AEBak NBEren Giza Eskubideen Kontseilutik atera ditu Trumpek

Washingtonek salatu du eskubideak urratzen diren herriak «babesten» dituztela eta eskubideak errespetatzen dituztenei «eraso» egiten diela

Nikki Haley AEBen NBErako enbaxadorea, artxiboko irudi batean. EVAN SCHNEIDER / EFE.
ander perez zala
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Unescotik ateratzeko baliatu zuten argudio bera erabiliz, AEB Ameriketako Estatu Batuek NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseilua utzi dute. Hala jakinarazi zuen atzo Nikki Haley AEBen NBErako enbaxadoreak, baina erabakia ez zen albiste izan, hilabeteak baitziren Donald Trump AEBetako presidentea asmo horren berri ematen ari zela. Israeli erreferentzia eginez, Haleyk argudiatu zuen kontseiluak eskubideak urratzen dituzten herriak «babestu», eta eskubideak errespetatzen dituztenei «eraso» egiten diela, eta horregatik hartu dutela erabaki hori. Beraz, AEBak dira erakunde horretatik atera den lehen estatua.

Klima Aldaketaren Parisko Akordioa, lehenik, Irango akordio nuklearra, gero, eta oraingoan NBEren kontseilu hori utzi dute AEBek urte eta erdiko epean. «Aurten, aurreko urteetan bezala, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Israelen aurkako bost ebazpen onartu ditu, Ipar Korearen, Siriaren eta Iranen aurka onartuakoak baino gehiago», deitoratu zuen Haleyk. Horregatik, eskubideekiko «arbuioz» jokatzea egotzi zien AEBen enbaxadoreak kontseiluko kideei.

NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatari Zeid Ra'ad al-Husseinek harridurarik gabe hartu zuen Trumpen azken erabakia, «etsigarria» dela aitortu arren. «Giza eskubideen egungo egoera kontuan izanik, AEBek aurrera egin beharko lituzkete urratsak, eta ez atzera». AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeoren iritziz, ordea, NBE bera da «gehiegikeriak» onartzen dituena, «erantzuleak errugabetuz». Bide horretatik ere, AEBen NBErako enbaxadoreak ohartarazi zuen «aldaketarako deiak» egin zituztela, baina «inork ez zuela entzun».

Egunotan zeresan handia ematen ari da Mexikoren eta AEBen arteko mugan migratzaileen familiak banantzeko Trumpen politikak, eta, hain justu, Al-Husseinek neurri hori kritikatu eta hurrengo egunean eman zuen Haleyk Trumpen erabakiaren berri; goi mandatariaren iritziz, «onartezina» da bereizketa hori egitea, baina AEBen enbaxadoreak ohartarazia zuen Washingtonek ez zuela inoren leziorik onartuko mugak «babesteko» zereginean.

Netanyahu, pozik

Espero bezala, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk pozez hartu du Trumpen erabakia: «Israelek eskerrak ematen dizkie Trumpi, Pompeori eta Haleyri hartutako erabaki horrengatik; kontseiluaren hipokresiaren eta gezurren aurkako erabakia da».

NBEk 2006an sortu zuen kontseilua, eta izendaturiko 47 herrialdek osatzen dute. Urtean hiru aldiz batzartzen dira, eta NBEko estatuetako giza eskubideen egoera aztertzen dute.AEBak atera ostean, Israelek kontseiluko bere aliatu nagusiena galdu du, eta ikusteko dago luzera begira estrategia lagungarria izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.