Inaki Galdos
ARKUPEAN

Azkena

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gaztigatu didate hau dela uda aurreko nire azken arkupea. Ezin uka atseden beharrean nagoela, denboraldi batez zirimola honetatik at egoteko eta bide batez atzeratutako hainbat irakurketa eta idazlani berrekiteko. Hala ere, badaukat susmoa gauza garrantzitsuak gertatuko direla Hegoaldeko politikagintzan hurrengo hilabeteetan eta sentituko dudala beharra pasatzen ari den horri buruzko gogoetaren bat egiteko. Bistan da hauteskundeen atarian gaudela (egia esan, noiz ez gaude hauteskundeen atarian?) eta dagoeneko hasiak direla han-hemenkako mugimenduak. Eman diezaiegun gainbegiratua, bada, uda izan arren hurrengo bi hilabeteetan abiadura har dezaketen gaiei.

Andaluziako hauteskundeen ajea uste baino handiagoa izango delakoan nago. PPk han hartu duen olatuari eutsi nahiko dio gurean, eta garbi dago eragina izango duela horrek, nahiz eta ez eurek nahiko luketen neurrian. UPNk NA+ koalizioarekiko hartu beharreko erabakia ez dugu ezagutzen, baina bistan da duela hilabete batzuk baino ahulago dagoela Nuñez Feijooren alderdiarekiko, azken honen gorakadaz gain bere barne zatiketa ere izan duelako. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, jakina da ez direla datorren urtekoak hauteskunderik aproposenak PPrentzat, baina izango duen gorakadak —txikia bada ere— aspaldian haren presiorik sentitu ez duen EAJri sor diezaioke urduri jartzeko arrazoirik, hainbat tokitan bederen. Baita sozialistei ere, portzierto.

Ikustear dago hemengo sozialisten jarrera berria, baina Madrilek erabakiko du estrategia. Bi bide har ditzake Pedro Sanchezen alderdiak, erabat kontrajarriak. Bata, Espainiako Gobernuaren barne kohesioa bermatu eta kanpotik babesa ematen dioten alderdiekiko harreman ona berreskuratzea. Bestea, azken hauteskundeen eta inkesten gainbeheraren errua harreman horiei botatzea eta ondorioz bide nazionalista(goa) jorratzea. Lehenengoari heltzen badio, beste jarrera bat izan beharko dute hemen, nabariak baitira Maria Txibitek Nafarroa Garaian eta Eneko Anduezak EAEn aspaldian hartu dituzten jarrera oldarkorrak bazkideekiko, sarri euskara tarteko. Bigarren bideari heltzeko tentazioa (eta barne presioak) ere izango ditu alderdiak, baina erabat antzua izango litzateke; are gehiago, bere buruaz beste egiteko erabakia.

Abertzaleen arteko lehia izango da, dena den, interesgarriena, batez ere hiru probintzien lurraldean. Baina han-hemenkako hainbat alkatetzaren borroka estu zein interesgarriez gain, ez zaigu iruditzen, momentuz behintzat, aldaketa handiak gauzatuko direnik. Gipuzkoakoa aipatzen da sarri, baina zerrenda bozkatuena norena izango den jakiteari baino gehiago erreparatu beharko litzaioke EAJk eta PSEk 26 batzarkide batzen dituzten jakiteari. Bestalde, egia da erkidego osoan EH Bilduk nondik hazi gehiago duela jelkideek baino: Podemosen gainbehera (eta noraeza) batzuen alde, eta gorago aipatutako PPren (ustezko) igoera besteen kontra. Baina Arnaldo Otegiren koalizioak ere baditu hainbat arrisku kontuan hartu beharrekoak. Ez dakigu zenbateraino, baina Mugimendu Sozialistarekin herriz herri izaten ari diren sestrak (azkena Hernanin) ez dio mesederik egingo. Eta, beste alde batetik, ez da denbora asko falta Eusko Alkartasuneko barne gatazkan nobedadeak iritsi daitezen eta, ondorioz, koalizioa erabakiak hartu beharrean egon dadin, besteak beste zerrendak nola osatu eta auzitegietako epaiekiko nola jokatu.

Uda zirraragarria datorkigu, beraz, garai honetan oso entretenigarria izaten den beste kontu batekin osatua, sarri politikarekin baino gehiago txutxu-mutxuekin zerikusi handiagoa duena: zerrendaburuen izenak, nork jarraituko, nork utziko, aukeraketarako barne prozesuak... Irailean arkupe honetara itzuli aurretik gaurko hau irakurri beharko dut berriz, ea zerbaitetan asmatu dudan edo kontrako eztarritik joango zaidan idatzitako gehiena. Bitartean, uda ona pasa eta ea topo egiten dugun Euskal Herriko txokoren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.