Sua Australia kutsatzen ari da

Azken hilabeteko baso suteek lau pertsona hil eta milioi bat hektarea baino gehiago erre dituzte

Suhiltzaile batzuk Sydney hego mendebaldeko Colo gailurrean lanean, asteartean. DEAN LEWINS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Australian ohikoak dira baso suteak, baina aurten, uda hasi ere egin baino lehen, bereziki kezkagarria da. Sydney hiriburua Hegoaldeko Gales Berria eskualdean dago, eta hor inoiz erregistraturiko kutsadura mailarik handienak izan ziren joan den ostiralean. Urritik, lau pertsona hil ditu suak, eta laurehun etxe suntsitu. Aurreikuspenak ere ez dira onak: goiz hasi da suteen garaia, eta 40 gradutik gorako tenperaturak dituzte jada; gainera, lehortea luzatzen ari da —erregistroak daudenetik, 2019ko azaroaren 11 izan zen Australian euririk egin ez duen lehen eguna—. Milioi bat hektarea baino gehiago erre dira.

Suteen zuzeneko arriskuez gain, kutsadura arazo larri bilakatzen ari da herritarrentzat. Sydneytik 800 kilometrora dago Bourke hiria, eta, hango alkate Barry Hollmanek Reuters agentziari esan dionez, «kaleak hutsik daude, eta herritarrak ez dira etxetik ateratzen, ahal duten neurrian». Egunotan, gomendatutako neurriak baino hamabost aldiz handiagoa da airearen kutsadura Bourken. Wollongongeko Unibertsitateko irakasle Ross Bradstockek asteazkenean baieztatu zuenez, Hegoaldeko Gales Berriaren historiako suterik gogorrenak dituzte orain: «Suteak azkar garatzeko osagai guztiak elkartu dira». Sydney iritsi da Air Visualen zortzigarren izatera ere, munduan gehien kutsatutako hirien zerrendan. Victoria estatuan, berriz, zazpi egunez 40 graduko tenperaturei aurre egiteko neurriak hartzen ari dira larrialdi zerbitzuak; hori gertatuz gero, heriotza tasa handitu daiteke, sare elektrikoa kolapsatu, eta sute larriak sor daitezke.

Oraindik piztuta daude hirurogei sute inguru, eta hilabeteetako lana izango da guztiak kontrolatzea. Heriotzaz eta ebakuazioez gain, kezka sortzen ari da sutea Australiako faunari kalte egiten ari zaiola; ehunka koala hil ditu. Hegoaldeko Gales Berriko Polizia ari da ikertzen ea suteak nahita piztuak izan diren ala ez.

Scott Morrison Australiako lehen ministroari suteen aurka ezer gutxi egin duela egotzi diote hainbat herritarrek eta eragilek. Oposizioan den Alderdi Berdeak gogor egin zuen haren kontra joan den astean: «Klima larrialdiari ez ikusiarena egiten segitzen badu, isuriak murrizteko neurriak hartzen ez baditu, australiarren bizia arriskuan jartzen ariko da». Ildo beretik jo zuen Jordon Steele-John senatariak: «Ez zarete piromano talde bat baino hobeak, eta lotsatuta egon beharko zenukete; gure komunitatea ari da ordaintzen urteetan zuen egoismoak eta ezjakintasunak sortutako kaltea». Morrisonek, ordea, ukatu egin zuen bere politikek eta suteek zerikusia dutela; emisioak murrizteko politika gogorragoak ezarriko balitu enplegu galera ekarriko luketela argudiatu zuen joan den ostiralean. Besteak beste, ikatzaren industria babestu du Morrisonen gobernuak indarrean denetik —2018ko abuztutik—.

Australiako Gobernu kontserbadoreak konpromisoa hartu zuen, Parisko Akordioan, isuriak %26-28 artean murrizteko 2030erako, baina, adituen arabera, egungo garapenarekin ez du beteko helburu hori.

Negurik ez 2050erako

Australiako Unibertsitate Nazionalaren ikerketa batek dioenez, Australiak ez du negurik izango 2050. urtean: «Urtaro bakoitzeko tenperaturak erkatuta, nabaritu dugu ez dela neguko denboraldi iraunkor bat izango 30 urte barru». Hortik aurrera «uda berria» deitu dioten urtaro bat sortuko dela diote ikerlariek.

Adituek aurreikusten dute aurtengo uda gogorra izango dela, baina 2009ko otsaileko gertakariak berriro ez gertatzea espero dute. Black Saturday izena jarri zioten ostiral hari; 173 pertsona hil ziren Victoria eskualdean, eta guztira 374 lagun ere hil ziren bero bolada batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.