Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Eta gu?

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Erotzekoa izan da. Informazioa eta politikaren mundua gertutik jarraitzen dugunontzat aste hau ikaragarria izan da. Aztoramena maila guztietan sumatu da: komunikabideetan, kaleetan, auzitegietan, tertulia politikoetan... Gogoeta honen abiapuntu bi galdera hauek dira: nortzuk izan dira eromenezko aste honen protagonistak? Zein izan da agendaren ardatza?

Gogoan duzue «kontalari» (relator-a) hitz famatuaren inguruan piztu zen kalapita? Aste bat baino ez da igaro, baina eternitatea pasatu dela dirudi. Atzo jakin genuen hurrengo hauteskunde orokorrak apirilaren 28an izango direla. Azken astean denetik gertatu da: Espainiako eskuinek eztabaida politikoa lehertu, kalera irten eta estatuko agenda erabat baldintzatzea lortu dute, harik eta Sanchezen Gobernuak hauteskundeetara deitzea lortu duten arte. Baina gertakizunik historikoena joan den asteartean Kataluniako proces-eko buruzagien aurka hasitako epaiketa izan da. Asteko jazoera guztiak ardatz baten inguruan biratu dira: kataluniarrek gauzatu nahi duten autodeterminazio eskubidearen inguruan, alegia. Haiek izan dira protagonista. Haiek markatu dute agenda.

Oriol Junquerasek ostegunean hartu zuen hitza Auzitegi Gorenean: «Ni preso politikoa naiz. Nire ideiengatik nago gaur hemen; ez delituak egiteagatik. Guk erabilitako metodoak beti baketsuak izan dira». Ozen entzun zen bere ahotsa aretoan. Duin. Junquerasen jarrerak Burgosko epaiketa historikoan bizi izandako eszena hunkigarriak ekarri zizkidan gogora. Epaiketa sumarisimo hartan 16 akusatu zeuden. Denak euskaldunak eta denek garbi utzi zuten epaile militarren muturren aurrean beren borroka —kasu hartan bai armatua— guztiz politikoa zela eta Euskal Herriaren alde ari zirela borrokan. 1970ean izan zen. Ia mende erdia igaro da. Testuinguruak aldatu dira, bai. Orduan diktaduran bizi ginen; orain, sasi-demokrazian. Armarik gabe dena da posible. Zenbat aldiz entzun dugu lelo bera. Benetan? Duela 50 urte, orain bezala, ardatzaren erdian autodeterminazio eskubidea zegoen. Orduan krimena zen; orain ere bai. Protagonistak aldatu dira. Orduan Euskal Herria mundu osoaren agendan kokatu zen. Orain, Katalunia.

Non egon gara besteok hamar urteotan? Zer egin dugu Euskal Herritik Kataluniak modu baketsu eta eredugarrian aurrera eraman duen prozesua hauspotzeko edo laguntzeko? GEDek eta beste hainbat gizarte eragilek protesta ekintza eta elkartasun keinu ugari antolatu dituzte. Bihar bertan dugu aukera Donostian gure elkartasuna agertzeko (12:00etan Katalunia plazan). Baina non egon dira gure agintari politiko gorenak? Noren ondoan?

Duela justu 80 urte (1939ko otsailaren 5ean) Lluís Companys president-a eta Jose Antonio Agirre lehendakaria erbestera joan ziren. Elkarrekin ihes egin zuten, Francoren diktaduratik. La Vajol-eko pasabidetik (Alt Empordà) igaro zuten muga. Zortzi hamarkada geroago, bistan da Jaurlaritzaren bidea beste bat dela, baita formetan ere. Iñigo Urkulluk bere erara adierazi zuen akusatuekiko elkartasuna, Twitter-eko txio baten bitartez: «Epaiketa hau frakaso bat da». Moderno bezain motz. Pobre bezain hotz. Hori da lehendakariari begitandu zaion guztia?

Esfera publikoan eragiteko moduak tarte laburrean izugarri aldatu dira. Astebetean zerotik ehunera igarotzen gara ia konturatu gabe. Egoerak oso aldakor eta likidoak bihurtu dira. Lurrun artean asmatzea zaila da oso; eragiteko borondatea behar da. Ez soilik egonean iraun. Erabakitzeko eskubidea ez da sofatik lortuko. Eragin behar da agendan, esfera publikoan, kalean eta instituzioetan. Izan ere, norberak bete gabe uzten duen espazioa beste batek beteko du haren mezu eta marko propioekin. Alferrik dira orduan amuak eta damuak, atzetik ibiliko baikara beti. Atzetik eta berandu.

Atariko galderetara nator: Nork markatu du agenda aste honetan? Eta azken hamarkada honetan? Non egon gara gu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.