Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Bigarren etxea

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Nire amatxiren etxeaez dut defendituko.Udan, Bretainiak turista asko erakartzen ditu. Han, Paris inguruetatik nagusiki heldu dira bakantzatiarrak. Autoz edo trenez laster helduko dira kostalde eder, salbai eta gordin honetara. Batzuk iparraldera joko dute, Perroz-Gireg-eko kasinoaz eta granito arrosaz osaturiko hondartzaz gozatzeko. Beste batzuk Ar Baol-eko (La Baule) badia hautatuko dute bere villa, hotel eta zaldi lasterkaldiekin.

Uda guziz amatxiren etxea jendez gainezka atzematen genuen. Hainbat kusi, otto eta ttanttahan elkartzen ziren. Orain, gutti. Aldiz, aurten berriz ere mukuru bete genuen etxea; amatxik azken urteak iragaten ari zituela oharturik. Uharte ttiki horren xoko eta zulo guziak ezagutzen genituen. Amatxik erakutsitako larreetan pasatzen ziren xendra guziak gogoan genituen denak, Korrigan delakoekin gauaz ez gertatzeko. Baina gure nostalgia euforikoa laster ilundu zen. Gure uhartean okindegirik ez zegoela gehiago oharturik. Auzoak azkarki biderkatu zirela azpimarratuz, eta beraz gu uhartean itotzen ginela.

Udan hiru hilabetez amatxik lekua gozatzen du. Beste familiakoak bizpahiru egunez baizik ez dira etortzen. Zenbait urteren buruan, badaki senideen esku utziko duela etxea. Herentzia honek pozten ditu denak. Gehienek etxea atxiki nahi dute oporretarako, eta sustut familiaren elkarleku gisa mantentzeko nahia adierazten dute. Ustez senideen arteko sinbolo sakratu bat balitz bezala. Arrunt desloturiko familia garela ezkutatuz.

Uda batez hartu beharko genuke erabakia: etxearekin zer egingo dugu ? Saldu edo atxiki. Ez dugu hirugarren biderik proposatuko. Ez dugu etxe kooperatiba bihurtuko Bretainiako gazteen esku uzteko. Ez dugu hango elkarte bati emanen, donazio gisa. Ez dugu instituzio sozial bati eskainiko etxea. Ez. Gure eskuen artean geratuko da, arrotz.

Batzuk haizearen kontra saiatuko dira borrokatzen. Beti. Haizearen kontra borrokatuko dira, eta agian txipa bat aldatzea lortuko dute familiako bat edo biren baitan. Baina helburua ez dute beteko. Agian beste belaunaldikoek dute herentzia ukatuko.

2015. urtean Bretainiako eskualde instituzionalean %13a bigarren etxebizitzaz osatua zen.

Herri jakin batzuetan % 80az hurbiltzen ziren zenbakiak.

Horrez gain, Airbnb fenomenoa gogorki salatzen du bretaindar Dispac'h gazte mugimenduak. Tokiko jendeei aplikazio horren bidez bizilekuak «ebasten» ari direla leporatuz. Gazteak «exiliora» kondenatuak direla diote, ez baitute aski dirurik etxeak erosteko. Gainera, tokiko komertziorik edo animaziorik ez dela egiten urtean zehar. Dena kontzentratzen dela udan, sasoian. Herri hutsak eta leiho hetsiak salatzen dituzte, kontabilitate bortitz bat atxikiz, hemen garai batez egiten zen bezala: zenbakiak etxe zerratuen gainean jarriz.

Mimetismo handia sumatzen da Euskal Herriarekin Bretainiako gazte mugimenduan.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi garenok luzaz ahantzi genuen Bretainia gure errealitatearen ispilu bat izaten ahal zela. Estatu beraren menpe bizi garenok badugu zer ikusirik eta badugu elkarrekin zer egitekorik. Herri askapena, hizkuntza eta kultura, etxebizitzaren arazoa, laborantza eta arrantzari lotutako kezkak amankomunean ditugu. Donostiako erdialdea hiltzen duen Airbnb-k gogora ekartzen digu Bretainiarako bidaia. Batez ere Miarritze edo Getariako etxeen prezioen gorakada. Bai kostaldean baita barnealdean ere ezin alokatuz ibiltzen diren gazte eta zaharrak.

Ar Gilvineg-eko herri portuaren industrializazioak Euskal kostaldeko portuen antza ez badu ere (Europako portu handiena da), beste anitzek gure portuen itxura dute: itsasontzi handiek edo laket itsasontziek, arrantzale ttipien tokia hartzen dute. Aldi berean itsasoari eta lurrari lotua zen herriak bere pentzeen bortxatze etengabea ezagutzen du. Amikuze aldean bezala, han ere arto landa industrial zabalak ikusgai ditugu. Nahiz eta ondorio larriak izendatu lerro horietan, ez garela bakarrik konturatzen gara ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.