Inaki Galdos
ARKUPEAN

Izenak eta etiketak

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Mutikotan, munduan zehar gertatzen ari zenari buruzko jakin-mina piztean, hasi nintzen han-hemenka informazio bila (orduan ez zegoen Internetik) eta egin nuen topo El Salvadorreko Arena alderdi sortu berriarekin. Errepublikanoa eta nazionalista, izenaren (akronimoaren) arabera. Beraz, gutarrak izango dira, esan nion neure buruari, berehala izan nuen arte Roberto d'Aubuisson eta gainerakoen berri.

Jabetzen hasiak ginen ez zela erosoa norbere burua nazionalistatzat aurkeztea, azalpen luzeak eman behar zirelako —direlako— nazionalismo hori zertan datzan azaltzen eta, batez ere, munduan zehar historikoki izan diren hainbat alderdi eta jokaerarekin zerikusirik ez dugula argitzen.

Milaka ordu ditugu batzuk emanak ahalegin horretan eta agian horregatik erabaki dute askok bide errazagoari heltzea, etiketari uko eginez. EAJko zuzendaritzak ere egin zuen saiakera bat bere garaian gaztelaniazko izena aldatzeko, baina alderdikideek ez zioten onartu, Bai ordea ingelesezko izenean: Basque National Party, ez Nationalist.

Ordurako, gainera, konturatuak geunden ez zela hori gugan nahasmena sortzen zuen etiketa politiko bakarra. Herrira iristen ziren euskal jatorriko estatubatuarrekin politikaz hitz egiten hasi ginenean, ez zen bera eurek eta guk liberal hitzari ematen genion esanahia. Ezta hurrik eman ere. Hurrengo hamarkadetan areagotuz joan den joeraren arabera, AEBetan liberal izena jasotzen dutenak ezkerrekoak dira erabat; Trump eta enparauen ustez ia-ia komunistak.

Egiatan, sozialismoarekin ere ber gauza gertatzen da, izugarri esparru zabala elkarrekin zerikusirik ez duten —elkarren kontrakoak diren— alderdi eta mugimenduek historikoki erabilitako deitura; edota sozialdemokraziarekin, osoki gauza ezberdinak Portugalen eta Espainian, adibide bat jartzearren. Garai berriagoetan populismoak eman digu lana, baztertu beharreko praktika izatetik, normalean eskuinak edota eskuin muturrak erabilia, bat-batean esan zigutelako badagoela, kolesterola bezala, populismo txar bat baina baita on bat ere, bestearekin nahastu behar ez duguna. Chantal Mouffe eta Ernesto Laclauren jarraitzaileek zioskuten hori, batez ere Iñigo Errejonek Espainian eta Jean-Luc Melenchonek Frantzian. Ez dakit, beste batzuek nazionalismoarekin bezala, hauek ere arrakasta handirik izan duten euren azalpenekin.

Nazionalista, sozialista, liberala, populista, komunista... hau lana bakoitzaren ñabardurak ulertzen eta azaltzen! Agian horregatik dago joera garbia alderdi eta mugimendu berrien artean izen bereziak (sarri bitxiak ere bai) jartzearena, ideologia jakin batean kokatu beharrean marka jakina (eta hain zehatza) eramango ez duena. Komeni ez delako, besteak beste, Daniel Innerarity-k deskribatu izan duen ziurgabetasun eta zalantzaz betetako politika molde berri hauetan gehiegi ez bustitzeko. Horrela sortu dira Podemos, En Marche!, 5 Stelle eta beste asko.

Testuinguru honetan La France insoumise plataformaren izena egiten zaigu bereziki deigarria. Ezin ukatu (momentuz) izen erakargarria dela, baina gauzak nola doazen ikusita, hau da, Frantziako ezkerrean erabateko nagusitasuna lortu duela jabetuta, ez da baztertzekoa bere buruzagi nagusia lehen ministro izatera iristea, edo gutxienez talde handi bateko burua Asanblea Nazionalean. Hori da Melenchonek hirugarren itzulia deitu duen horretarako bere buruari jarri dion helburu nagusia. Lortzen badu soilik jakingo dugu zertan den bere intsumisio egarria. Beste era batera esanda, orduan ikusiko da izenaren eta izanaren artean benetan dagoen diferentzia, izen klasikoagoekin gertatu den bezala. Irrikan gaude ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.