Italiako Giroa

Ihesean argi eta atzean geldi

Koen Bouwman bigarrenez gailendu da Giroan, eta oilarrek ez dute ia imintziorik ere egin

Ihesean argi eta atzean geldi.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hiru guztien gainetik. Eta hirurak elkarri ihes egin ezinik. Gidoi hori izan du orain arte Italiako Giroak, eta atzo ez zen bestela izan, Marano Lagunare eta Castelmonteko santutegia lotu zituen 19. etapan. Mendiko azken-aurreko saioa izanagatik, apenas mugitu ziren Richard Carapaz (Ineos), Jai Hindley (Bora) eta Mikel Landa (Bahrain). Eman baino, nahiago izan zuten indarrak gorde. Oso bukaerarako utzi zituzten erasoak, eta batera helmugaratu ziren berriz ere. Elkarren artean kateatuta daudela dirudi. Carapazentzat mesede: beste egun batez eutsi zion maglia arrosari. Koen Bouwman (Jumbo Visma), berriz, aske, loturarik gabe dabil, tropeletik ihesi. Etekin handia atera zion atzoko jardunari: bigarren etapa irabazi, eta oso puntu baliotsuak bildu zituen mendiko sailkapenerako. Ezbeharrik ezean, berea du maglia urdina.

Giro honetan bederatzigarrenez, alde egindako ziklista bat iritsi zen azkarren helmugara. Eta ez hori bakarrik: aste honetako etapa guztiak ihesean erabaki dira. Atzo, Bouwman izan zen indartsuena hamabi lagunek osaturiko multzoan. Erabateko baimena eman zieten bidea egiteko. 11 minuturen aldea ere izan zuten. Ineosek muzin egin zion aginte makilari; are gehiago, Richie Porte bizikletatik jaitsi eta erretiratu ondotik. Babesle nagusietako bat galdu zuen Carapazek. Egoera horretan, Bora taldeak jarri behar izan zuen lanean, ia behartuta. Interesa izan zezakeen ihesaldia harrapatzeko, helmugako gainsariak gogoan, baina ez: trostan eraman zuen multzo nagusia.

Txirrindulariak Eslovenian sartu ziren. Kolovrat igo zuten han, helmugarako 50 kilometroren faltan. Min handia egiteko moduko mendatea zen, baina onenek ez zuten zirkinik ere egin. Ihesaldia, berriz, aletuz joan zen, eta lau ziklista iritsi ziren gailurrera: Bouwman bera, Mauro Schmid (Quick), Attila Valter (Groupama) eta Alessandro Tonelli (Bardiani). Jaitsieran, Andrea Vendrame (Ag2r) batu zitzaien.

Bukaeran erabaki zen dena, Castelmonteko santutegiko igoeran. Aurrekoak azken hiru kilometroetan hasi ziren erasoka. Bouwman, Schmid eta Valter ziren ahaltsuenak maldan gora, baina Tonellik eta Vendramek eutsi egin zieten. Bihurgune txarra zegoen azken zuzengunearen aurretik, eta Bouwman sartu zen aurrena, arriskua hartuta. Bidea itxi zion Schmidi, eta balazta sakatu behar izan zuen. Esprinta guztiz baldintzatu zuen horrek. Vendrame jokoz kanpo gelditu zen. Epaileek herbeheretarrari eman zioten garaipena.

Hautagaiak ia lau minutu geroago iritsi ziren. Carapazek piztu zuen sua haien artean, eta Hindley eta Landa saiatu ziren geroago. Alferrik izan zen, ordea, eta sailkapenean ez zen aldaketarik izan: Carapaz da lider oraindik, eta hiru segundoren aldea du Hindleyrekin. Landa hirugarren dago, 1.05era, eta Pello Bilbao (Bahrain) bi koska beherago ageri da, 6.22ra.

Gaur, Pordoi eta Marmolada

Baliteke gaurko etapak lurrikarak eragitea, San Pellegrino, Pordoi (Coppi gaina) eta Marmolada kateatuko baitituzte. Mendiko azken etapa izango da, igandeko erlojupekoaren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.