Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Maiatzaren 10etik aurrera zer?

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Iazko martxoaren 8a zen, Musika Música-ren azken eguna. Lili Boulanger, Emiliana Zubeldia, María Malibrán, Paulina Virardot eta Cecilia Chaminade konpositoreak gogoratzeko kartel erraldoiak jarri genituen Euskalduna jauregiko plazan. Omenaldi xumea, artista izaera ezkutuan gorde behar izan zuten emakume handi haiei.

Ordurako bagenuen birus berezi baten berri, batez ere Gasteizen ageri zena. Egun gutxira, hilaren 13an, alerta egoera dekretatu zuen Eusko Jaurlaritzak eta, bi egun beranduago, alarma egoera genuen Estatu osoan. Espainiako Gobernuak aginte bakarra ezarri zuen erkidego autonomoek egin behar zutena diktatzeko. Aginte bakarra, militarrak eta guardia zibilak tarteko, prentsa aurretan egoeraren berri eman eta, aldi berean, nork agintzen zuen erakusteko.

Eusko Jaurlaritza aginte bakarraren aurka azaldu zen, onartezina baitzen euskal eskumenen gainetik inork agintzea zer eta nola. Denok gogoratzen ditugu agerraldi politiko-militar haiek agintea bat eta bakarra zela erakusten. Egoera zail hartan ezinbestekoa zen euskal erakundeen eskuduntzak balioestea. Gobernantza partekatzea hainbat bider aldarrikatuz lortu zuen lehendakariak elkarlanerako jarrera onar zezan Espainiako Gobernuak.

Erpin ugari du egungo egoerak. Transmisio datuetan gaur gora eta bihar behera, horixe da pandemiaren ezaugarri larrienetako bat ia Europa osoan. Apirila gogorra izan da Euskal Herrian. Aldiz, Valentziak, esaterako, 50eko intzidentzia metatua du, orain bi-hiru hilabete 1.450ekoa zuenean. Egun hauetan gure komunitatean 500dik gora gabiltza, gailurra noiz joko kezkatuta. Egoeraren larritasunetako bat hobekuntza behin-behinekoek dakarten ziurgabetasunak eragiten du. Dagoeneko ia 4.200 pertsona hil zaizkigu EAEn. Herritar asko galdu dugu. Familia asko dago gainditu ezineko doluan.

Eremu eta denbora-tarte zabalagoak kontsideratzeak egoeraz jabetzeko aukera zehatzagoa eskaintzen du eta baliogabetzenlaguntzen digu hitz lodiez eta arinkeriaz egindako juzguak. Esaterako, birusaren kontrol zorrotzagoa eginez kutsadura eta, batez ere, heriotzak ekiditeko tresnen artean, baheketak eta test kopuruak dauzkagu. Pandemia dekretatu zenetik hona, estatu espainiarrean 1.307 egin dira 100.000 biztanleko; Euskadin, aldiz, 2.602. Bestalde, pandemiak dirauen urte luze honetan aurreko aldi berdinarekiko heriotzak %20,9 ugaldu dira Estatuan; Euskadin,%11,9. Muturreko datu larrienetako bat aipatzearren, Madrilen %41,2 ugaldu dira heriotzak tarte horretan.

Pandemia gainditu ahal izateko txertaketa masiboa azkar lortzea da lehentasuna. Eta bitartean, oinarrizko eskubideak murrizten jarraitzea. Asko kostatzen zaigu eskubide demokratikoak mugatuz bizitzea, baina gure osasun kolektiboak horixe exijitzen digu. Horretarako, tresna juridiko segurua behar da, eta aditu guztiek diote alarma egoerarik ezean ez dagoela babes juridiko nahikorik.

Maiatzaren 9an alarma egoera mozteko erabaki tinkoa agertu du Espainiako Gobernuak, egoeraren larritasunak ez duenean, tamalez,besterik aurreikusten astebetean. Ez da erraza erabaki horren arrazoia asmatzea. Madrileko hauteskunde kanpaina? Ez dirudi koiuntura horrek entitaterik duenik hain gogorra den erabakia hartzeko. Kongresuan ohikoa bihurtu den eztabaida narrasa ekiditea? Hori instalatuta dago aspaldi. Espainiaren turismoari begirako irudia hobetzea? Ez dago irudi okerragorik norbere errealitatea ezkutatzea baino. Sinistu nahi dut beste garai batzuetako erregimenak ohiko zuen hori ez dela Espainiako gobernu honek darabilen arrazoia. Ez dakigula horrelakorik gertatu. Ez gurean behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.