Inaki Galdos
ARKUPEAN

Prozedura

2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Aspaldion denon ahotan dauden albiste faltsuen eta desinformazioaren aurkako ekintza plana onartu berri du Madrilek, pasa den astean Urtzi Urkizuk egunkari honetan jakinarazi zigun moduan. Legearen ikuspuntutik, Agindu bat da, Espainiako Segurtasun Kontseiluak onetsia eta prozedura gisa aurkeztua. Prozedura bat finkatzea, horra hor hutsala dirudien ekintza, sekulako garrantzi politikoa har dezakeena.

Gaiaren inguruan entzun eta irakurtzen hasi nintzena zela eta, osteguneko Estatuko Aldizkari Ofizialera jo nuen: zortzi orrialdeak saretik jaitsi, inprimatu eta arkatz gorriarekin azpimarratu. Ezin ukatu kezka handia sortu zidala irakurketa hark, baina agian kezka handiagoa hainbat sektore politiko eta mediatikotan izan duen erantzunak. Baita erantzun faltak ere, aitor dezadan egia osoa. Zergatien bila hasi eta oraingoan ere hainbat gaitan aurkitu dudan arrazoi bertsua aurkitu dut, bukaeran botako dudana.

Goitik behera sinatzeko modukoa da hizpide dugun Agindua onartzeko erabili den arrazoibidea. Ondo marrazten du testuingurua: azken urteetan albiste faltsuen gorakada —infodemia hitza aipatzen da— eta horrek eragin ditzakeen kalteen inguruko kezka adierazten da. Baita prozesu demokratikoentzat desinformazioa nolako mehatxua den gaztigatu ere bai. Ingurugiroa eta segurtasuna aipatzen dira estrategia maltzur horien jomuga, baina batez ere osasuna, eta osasunaren baitan, batez ere COVID-19a. Horrekin guztiarekin batera, Europako erakundeen gogoeta, proposamen eta estrategiak hartzen dira abiapuntutzat, nahiz eta horietako batzuk oraindik zehaztu gabe dauden eta Europako estatuak ematen ari diren erantzunak oso ezberdinak izan euren artean. Baina, tira, beti datoz ondo Europako hamalau intxaurrak norbere burua zuritzeko.

Helburuak azaltzeko orduan ere balekoak dira erabiltzen diren aditz gehienak, zaila baita ukatzea gobernuek ere horrelako gauzak egin behar dituztenik begi bistakoa den arazo baten aurrean: identifikatu, proposatu, zehaztu, deskribatu, definitu. Hortik aurrera datoz zalantza eta kezkak, zehazki prozedura honen baitan parte hartuko duten erakunde eta agintari kuadrilla amaiezinaren egitura azaltzen denean, eta, batez ere, (ustezko) desinformazioaren aurkako jarduketa eta ekintzak definitzen diren lau mailen arteko azkenean. Segurtasun Kontseiluak eman beharreko erantzun politikoa aipatzen da bertan, baina ez da argitzen zertan datzan erantzun hori.

Hori da hain zuzen ere Espainiako gobernuaren erabaki honen erpinik kezkagarriena, arriskutsuena ere bai. Isiltzen duena, zehaztu gabe uzten duena. Zirrikituak baino are gehiago, ateak zabal-zabalik COVIDa, Trump, populista maltzurrak, negazionistak eta abarrak ez daudenean ere Estatuko botereek nahi dutena egiteko, badakigu zerbait horri buruz. Horregatik sortzen du egonezina ikusteak, salbuespenak salbuespen, ze modu akritikoan hartu den Espainiako eta Hego Euskal Herriko hainbat sektore politiko eta mediatikotan, gerora begira txikizio demokratikoen iturri izan daitekeen prozedura. Eta horregatik sortu dit kezka gai honen inguruko iritzi sendoagoak entzuteak berez nazkagarriak iruditzen zaizkidan hainbat pertsonari, normalean gertuago sentitu beharko nituzkeen hainbati baino.

Duela hamabost egun arkupe honetan idatzi nuen eskuin muturraren mehatxua sekulako pagotxa izaten ari zela Pedro Sanchezentzat euskal alderdi abertzaleak kate motzean, txintxo antzean edukitzeko. Bada, hona hemen beste adibide bat, baina honako honetan Espainiako ezkerrari ere hedatua. Eskuin muturra, COVIDa… beti daude eta egongo dira mehatxuak presidenteak eskuak libreegi izan ditzan. Iruditzen zait ez direla bateraezinak gaur egun alternatibarik ez duen gobernuari babesa ematea eta aldi berean jarrera kritikoagoak izatea, adibidez gaur hona ekarri dugun Aginduari buruz. Baldin eta kritikagarria dela uste badute, jakina. Bestela, nik neuk daukat arazoa, ni neu nago oraindik umezurtzago, bakarrago, Trumpi Twitterrek egiten dionarekin erabat ados ez nagoela esan nuenean bezala. Barkatu atrebentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.