Inaki Galdos
ARKUPEAN

Zirimola

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gizon argia da Juan Carlos Monedero, ezin ukatu. Probokatzaile eta friki ere agertzen da sarri, nork daki berezko izaeraren ispilu edo eraikitako pertsonaiaren fruitu. Kontua da esaten dituenak interesgarriak direlaia beti, are gehiago orain arteko outsider papera alboratu eta Podemos alderdiko fundazioaren zuzendaritzari heldu dionetik.

Vicent Partal ezinbesteko erreferentzia da Kataluniako afera jarraitzen ari garenontzat. Azken urteetan Vilaweb egunkari digitalean gauzatu den bere ibilbide oparoan argibide ederrak eman dizkigu han gertatzen ari denari buruz, aldi berean Euskal Herrirako ikasgai interesgarri bihurtzen direnak usu. Ez gara gutxi egunkari honetako igandeak Partal beraren eta Martxelo Otamendiren arteko gutunen irakurketarekin hasten ditugunak, are gehiago Maria Obelleiro galiziarrarekin hirukotea osatu dutenetik.

Amaitu berri den urtearen hondarrean independentismoari buruzko gogoetekin agertu zitzaizkigun Monedero eta Partal. Madrildarrak elDiario.es egunkariari eskainitako elkarrizketa mamitsuan esan zuen Espainia erreformaezinaren inguruko independentismoaren diskurtsoaren faltsutasuna agerian geratu dela. Besteak beste Iñaki Urdangarin eta Rodrigo Rato kartzelan ikusteak adierazten omen du hori, agian Juan Carlos I.a errege emeritua ere egunen batean bere baitan jasoko duen kartzelan. Valentziarrak, ordea, kontrako ondorioa atera zuen, egunkari honetan bertan bere gutunetako batean adierazi zuen bezala: jabetu behar dugu ezin dugula ezer espero Espainiarengandik. Arazoa ez direla epaile batzuk, militar batzuk edo funtzionario batzuk. Arazo bat dagoela, arazo ikaragarri bat, Espainiako ustezko ezker progresistan ere.

Elkarrengandik urruti daude, beraz, bata eta bestea kontu honetan, baina biek ala biek bat egiten dute debatearen erdigunean Espainian eraldaketa sakonak ezartzeko dauden aukerak edota aukera faltak jartzean independentismoa errefusatu edo defendatzeko orduan. Eta ateratzen dituen ondorioekin bat ez etorri arren, arrazoia eman behar Monederori bere gogoetan: independismoak(ek) bere(n) diskurtsoa nabarmenki esparru horretan kokatu du(te) aspaldion. Ondorioz sortzen den galdera ez da hutsala: ba al du etorkizunik zirimola horretan igeri egin nahian ad infinitum dabilen independentismoak?

Ukaezina da Katalunia zein Euskal Herriko egungo abertzalegoa ez dela nahikoa estrategia independentista propioa ezartzeko, beraz jende gehiago behar dela subjektu independentista indartsuagoa eraikitzeko. Horretarako, besteak beste, ustelkeriarekin, monarkiarekin edota eskuin muturraren oldartzearekin erreta dauden sektoreak erakartzeko saiakerak areagotu egin dira.Ondo daki hori Monederok eta horregatik ari da sektore horiei gogorarazten, adibidez, Urdangarin, Rato eta enparauak kartzelatu dituztela dagoeneko; beste Espainia bat posible dela azpimarratzen. Hor ari dira kokatzen borroka Podemos eta PSOE, eta dialektika hori onartzen hainbat independentista ere.

Independentismoa desabertzaletzeak izan dezake onurarik une jakin batzuetan, baina baita arriskuak ere, bere garaian hemen idatzi genuen bezala. Bide hori proposatu izan dutenei erantzun izan diet beti pentsatu dudala, Katalunian independentismoa sendotu bada, abertzale ez zen jende pila bat abertzaletu egin delako izan dela, nahiz eta gehienek ez duten onartuko abertzaleak direnik, abertzale izatearen inguruko eztabaida oso labankorra delako. Ez dago modan hau esatea identitario eta horrelako hitzak bueltan entzun gabe, baina Euskal Herria inoiz independentea bada, abertzaleago bihurtu delako izango da.

Barka atrebentzia, baina ez dakit asko espero daitekeen independentismoaren gorabeherak Rodrigo Ratoren egoeraren edota Espainiako beste hainbat lorpen historikoren arabera ezartzen baditugu, errepublika berri baten ametsa barne. Marko horretan beti agertu(ko) da Gonzalez, Zapatero, Sanchez, Iglesias edota Monederoren bat gozokiak banatzen. Independentismoak, arrakasta izatekotan, hori baino sendoagoa behar du izan, eta bere burua zirimola horretatik at kokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.