren adierazle, edota orekak mantentze aldera etxean adostutako rol banaketa, alderdi guztietan usu ikusten dena.

Kontua da, ordea, egiten den urrats bakoitzeko sortzen direla arrisku berriak ere, Otegik berak onartu berri duen bezala. Egiten diren urratsen tamainakoak dira arriskuak, eta Madrileko aurrekontuen ingurukoa ez da pauso txikia. Iaz (zehazki, aurtengo urtarrilean), barne galdeketan parte hartu zuten bildukideen %81ek eman zion zuzendaritzak eskatutako abstentzioari bultzada. Ez dakigu abstentziotik baiezkorako jauziak ondorio nabaririk izango duen, baina oraingoan ere badirudi babes zabala izango duela proposamenak. Hala ere, ez lukete gutxietsi behar euren boto-emaileetako askoren ondoeza, kontraesanak irensteko zailtasun nabarmena. Iruditzen zaigu zuzendaritzak kontraesanak onartze hutsarekin eta etorkizun oparoa aurreikuste hutsarekin ez dela nahikoa hainbat jende kontsolatzeko.

Ez dago jelkidea izan beharrik Andoni Ortuzarren alderdikoek aurrekontuen inguruan EH Bilduri egotzitako gauza gehientsuenetan arrazoi dutela pentsatzeko. Are gehiago, ironia puntu batekin hitz egiteko ere ematen dio azken hamarkadetako politikari erreparatu dionari; memoria nahikoa da, ez dago hemerotekara jo beharrik. Diskurtso eta kritika errazak ahalbideratzen dizkio, beraz, EAJri panorama berri honek, baina aldi berean jabetu beharko du begirada luzeko urratsa dela besteak egiten ari direna, inkoherentzien zaparrada hau laster pasatuko delakoan egina. Beste kontu bat da begirada luze horrekin ezarritako helburua lortuko duten.

Oreka kontua ere bada politika. Alderdi zein koalizioak beti ari dira orekak mantendu nahian, etxe barruko sentsibilitate ezberdinetako jendea asebetetzeko eta jendarteko sektore berriak erakartzeko. Baina horrela etorkizunean hegemoniaren borroka irabaziko duelakoan mugimendu izatetik alderdi homologatu izaterako (edo itxura hori emateko) urratsa egiten duenak badu pitzadurak izateko, jende asko umezurtz uzteko arriskurik. Eta ez da arrisku txikiagoa, estrategian sinesten duenari gehiegizko itxaropenak ematearena erdietsiko diren lorpenei buruz eta lorpenak iritsiko diren epeei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.