Lehen posturako bidesaria da

Realak Omoniaren aurka bideratu nahi du ligaxka lidergoan amaitzea; irabazita, eskura izango du

Diego Rico eta Beñat Turrientes, lehenbizikoak aurreko jardunaldian Xeriffi sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Reala motorra mamurraka duela ailegatu da Ziprera, baina makineriari azken estutu bat eman nahi dio hura aleka hartuta gelditu aurretik. Astea joan, astea etorri, txuri-urdinak ari dira partiden martxa akigarria nabaritzen, baina bide onetik segitu nahi dute azaroaren 13ko etenera arte.

Zubietako garajean osatuko da gero, baina, aurrez helburu jakin batzuk ditu lortzeko. Europa ligan argi du egin beharrekoa; behin hurrengo faserako sailkatuta, lehen postuan amaitu nahi du multzoen faseko ligaxka. Amaierara gorengo koskan ailegatzen denak sari potoloa jasoko du: final-hamaseirenak ez ditu jokatu beharko.

Bide horretan, Omonia izango du gaurko aurkari. E multzoko talderik eskasena izan da orain artean, galdu egin baititu jokatu dituen lau partidak. Beren ligan ere eskas ari da, eta entrenatzailea aldatu dute berriki: Yannick Ferrerak hartu du Neil Lennonen tokia. Gaurkoa Nikosian jokatuko dute, ordea, etxetik urrun; Realak sekula ez du partida ofizialik jokatu Zipren. Estreinakoa izango du, eta lehen posturako bidesaria izango da. Irabazten badu, eskura edukiko du. Gaur bertan ere lor dezake, baldin eta Manchester Uniteden emaitza hobetzen badu. Zaila dirudi horrek, deabru gorriek Xeriffen aurka jokatuko baitute. Beraz, Imanol Alguacilen taldeak Nikosian gailentzea du xede bakar. Garesti ordain dezake bestelako emaitza bat.

Teknikari oriotarrak adierazpenak egin zituen atzo, Ziprera ailegatu berritan: «Gogotsu gaude. Bi partida geratzen dira oraindik, eta sei puntu daude jokoan. Gaurkoa ez da erraza izango, eta, gainera, zelaia ez dago oso ondo. Baina aitzakiarik ez dugu nahi: irabaztera etorri gara, eta hori da helburua».

Europa ligako lehen faseak bat egin du Realaren sasoi hasiera onarekin. Donostiarrek irabazi egin dituzte txapelketan jokatutako partida guztiak, baina, halere, txuri-urdinek tentu handiz ekin nahi diote norgehiagokari. «Orain artekoari jarraipena emateko berdin mantendu behar dugu», esan zuen Imanolek, eta horretarako funtsezko jo zuenhiru puntuak zakuratzea gaurko partidan.

Realak galdu egin zuen orain hurrena jokatutako partidan. Ligan izan zen hori, Valladoliden aurka, eta porrotak eten egin zuen zortzi garaipeneko bolada bikaina. «Gainditu dugu larunbatekoa», adierazi zuen Robin Le Normandek. Atzelari bretoiak zehaztu du taldea «dinamika onean» dagoela, eta horri segida ematea dela lehentasuna: «Orain artean partida asko atera ditugu aurrera, agian taldea ohituta dagoelako gisa honetako egutegi estuetara».

Sorloth, ondoezik

Realak partida asko jokatu ditu irailaz geroztik, eta kilometro asko batu ditu han-hemenka. Imanolek errotazioen bidez olioztatu du taldea, eta litekeena da gaur ere antzera egitea. Prestatzaileak 25 lagun eraman ditu Nikosiara, baina litekeena da azkenerako bat gutxiago izatea. Alexander Sorloth ondoezik sentitu zen Ziprerako hegaldian, eta hotelera joan zen zuzenean, entrenatu gabe.

Gainontzean, Imanolek Reala B-ko zenbait jokalari batu ditu deialdira: Aritz Aranbarri, Urko Gonzalez de Zarate, Jonathan Gomez, Jon Karrikaburu, Pablo Marin eta Jon Magunazelaia. Azken hori da berritasun nagusia, eta, partidaren arabera, baliteke minutu batzuez jokatzea.

OMONIA-REALA

Omonia. Fabiano; Psaltis, Miletic, Hector, Kitsos; Pannagiotou, Bachirou, Loizou, Cassama, Diskerud, eta Ansarifard.
Reala. Remiro; Aritz, Pacheco, Le Normand, Rico; Gebara, Merino, Turrientes, Brais; Carlos Fernandez eta Karrikaburu.
Epailea. Tamas Bognar.
Lekua. GSP estadioa.
Ordua. 21:00, DZAN.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.