Bizkaiak inbertsio funts handiak laguntzeko zerga aldaketa onartu du

EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin onartu dute arau berria Batzar Nagusiek, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkakoekin

Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Ogasun diputatu Jose Maria Iruarrizaga, agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Egoitza fiskala Bizkaian jartzen duten inbertsio funts handiek errenta zerga apalagoa pagatuko dute. PFEZaren zergapetzeko oinarria %50era murriztu dien araua onartu zuten Batzar Nagusiek, atzo, EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu zuten «errentarikhandienei mesede bat» egin nahi dietelakoan. Proiektua aldundiari itzultzeko eskatu zuen EH Bilduk, baina foru ganberak alboratu egin zuen eskaera hori, eta, hortaz, atzodanik indarrean da inbertsio funts alternatibo gisa ezagutzen direnen abantaila fiskala Bizkaian.

Hala, ekintzailetza, berrikuntza eta, oro har, jarduera ekonomikoarekin lotutako funtsen kudeatzaileek beherapen berezi hori izango dute errenta zergan, eta Unai Rementeriak gidatzen duen foru gobernuak funts handiak Bizkaira erakartzeko tresna izango du, bide luze baten ondoren.

Izan ere, atzo onartutako zerga aldaketa dekretu bidez gauzatzen saiatu zen aldundia iazko udan. Bilboko Aste Nagusian eta inolako oihartzunik eman gabe onartu nahi izan zuen aberastasun handiek zerga gutxiago pagatzea ekarriko zuen arau bat, baina PSEk atzera egin zuen, hedabideek gaiari orri eta ordu ugari eskaini ondoren. Besteak beste, Athleticek mesede handia jasoko zuen arau horri esker, futbolarien soldataren errenta zerga askoz txikiagoa pagatuko zuelako. Eskandaluaren gordinean, PSEk araua ez babestea erabaki zuen, eta foru gobernuak beste proiektu baten tramitazioari ekin zion. Proiektu hori da atzo onartutakoa.

«Esperpentoa»

«Bitarteko ekonomiko handiak dituen jendeari» arindu diote errenta zerga, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkidearen arabera; «errentarik handienei mesede bat egiten ari zaie», esan zuen, eta ados azaldu zen LAB sindikatuak lege proiektuari jarritako helegitearekin. Funts handiek tokiko ekonomian ez dutela eragin positiborik dio sindikatuaren idatziak; «alderantziz, kalte egiten die». Urkaregik gaineratu zuen «esperpentoa» dela diputazioaren zerga aldaketaren prozesua, eta gogoratu zuen gobernuak «atzera» bota behar izan zuela jatorrizko dekretua.

Elkarrekin Podemosek ere kritika gogorrak egin zituen, arau berria dela eta. «Inbertsio funts alternatiboen neurrira egindako oparitxo bat» dela esan zuen Eneritz Madariagak. «Lurraldea enkante batean jartzea da, eta finantzen marrazoei atea irekitzea, enpresen sarea suntsitzeko». Madariagak esplikatu zuen erakarri nahi diren funtsek enpresen inbertsioei muzin egiten dietela, «epe motzeko irabaziak lehenetsiz».

Errenta zergaren aldaketak ez die eragingo dagoeneko Bizkaian dauden funtsei, EAJko batzarkide Jane Eyre Urkietak azaldu zuenez. Oinarri teknologikoa duten enpresa berrietan inbertitzen duten funtsentzako dela esplikatu zuen. Foru gobernuko beste bazkideak, PSEk, esan zuen errenta irregular gisa ezagutzen diren errenta handiek orain arte bezala pagatzen jarraituko dutela. Ekain Rico batzarkideak erantsi zuen iazko dekretuarekin ez duela zerikusirik arau berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.