elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Berrikuntzak kulpa?

2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
A zer inbidia sentitu nuen martxoaren hasieran, irratikoiragarkietan entzun nuenean Bizkaiko Diputazioak errenta aitorpena etxera bidaliko ziela bizkaitar zergadunei. Errenta aitorpena urteko tramiterik gogaikarriena gertatzen zait. Ikasle garaian unibertsitatean matrikula egitea bezala; azterketek baino energia gehiago eskatzen zidan matrikulak, beti paperen bat falta... Onartzen dut ez naizela bereziki iaioa leihatiletan egin behar diren izapideetarako.

Aurten 110 minutu —ia bi ordu— eraman dizkit errenta aitorpenaren trantzeak. 25 minutu kalegorrian zain, hamabosten bat lagunek osatzen genuen ilaran; eskerrak euririk ez zuela ari. Ogasunaren bulegora sartu eta beste ordu laurden bat zain, sabaiko panelak txanda eman arte; leihatila aurrean jarri eta estropezua: aitorpena egin behar zidan langilea tematu zen aurreko urteetako diru-sarrera bat ez zelako agertzen 2020ko datuetan; nire esplikazioak ez zuen konbentzitu eta barruko bulegoren batera joan zen Sherlock-ena egitera. BERRIA ia osorik irakurtzeko astia eman zidan. Hogeiren bat minutura itzuli zen Ogasuneko teknikaria nik esandakoa egia zela konprobatuta. Halako batean sinatu ahal izan nuen Aldundiari X euro ordaintzea agintzen zidan dokumentua. Urtebeterako bakea!

Nolanahi ere, bizkaitarrekiko inbidiak ez zidan asko iraun. Errentaren kanpaina ireki eta lehen egunean, apirilaren 6an, topatu zuten hango lagun batzuek Ogasunak egindako proposamena, eta halako zartakoa hartu zuten, gau hartan ezin izan zuten begirik bildu. Ekin zioten biharamunean gauzak argitu eta zuzentzeari... hilabete luzea daramate ahalegin horretan. Sistemak —akats teknikoak direla-eta— sartutako datuak ez zizkien gordetzen eta frogagiriak txertatzea ez zien onartzen. Sisiforen pare, orduak eta orduak galdu dituzte eginahal inposiblean. Azkenean, hainbat dei egin ondoren, arreta-telefonoko teknikarietako batek emandako jarraibideei esker, badirudi helmugara iritsiko direla.

Bizkaiko Ogasunaren sistema berri-berritzaileak martxan jartzerako piztu zituen lehen kritikak. Hasteko, arrakala digital eta teknologikoa kontuan hartu ez izana. OCUren Bilboko bulegoko bozeramaile Kepa Loizagak eredu berriak adindu askori eragiten dien kaltea azpimarratzen zuen: «Orain ezin dute bankuan egin [aitorpena]. Norbaitek laguntzea nahi badute, aholkularitza batera joan behar dute, eta ordaindu, noski. Bankuan egitea doakoa izan da beti». (Bizkaiko Hitza, 2021-04-02). Handik aste batzuetara, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak jakinarazi zuen kexa ugari ari zitzaiela iristen errenta aitorpenaren kontura; hortik abiatuta, klabe erabakigarri bat ematen zuten pentsiodunek, salatuz: «Agente pribatuen mesedetan eta Ogasun Sailaren kaltetan» zerbitzuak pribatizatzea. (eitb.eus, 2021-04-23). «Kanpaina kaotiko»-ari lotuta Bizkaiko Diputazioak sortutako enpresa bi —Zugaztel eta Lantik— aipatzen zituen Agustin Goikoetxeak Gara-n (2021-05-09), bigarren horretako kudeatzailea —Urko Goitia— postutik kendu egin dutela azalduz.

30.000 errenta aitorpen berregin eta zuzenduko dituela agindu du Bizkaiko Diputazioak. Behin baino gehiagotan eskatu du barkamena Jose M. Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak; Unai Rementeria ahaldun nagusia ere desenkusatu da eragindako «buruhausteengatik»; baina bat erantsita, ordea: «hobetzeak eta berritzeak batzuetan arrisku horiek» ekartzen omen dituztela aipatuz. Dimisiorik eta kargu-uzterik batere ez, orain arte behintzat, arduradun politikoen artean. Behin berriro ere, Zakilixuten hizkeran, agintariak hagintari. Bitartean, esperpentoa borobiltzeko, Berria eta erraza, Bizkaia egiten kanpainaren iragarkiak emititzen jarraitzen du Euskadi Irratiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.