ARKUPEAN

Plus

Pilar Kaltzada
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Mirenek argazki bat jarri zuen joan den astelehenean, bere urtebetetzean, Instagramen. Ispiluaren aurrean dago eta bere gorputz osoa agerian dago. Izter luze-luzeek argazkiaren zati handi bat hartzen dute eta bularraldea ezkutatu samar geratzen da, bi eskuez heltzen baitio mugikorrari argazkia egiteko unean. Bikiniaren behealdea, ordea, ongi ikusten da, loreduna, txikia. Begiak, baina, ez dira bertara zuzentzen lehen kolpean, askoz deigarriago baita haren irribarrea: Mirenek distira egiten du eta ezpain eta begiek iltzatuta uzten zaituzte. 21 urterekin, harro erakusten du bere gorputz ederra, emakume gorputz oso eta aldarrikatzailea. Miren ez baitzen Miren joan den urtera arte. Mirenek borroka latza egin behar izan baitu Miren izateko, bere buruari aurrena eta gero beste guztiei erakusteko jaio zenenean gurasoek beso artean hartu zuten mutiko txikia ez zela naturaren txantxa txar bat, edo munstro bat, edo akats bat. Mutikotxo hori emakume eder bilakatu zela halako baten. Bide horretan Mirenek bere burua eta bere gorputza maitatzen ikasi du, eta munduari begiratzen dio leiho txikitik irribarre eginez. Nik badakit, ordea, Instagrameko argazkian ageri ez diren barruko zauriek oraindik piku egiten dutela lantzean behin.

Maiatzaren 17an 21 urte bete ditu Mirenek, munduko hainbat herritan Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna egiten den egunean bertan. Berak ez zuen jaioteguna aukeratu, baina zoriak hantxe jarri zuen, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea despatologizatzea eta Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik ateratzea erabaki zuen egunean bertan. 1990. urtean izan zen, Miren jaio zen urte eta egunean, hain zuzen.

Bere burua aldarrikatzeko modua izan da lehen aldiz bikinia jantzita agertzea. Mirenek badu zer ospatua, baina badaki munduko herri askotan egun zeharo arrunta dela, urteko gainerako egun guztiak bezain latza milaka lagunentzat, LGBTI pertsonek jasaten dituzten eskubideen urraketak salatzea bera delitua delako.

Miren transexuala da, eta ohituta dago lesbiana, gay, bisexual, intersexual, transgenero edo intergenero diren pertsonekin akronimo bat partekatzera, borroka berean bidaide direnak ordezkatzen duen izendapen orokor horretan eta baita askotariko koloreak dituzten askotariko banderetan ere. Azken urteetan, plus ikurra (+) gehitu zaio LGTBI siglari adierazteko eredu heterosexualarekin eta zisgeneroarekin bat ez datozen pertsonak bertan sartzen direla, bakoitza bere mundu txiki edo handiarekin. Plus horrek aniztasun mugagabea aldarrikatzen du, giza-sexualitatea bospasei etiketatan jasotzeko ahalegin antzua salatzen duen bitartean. Miren ohituta dago LGTBI+ akronimora, baina ongi daki hori bera etiketa ere badela, sailkapen-modu bat, eta horrek deseroso sentiarazten du batzuetan.

LGTBI+ hori arauetan kabitzen ez den aberastasun eta aniztasuna nola edo hala izendatzeko asmatutako zerbait da. Siglarekin sinplifikatu egiten dugu eta manejatzeko modukoa iruditzen zaigu. Fikzio bat da sigla hori, LGTBI+ pertsonarik ez baitago, askotariko pertsonak baizik. Araua ez den beste guztia hitz bakar baten sartzen da? Nekez. Miren deseroso dago, baina ulertzen du oraindik beharrezkoa zaigula etiketa fiktizio hori, desberdinak izanik ere, borroka eta bazterkeria berberean bidaide direlako. Gainera, plus ikurra itxaropenaz begiratzen du Mirenek: ispiluari eta kamerari begiratzen dienean berak erakusten duen indar horretan, halako baten, jende gehiagok bat egingo duela iradokitzen duen sinboloa ere bada. Zorionak, Miren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.