ELAk auzitara joko du Aernnovaren enplegu erregulazioa salatzeko

Langileek Lan Ikuskaritzari eskatu diote txostena baliogabetu dezala. Bederatzi greba egun egitera deitu dute 82 langileren kaleratzea salatzeko

Langileek atzo hasi zuten protestaldia. Manifestazioa egin zuten Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU.
Imanol Magro - Aitor Biain
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aernnovako langileek enpresak onarturiko lan erregulazio espedientearen aurka borrokatzen jarraitzeko asmoa dute. Negoziazio epea akordiorik gabe bukatu ondoren, bederatzi greba egun antolatu dituzte urtarrilerako. Atzo izan zuten lehena. Protestaldiak helburu jakin bat du: Lan Ikuskaritzak erregulazioa atzera bota dezala, langile batzordearen iritziz ez baitago horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik. Ikuskaritzaren ebazpena urtarril erdi alderako espero dute, eta, hasiera batean, erabaki horretan zuten itxaropena jarria langileek, auzitara jo edo ez erabaki aurretik. ELAk dagoeneko aurreratu du, ordea, salaketa jarriko duela.

Hegazkinentzako osagaiak ekoizten dituen enpresak abian jarritako erregulazioak bere bideari jarraitzen badio, 55 kaleratze eragingo ditu Berantevillako plantan (Araba). Sindikatu eta enpresen arteko negoziazio epea abenduaren 18an amaitu zen, akordiorik gabe, eta enpresak 82 kaleratze egitea erabaki zuen. Orduan epe bat ireki zuen aurreraturiko erretiro eta ordainduriko kaleratze eskaerak jasotzeko, eta hasierako 82 horietatik 27 langilek onartu zituzten. Beraz, 55 kaleratze dira orain, eta, aldaketarik ezean, otsailaren 1ean hasiko lirateke kaleratze horiek gauzatzen.

Langile batzordearentzat, baina, edozein kaleratze gehiegi da. Negoziazio epe osoan adierazi zuten egun bizitzen ari diren krisia behin-behinekoa dela, «koiunturala», eta aldi baterako neurriak aski direla enpresaren bideragarritasuna bermatzeko. Zuzendaritzak, baina, ez zituen onartu, eta, hain zuzen ere, horregatik erabaki du ELAk auzitara jotzea: «Ez dira enplegu erregulazio espediente baterako arrazoiak ematen, eta enpresak errefusatu dituen hainbat neurri proposatu ditugu. Beraz, egoera iraultzeko borrokan jarraituko dugu, bai epaitegietan, eta baita kalean ere».

Jaurlaritzaren deia

Protestaldiari dagokionez, langile guztiek egin zuten greba lehen egunean, sindikatuek arabera. Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, administrazioaren jarrera gaitzesteko. Izan ere, hilaren 4an ziren elkartzekoak batzordea eta Ekonomia Garapenerako Saila, baina bertan behera utzi zuten bilkura azkenean. Jaurlaritzak batzordeari egotzi zion «jazarpen eta indarkeria ekintza onartezinak» egin izana.

Batzordeak uste du, ordea, beren lanpostuak defendatzeko mobilizazioei uko egitea eskatzea «miserablea» dela, eta administrazioari enpresaren alde egitea leporatu dio. Egoera nahasi horretan, halere, batzordeak jakinarazi du Jaurlaritzaren dei bat jaso dutela bilera egin ahal izateko.

Hurrengo lanuzteak datorren asteko astearte eta ostegunean egingo dituzte; urtarrileko bi azken asteetan, berriz, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dituzte grebak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.