Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Zapart

2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Kamilak ostegunean mezu bat bidali zidan. E-mail labur bat:Ā«Ezin dut jarraitu. Astelehenean aurkeztu behar dudan lana ezingo dut bukatu. Barkatu. Ez naiz gai kalitatezko editorial bat ekoizteko heldu den asterako. Barkamenak. AdeitasunezĀ».

Mezuari erantzun eta administrazioari deitu nion berehala. Zorionez, eskolatzeaz arduratzen den emaztea psikologoa zen. Kasualitatea. Hark ere segituan deitu zion ikasleari berriak galdegiteko, eta berriz deitu ninduen eskertzeko, kontaktuan sartu zela neskarekin eta zainduko zuela. Telefono deien harat-honatak horretan bukatu ziren.

Negarrez. Negarrez hipaka erantzun zion Kamilak eskolatze arduradunari. Ezin zuela gehiago, ez zela gai eskolan segitzeko, konkurtsoak zailegiak zirela eta estres gehiegi eragiten ziotela. Lehenago ez zuen sekula halakorik bizi izan, bere ahizparekin bizi zela eta arrats guziz elkar ikusten zutela. Itxialdiak, beraz, ez zuen bakartasunean utzi. Aldiz, ikasgaien metaketak, irakasleekin harremanen murrizketak eta lan egiteko bakartasun horrek, bai, hainbat zatitan puskatu zuten.

Zenbat? Zenbat ikasle hautsiko ditugu aurten? Nahiz eta neurri sanitarioek unibertsitateetako sarbidea debekatu, eskakizunak ber-berak dira. Gainera, konkurtso edota azterketen moldeak aldakorrak dira. Etengabeko egokitzapena galdegiten zaie ikasleei. Ikasgaiaren helburuak eta moldeak, irakasle eta ikaslearen arteko printzipiozko hitzarmenaren parte direlarik.

Irakaskuntzaren oinarri horrek, beraz, ez du gehiago lekurik gaurko munduan. Alde batetik, ezohiko baldintzak direla eta, irakasleek ezin dute urte hastapeneko hitzarmen hori errespetatu. Horiek ere ez dute urte osorako aurreikuspenik ukaiten ahal. Ondorioz, azterketa batzuk ezeztatzen dira, beste batzuk mantentzen direlarik formatua eta datak aldatuz. Bestalde, ikasleek ezin dute plangintzarik egin; ez gai ezberdinen eskakizunak neurtu, ez eta ere haien lan zama egokitu.

Ez, ikasle guziek ez dute den-dena ikasten. Nehork ez die sekula erraten, baina irakasleok kontziente gara ez dela posible. Aitortzen zaielarik lasaitzen dira. Kalkuluak egiten dira eta estrategiak plantan ezartzen. Hala da. Orduan, nola egin plangintzarik gabe? Ez da egiten. Zapart egiten da.

Bistan dena, ez da ikasle guzien kasua. Joan den gauean, konparazione, gela bereko ikasle batek hogei lerroko mezu elektroniko bat bidali zidan lan gehiago ukaiteko. Laster izanen duela konkurtsoa eta ahal bezain ongi nahi duela prestatu. Horregatik, astero idazlan bat bidaliko didala zuzentzeko. Noski, baietz erantzun nion, niri dagokidan lana delako eta ikasle bakoitzak eskatzen duen egokitzapena betetzeko; baina zein da jarrera egokia?

Hankaz gora doan hezkuntza sistemarentzat egunero lan egiteak galdera etikoak ekartzen ditu. Galdera trenkaezinak dira eta disonantziak eragiten ditu. Sistema horrek dituen inkoherentziak eta errangabeak izugarrizkoak dira. Eta hau, ez da egungoa, edo ez dio itxialdiak eragin. Hain zuzen, itxialdiak errangabe horien garrantzia erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.