Inaki Galdos
ARKUPEAN

Zertarako

2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Aitor dezadan Salvador Illa eta PSCren garaipena ez zaidala iruditzen askori bezain distiratsua. Igoera izugarria izan arren, albokoaren hondamendiaren kontura izan da hori, eta independentismoa higatu gabe gainera. Sekulako iraulketa ekarri behar omen zuenak ez du Ines Arrimadasek duela lau urte lortutakoa gainditzea erdietsi eta ez dirudi askorako balioko dionik. Xabi Prietok non eta Bernabeun 3 gol sartu zitueneko hura etorri zait gogora ministro ohiarekin, hala ere Realak 4-3 galdu zuenekoa. Arrakastak baloratzeko orduan kontuan hartu beharrekoak dira gauza hauek. Hori bai, ez da dudarik Pedro Sanchezek Madrilen etekin handiagoa aterako diola igandekoari Katalunian baino, hori onartu beharko.

 

Independentismoaren baitako lehian zegoen (genuen) fokua jarria batez ere herenegun. ERC atera da garaile aulki bat irabazita, nahiz eta bere botoen ehunenekotan ez duen gora egin. Gazia suertatuko zitzaion Juntsi gidaritza galdu izana, baina askok uste baino emaitza hobeak lortu ditu (Tezanos azti-ustekoak 20-27 ematen zizkion hamar egun lehenago). Bistan da PDeCATek bere bide propioa hartu izanak kalte egin diola, baina ez da gauza segurua elkarrekin joan izan balira orain batzen duten kopuru bera batuko zutenik. Bukatzeko, CUPek lortutako emaitza bikaina oso garrantzitsua izango da hurrengo asteetara begira, legealdi osoari begira.

Hori baita orain denon ahotan dagoena: orain zer. ERCk dauka giltza, eta bere zorionerako ez du ate bakarra irekitzen. Puigdemont eta enparauak urduri jartzeko ahalmena behintzat lortu dute eta dagoeneko hasiak dira esaten beste aukera batzuk ere badaudela askok ezinbestekotzat jotzen duten gobernu independentistaz gain. Normala ere bada Junquerasen alderdiak aukera horiek mahaigaineratzea, besteak beste orain arte behintzat JxCat eta CUP elkarrengandik gertuago egon direlako bai Madrilen eta bai Katalunian independentismoak abian jarri beharreko estrategiekiko. Bidaide deserosoak gauzak beste era batera eraman nahi dituen -eramaten ari den- garailearentzat. Beste gai askotan oso bermatuta daukan gehiengoa ez dauka erabat segurua Aragonesek independentismoaren baitan.

Horregatik da zilegi galdetzea orain arte agintean egon direnek berriz gobernua osatzen badute (CUPen partaidetzarekin edo honen kanpoko babesarekin) zertarako egingo duten. Independentista izate hutsa nahikoa arrazoi den gobernu bat osatzeko, ez badute aurretik adosten estrategia bat, bide-orri bat. Iraganean izan zuten eta bere fruituak eman ditu, baina hori amaitu da, bistan da. Paradoxa irudi lekioke edozeini, baina lehen aldiz botoen erdiak baino gehiago lortu dituztenak bidegurutzean daude hauteskundeen biharamunetik bertatik, gurutze-bide bihur daitekeen bidegurutzea, sekulako ajea ekar dezakeena. Juntsek jakin beharko luke orain arte emaitza onak eman dizkion epika birformulatu egin behar duela eta, batez ere, mugimendu difuso samar gisa sortu den alderdia egituratu eta kohesionatu egin beharko duela aurrera begira. Baina orain ur gaineko bitsetan dagoen ERCk ere erakutsi beharko luke baduela beste planik sozialisten jarrera aldaketaren ondorioz negoziazio prozesu seriorik abiatzen ez bada. Azkenik, CUPek ere erabaki beharko du zenbat tenkatu dezakeen soka independentismoaren baitan eztabaidak hasten direnean.

Hemendik ikusita, nahi nuke nik ere independentismoak gobernua osatu eta urrats berriak emango balitu. Baina galdera horri —zertarako— erantzun sinesgarririk eskaini ezean agian hobe dute beste bide batzuk jorratu, independentismoari kalte konponezinak egin aurretik. Katalunian gehiengo independentista dagoela erakusteko bakarrik bada, nahikoa da parlamentuan noizean behin mozio edota adierazpen bat onartzea. Euren esku dago igandeko garaipena Xabi Prietoren Bernabeuko gol haiek bezain antzu ez bihurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.