Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Nerbio-gaixotasuna

2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Batzuetan itsasaldiek gure kostetara ezpalak eta enbor zatiak ekartzen dituzten moduan, noizbehinka gure plaza birtual eta fisikoetan, solasaldi batzuen presentzia areagotzen da. Pandemiaren osteko errealitatean, osasun mentalaren gaiak utzi duen ubera non-nahi sentitu, entzun eta irakurri dezakegu ziur aski, izan beharko lukeen normalizazio batera eraman nahi horretan.

Beharrezkoa eta saihetsezina behar luke, denon artean osatzen dugun gizarte honetan, adimen emozionala eta soziala lantzea ikastetxe zein lantokietan. Etxeko zoko guztietan eta elkarte gastronomikoetan. Kaleetan zein mendian. Identifikaziorik gabe, izan ere, ez dagoelako ezagutza eta kontzientzia posiblerik, eta are gutxiago irtenbiderik.

Baina gaur ez nator hain agerikoa den zerbaiten inguruan eztenkada berde bat sartzera, ez, sakonago eta haratago begiratu nahiko nuke. Eztabaida serioa egin nahi badugu, inork begiratu nahi ez duen tokietan piztu beharko dugu argia. Erroetara iristeko bide horretan lokazteko hautua egin beharko dugu. Hau da, sistema kapitalistak berak sortzen duen indarkeriaz hitz egin beharko dugu. Patriarkatuaz.

Ez zaitu sorpresaz harrapatu, ez horixe, baina gutxitan jartzen dugu patriarkatua buruko gaixotasunen arrazoi nagusietako bat bezala. Bizitzen ari garen giza eskubide urraketen normalkuntzak hori dakar, hainbeste basakeriaren artean azkenean erreakzionatzeko gaitasuna galtzen hasi garela. Horixe bera pasatzen da, besteak beste, emakumeen kontrako indarkeriarekin, anitza eta etengabea dela, fisikoa, sexuala, sinbolikoa, ekonomikoa, psikologikoa... Eta zer eragin du honek guztiak gure buruko osasunean? Fedeasek, buruko gaixotasuna duten pertsona eta senideen elkarteen Euskadiko federazioak 2019an egindako ikerketa baten arabera, buru osasun arazoak dituzten emakumeen %80k genero indarkeria pairatu dute. Horien %40k biolentzia sexuala jasan dute; eta %40k ere ez dute indarkeria identifikatzen. Gainera, pertsona horien erreferentziazko profesionalen %50ek ez dute gertatutakoaren berri izaten.

Zenbaki hauek eta milaka esperientziak justifikatzen dute emakumeen kontrako indarkeria osasun publikoko kontua izatea. Ideologiek akabatzen dutela badakigu, eta matxismoak horretatik asko daki.

Eraso latzenetatik hasita egunerokoetara, arrakala ekonomikoa, zure hitzaren gutxiespena, objetibizazioa... hainbeste dira eta hain ez ikusiarena egiten diegu ahobero izendatu ez gaitzaten, non geure burua eta gorputza antsietatearekin, depresioarekin, estresarekin erantzuten duen garrasi isil bat bilakatzen dugun.

Zenbat antidepresibo indarkeria matxistak eragiten duen barruko desintegrazioa estaltzeko. Zenbat gaixotasun psikosomatiko. Zenbat insomnio. Zenbat Valium, Lexatin eta Prozak. Zenbat min eta bakardade. Zenbat ezjakintasun eta erantzukizun falta. Zenbat diren, garen, eta ze ikusezinak, era berean.

Badago honen kontrako errezetarik, genero-ikuspegiaren lanketa toki publiko zein pribatuetan. Osasun sarean eta oinarrizko arretan. Gizarte zerbitzuetan eta hezkuntzan. Detekzioa behar bezala egiteko profesionalak trebatu eta behar den adina diru jarriz.

Gure amonei egiten zieten diagnostikotik —nerbio-gaixotasuna, non anfetaminak hartzeko agintzen zieten— aldentzen ari garela uste dugu, baina indarkeria eta gaixotasun mentalak bereizten ditugun bakoitzeko, burugabeko sistema honen gaitza kutsakorragoa egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.