mikel elorza
ARKUPEAN

Aitzina, errepikatu gabe

2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Atzo ikusi nuelarikBERRIA egunkariak 19 urte bete dituela, zenbaki biribila ez baina nahikoa trapezoidala iruditu zitzaidan gogoratzeko kazeta honek adin nagusitasuna ez zuelaiaz lortu, sortze beretik zekarrela, egunkari zaharra nola itxi eta berria nola sortu zen ezagututa soberako heldutasunarekin zetorrela, apal etorrita ere. Ahalmen ekonomikoak eragindako derrigorrezko apaltasuna, besteak beste.

Euskal Herriari, kultur eta hizkuntz komunitate gisa, aurrera egiteko gertatu zaion gauza onenetako bat da euskarazko eguneroko moderno eta integrala, mundua guri ekartzeaz gain gu mundura eramateko ere balio izan duena. Euskaratik eta euskaraz. Ven y cuéntalo gabe, Basque Country barik. Ez dago gaizki tarteka gogora ekartzea, ez gaitezen gauza batzuen balioaz jabetu soilik faltan ditugunean. Ez ditzagun akatsak larregi errepikatu.

Udako lehen aste hartan, duela 19 urte, bidali nion Petxari jaioberri hartarako nire lehen artikulua, Konstituzioetaraino izenburukoa. Europako balizko konstituzioaz niharduen, nekazaritza ereduez eta, nagusiki, EAEri 155. artikulua ezartzea zenbaitek (Mayor Oreja...) eskatu izanaz. Erokeria bailitzan, ni. Nola ezarriko zuten 155.a, mesedez!! Politikarako izan dudan aurreikuspen kamutsa erakusteaz gain, erakusten du, oraindik begiratuta, XXI. mendean askatasun politiko, zibil eta sozial askotan atzera egin dugula, inguratzen gaituen oro aurrerapentzat saltzen bazaigu ere.

Esan nezake errealitatea egoskorra dela erakusten duela atzera begiratze horrek, behin eta berriro errepikatzen dela zenbait gertakizun eta istorio, baina seguruenik izango da aitzakia bat estali nahi izateko hogei urtean gauza berdintsuak esaten dihardudala nik. Ez besterik.

Ez baita errepikatzen.

Zeren eta 2003an Bidasoan ez ziren migranteak itotzen. Kanariar irletara bidean bai, mordoa, eta justu 2003an aldatu zen Atzerritar Legea kanporatze bat-batekoak baimenduz Espainiako Estatuan; baina Bidasoan urte horretan ez zen migranterik ito. Eta Aita Mari-ren aparailuek Kantauriko hegaluzea ontziratzen zuten 2003an; ez hegalik gabeko (eta paperik gabeko eta etorkizunik gabeko eta abar gabeko) arrainak.

Zeren eta 2003an, euroa txanpon bakar gisa sartu berri, oraindik ere pezetetan kalkulatzen genituen kopuru handiak, eta beraz unibertsitate itunpeko batena den Basque Culinary Centerren fakultate berria egiteko Administrazioaren laguntzarekin jarriko diren 4.000 milioi pezeta horiek izugarria ematen dute, baina eurotan 26 baino ez dira, milioiak. Eta oparituko zaien lursailari dagokionez, Grosen gaur egun 6.000 eurotan dagoela metro koadroaren prezioa, bada 2003an seguruena ez zen 5.000ra iritsiko, milioi bat pezeta ere ez! Gainera, orduko hartan bestelako eraikin eta estadioak finantzatzen eta lurrak oparitzen zebilen Administrazioa.

Zeren eta 2003an Europaren konstituzioarena mintzagai zen, baina orain ez, Europa bat da arau nagusirik gabe ere. Ukrainan gerrarik ez zegoen, gainera, eta AEBetako armak ez ziren Donbassen dantzatzen. Akaso izango zen oso okupatuta zeudelako Iraken herritarrak zafratzen eta suntsipen handiko gezurrak misilkadaka estaltzen.

Zeren eta 2003an Nafarroa ez zen uda bezperetan kiskali. Egia da Europa osoa egosi zela, beroteak eraginda, milaka hildakorekin (milaka, bai), baina udan izan zen, eta orduan ez zen klima-aldaketa hainbeste aipatzen. Medioak ez zebiltzan latoso sei urte lehenagoko Kyotoko Protokoloa ez zela betetzen aldarrikatuz eta ondorioez ohartaraziz.

Nire mozdadea da, beraz, errepikapenarena. Bertzela, mundua ez da errepikatzen. Aurrera doa.

(Eta espero dezagun, mundua doan tokira doala, BERRIA (edoBERRIAGOA) izango dela hori guri euskaratik eta euskaraz kontatzeko).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.